Bizitakoaz ikasten

Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak ez dituzte ahaztu ligaxkan Irujo eta Zabaletaren aurka galduriko bi partidak

Irujo eta Zabaleta pilotak eskuan hartuta; atzean, zain, Zabala eta Olaizola II.a. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Irujok eta Zabaletak apustuak alde izango dituzte larunbatean. 100-60ekoa ez dute urrun izango, Interneten ere anteko momioak dabiltza, eta hori, aurkarien artean Olaizola II.a dagoela kontuan hartuta, berritasuna da. Baina Goizuetakoak ulertzen du, normal hartzen du berarentzat ezohiko dena. Are gehiago, badirudi, behingoagatik, gustura hartzen duela apustuzaleen ustea aurka izatea. «Gu baino hobeak izan direla erakutsi dute ligaxkan —Aspekoek bi partidak irabazi zituzten (22-16 eta 22-11)—, oraingoan, dena den, gauzak ezberdin joatea espero dugu».

Bi bikoteek atzo aukeratu zituzten pilotak, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Arazorik ez, eta lau pilotariak gelditu ziren gustura. Zorionez, txapelketak patxada pixka bat behar zuelako azken asteetako tentsioaren ondoren. Pilotek bainoago, aurretik gertaturikoek eman zuten zeresana. Zabalak, esaterako, ez ditu ahaztu. «Eurek ez dute taktika aldatuko, eta nik badakit lana izango dudala. Aurreko bi partidetan irabazten hasi ginen, eta aurrenekoan, tira, eutsi nion; baina bigarrenean ez nintzen aritu dakidan bezala, eta nahiko erraz irabazi ziguten».

Olaizolak badaki bere kidea kargatuko duela, eta hori eragozten saiatuko da, lan erraza ez dela izango jakin arren. «Bosgarren koadrotik airez sartu behar baldin banaiz, ezin dut miraririk egin». Asmoaren zailtasuna deskribatu du, baita zergatia azaldu ere: Zabaleta. «Gehien nabarmentzen ari den atzelaria da, eta Irujo ondo baliatzen ari da».

Aurkarien sasoia eta aurreko emaitzak aurka izan arren, Olaizola eta Zabala konfiantzaz daude. Azken asteetan biek sumatu dute bikote moduan asko egin dutela gora. «Ondo ikusten dugu geure burua, ligaxkaren erdi aldetik aurrera partida onak jokatu ditugu, eta bizi-bizi gaude. Ni gustura nago egindakoarekin, baina kontuan izan behar da Aimarrekin nagoela eta egungo pilotaririk onena dela». Olaizolak ere sumatu du hobera egin dutela konfiantzari esker. «Bilakaera izan da. Hasieran errua nirea zen: partida batzuetan hasieratik sartzen nintzen airez eta hamabosgarren tantorako leher eginda nengoen. Harrezkeroztik, apurka konfiantza hartu dugu, eta hori nabaritu egiten da». Emaitzek arrazoia ematen diete. Ligaxkako lehen itzulian, hiru partida galdu zituzten; bigarrenean, aldiz, bakarra, Irujo eta Zabaletaren kontrakoa hain zuzen.

Irujo, zuhur

Aspekoak dira faborito, baina ez dira fio. «Txapelketa berri bat hasten da. Aurrekoak jada ez du balio». Irujok mantra hori du buruan iltzatuta, eta euren aurkariekin bat dator Olaizola II.a eta Zabalaren bilakaera goratzean. «Asko egin dute hobera. Finalerdietan ez zirela sartu behar zioten, eta begira gero, partida bat baino gehiago izan dute sobera. Zabala pilota asko kentzen ari da. Baina tira, guk ere asko hobetu dugu, batez ere txapelketaren aurretik gutxi jokatu nuelako Zabaletarekin».

Irujok eta Zabaletak lehen postuan bukatu zuten ligaxka. Txapelketako azken lau asteak sobera izan dituzte, eta lan fisiko gogorragoa egiteko baliatu dituzte. Iberoko aurrelariak, baina, bere zenbakiak egin ditu eta aurkitu du gehiegizko konfiantzan ez erortzekoargudioa. «Ligaxkako emaitzak errepikatzen badira, ez gara finalean sartuko. Bi partida galdu genituen Bengoetxea-Beroizen aurka, eta bat Berasaluze-Albisurekin».

Sarrera salmentari dagokionez, erritmo onean doa, baina zaila dirudi Ogeta goraino betetzea. Aste Santuko larunbata agian ez da egunik onena horrelako jaialdi bat Gasteizen antolatzeko. Asteburuko partidetarako bigarren pilota aukeraketa gaur egingo dute, Eibarko Astelena pilotalekuan (11:30). Berasaluze II.a-Albisu eta Bengoetxea VI.a-Beroiz elkartuko dira katedralean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.