Espero zituzten arerioak

Laboral Kutxak Kanaria Handia izango du aurkari ACBko lehen kanporaketan, eta Uxuek, Bartzelona

Espero zituzten arerioak.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Laboral Kutxak eta Uxue Bilbo Basketek ligako azken jardunaldiaren aurretik espero zituzten aurkariak izango dituzte ACBko final-laurdenetan. Gasteizko taldeak Kanaria Handiaren pista zailari bisita egin beharko dio, eta Bilbo Basketek bere onena eman beharko du Bartzelona kanporatzeko. Biek ala biek etzi hasiko dute hiru partidako kanporaketa, eta igandean jokatuko dituzte bigarren partidak. Beharrezkoak balira, gaur zortzi jokatuko lirateke hirugarrenak, Gasteizen eta Bartzelonan. Bi irabazleek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan.

Uxue Bilbo Basket bosgarren izateko itxaropenarekin iritsi zen Obradoiroren aurkako partidara, baina 79-73 galdu zuen, eta CAI Zaragozak ez zuen kale egin. Seigarren izatea logikoena zen, eta jakina zen postu horretan geldituz gero aurkaria Bartzelona izango zela. Kanporaketa Bartzelonan hasiko da, etzi (20:45), eta Bilbon jokatuko da bigarren partida, eguerdian (12:00). Hirugarrena berriz ere gauean jokatuko litzateke (20:45).

Bilbo Basketek eta Bartzelonak kanporaketetan topo egiten duten hirugarren aldia da. 2007-08ko final-laurdenetan 2-0 irabazi zuen Kataluniako taldeak, eta 2010-11ko finalean, 3-0. Bartzelonan, halere, jokalari batzuek ez dute jokatuko: Mickeal eta Jawai, eta Navarrok, Sadak eta Wallacek min txikiak dituzte. Horri guztiari aurre egiteko, Mavrokefalidis pibot gogorra fitxatu du (2,07 m). Ligan jokaturiko bi partidetan talde bakoitzak etxean irabazi zuen, Bartzelonak, luzapenean.

Bilbo Basketi denboraldia luze egiten ari zaio, eta jokalari zein teknikariak leher eginda iritsi dira unerik garrantzitsuenera. Fotis Katsikarisek herenegun «neke mentala» aipatu zuen, besteak beste, «arazo ekonomikoek» eragindakoak. Roger Grimauk ere onartu du «nekatuta» daudela. Gainera, Vasileiadis min hartuta dago, eta Rakovicek taldea utzi du. Ez dirudi egoera onena denik kanporaketa bati aurre egiteko.

Defentsarik onena

Laboral Kutxak ere etzi ekingo dio Kanaria Handiaren aurkako kanporaketari (20:15), eta bigarren partida igandean jokatuko du (13:00). Gasteizko taldeak ez du aurkari samurra izango, sailkapenean zazpigarren bukatu badu ere puntu gutxien jaso duen taldea delako Kanaria Handia. Aurretik bi aldiz jokatu dute elkarren aurka kanporaketetan (2004-05 eta 2010-11) eta bietan Baskoniak egin zuen aurrera, guztira jokaturiko sei partidetatik bost irabazita. Sasoi honetan ere bi aldiz jokatu dute, eta biak Baskoniak irabazi zituen. Laboral Kutxan, halere, arazoa ez da iragana, taldearen egungo sasoia baizik. Ligako azken hiru partidetan ez zuen deus ere jokoan, eta jarrera kaskarra erakutsi du. Bi galdu ditu, eta ia 95 puntu hartu. Kanaria Handian, berriz, bi jokalari ez dira arituko: Jon Scheyer antolatzailea eta Xavi Rey pibota.

Bestalde, Lagun Arok ACBko azken partida galdu zuen herenegun Real Madrilen pistan (100-67). Asteak dira taldeak maila galdu zuela, eta orain bulegoetan du arreta jarria zuzendaritzak. LEB ligatik igotako taldeek ekainaren 15era arte dute ACB ligan aritzeko beharrezkoak diren gutxieneko baldintzak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.