Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Pedreña

Hutsetik hasi behar izan du

Pedreñan, sekulako iraultza egon da iaztik, bederatzi arraunlarik bakarrik segitzen dutelako taldean, eta egitasmo berria da hau

Garai bateko iragarpen handiak bazterrean utzi dituzte, eta helburu apalak barneratu
Pedreña, iaz, Zierbenako Petronor banderan, ziabogako lanean.
Pedreña, iaz, Zierbenako Petronor banderan, ziabogako lanean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2013ko ekainak 14
Ohikoa izaten zen egungo egoera aurreko urteetan eta garai honetan: Pedreñakoen adierazpenetan, helburu handiak beti ahotan. Banderen lehia, liga irabaztea, Kontxan handiren bat egitea... Esan horien ondoren, irail aldera, ohikoa bilakatu zen aurreikuspenak bete ez zituztela ikustea ere. Errealitate horrekin, joan zen urtean hasi ziren hitz jarioaren mamia aldatzen. Otsoa ardiz jantzi zen, eta arrazoiarekin, gainera: bukaera arte ez zuen bermatu beste denboraldi batez San Miguel ligan jarraitzeko aukera.

Eta aurten ere apal datoz Pedreñakoak. Zer erremedio! Izan ere, egitasmo berri bati ekin behar izan diote klubean. Kantabrian gertatzen ari denari ez dio ihes egin klubak, eta Castro eta Astillero bezala, larri dabil diru kontuetan. Horren ondorioz, ezin, bada, aurreko urteetako fitxaketak eta halakoak egin. Diru eskasiak etxe barrura begiratzea ekartzen du, eta beste gauza bat ere gertatzen da: diruaren bueltan inguratu direnek ospa egitea. Horixe gertatu zaio Pedreñari, eta iazko taldetik oso arraunlari gutxi geratzen dira traineruan: bederatzi bakarrik.

Zerbaiti eutsi beharra zeukaten, eta udazkenean oso urrutira jo gabe hasi ziren arraunlariak biltzen. Hamahiru berri inguratu dituzte, eta osatu dute taldea. Entrenatzailea ere berria da: Alejandro Mantilla. Klubeko arraunlari izana, etxeko kirolaria. Krisi hotsen erdian, etxean aurkitu behar izan du babesa Pedreñak, eta ikusi egin beharko da non ibiltzen den ligan.

Egitasmoa erabat berria dela ikusita, hasieran mailari eusteko borrokan jarri beharko da Pedreña iragarpenetan. Kale egiteko arrisku handirik gabeko iritzia ematen du. Kluba ere oso garden mintzatzen ari da. Hemen azpian daude jasota Mantilla entrenatzailearen hitzak: «Bi ontzi atzean uztea da helburua». Kantabrian aritu da lehian orain arte Pedreña, eta ligako beste bi ontzien alboan, erdian kokatu izan da: Astillero aurretik eta Castro atzetik. Castro gainditzeko gai bada, beste aurkariren bat utzi beharko du atzean ligan, denboraldi amaieran jaitsierako kanporaketa ez jokatzeko.

Gainerako taldeekin ez da lehiatu, eta ezin esan zehatz zein mailatan dagoen. Helburua gauzatzeko, eta lasaitasuna kezka ez bilakatzeko, garrantzitsua izango da ondo hastea. Jakina baita Pedreñan ez direla oso trebeak burua hotz edukitzen. Hasieratik gauzak okertzen badira, estu ibiliko dira. Oinarri sendo samarra daukate jarrita, behintzat, gauzak okertzen bazaizkie: oso argi dute behean ibiltzeko taldea direla. Zenbat aldatzen diren gauzak oso tarte txikian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna