Mailukaden oihartzuna

Poesiaren eta egungo errealitatearen arteko harremana izango da uztailaren 19tik 21era egingo dituzte Eako Poesia Egunen ardatzaHamargarren jaialdia izango da aurtengoa, eta okasiorako sortutako bi lan izango dira

Eako Poesia Egunak jaialdiaren antolatzaileak atzo Bilbon, jardunaldiaren 10. urteurrenaren egitaraua aurkezten. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Hitzak kolpatu egin dezakeela, eta mailua badela ferekarako gai. Argi azaldu zuen hori Gabriel Arestik poesia mailu bat zela esan zuenean. 1964an jaurti zuen irudia lehenengoz, eta bueltaka aritu da geroztik euskal letretan, goroldio handirik pilatzeko aukerarik gabe. Eta bizi dago oraindik ere eztabaida; zahar bezain berri. Zer ahalmen du poesiak errealitatea eraldatzeko? Zer paper joka dezake egungo egoera ekonomiko eta sozialaren aurrean? Handia da galdera, baina handia da okasioa ere. Hamar urte beteko dituzte aurten Eako Poesia Egunek, eta hori da uztailaren 19tik 21era iraungo duen jaialdirako antolatzaileek ardatz gisa hautatu duten gaia. Arestiren mailuarena. Haren kolpe eta ferekarena.

«Ezinbestekoa zen». Asun Landa Herrijeri Emon Arnasa (HEA) elkarteko kidearen hitzetan, argi izan zuten hasieratik aurtengo ideia nagusia. Egoera ekonomiko eta sozialak bultzatu ditu horretara, eta Arestiren bertso lerro bat hautatu dute horregatik, aurtengo lelo gisa: «Ikusgarria da hemen bidegabea». Ezinbestekoa zen hori ere. Ean eman zituen poetak bere azken urteak, eta etengabeko aipamen izan du beti idazleak Poesiaren Egunetan. Lehen urtetik, hamargarrenera.

Arestiren hitzekin abiatuko da dena, gainera. Arestik 1967an Hernanin irakurritako Euskararen izen poetikoak testuarekin, zehazki. Lan horren irakurketa dramatizatua egingo du Patxo Telleria aktoreak lehen egunean, eta horrekin hasiko da festa. Ardatz gisa hautatutako gaia sakona izan arren, poesia ospatzea baita sakonean antolatzaileen asmoa. Eta poesia errezitaldiak, hitzaldiak, musika emanaldiak, irakurketak eta ibilbide literario bat ere antolatu dituzte horretarako. Ferekak. Eta herri osoa baliatuko dute saio horietan: itsasertza, bolatoki izandako eraikina, eskolapea, erreka ingurua...

Urteko poesia ekoizpenaren ispilu ere bilakatu nahi dute asteburua antolatzaileek. Eta azkenaldian liburu bat argitaratu duten hainbat poeta hautatu dituzte aurtengo jaialdirako. Rikardo Arregi eta Hedoi Etxartek errezitaldia egingo dute larunbatean, esaterako, eta Fabiana Boer izango dute ondoan, Donostian bizi den poeta argentinarra. Hura da aurtengo gonbidatu berezia, eta, irakurketaz gainera, hitzaldia ere egingo du. Mailuarena izango du mintzagai. Kolpea: Artea gizartea aldatzeko tresna gisa: sormena eta talde-indarra. Castillo Suarezek aurten kaleratutako Urtebetetze festa liburuan oinarritutako irakurketa egingo du, eta baita Oier Guillanek ere Elkartasun Basatia laneko olerkiekin.

Herritar xumeen zapatak

Baina izango da Earako propio sorturiko emanaldirik ere. Espresuki jaialdirako sortu du, adibidez, Mikel Antza idazleak Sumak kawsay izeneko testua, eta Mikel Martinezek eta Iñaki Ziarrustak irakurriko dituzte idazleak Fresnes-eko presondegitik bidalitako hitzak. Kitxuaz «ongi bizi» esan nahi du sumak kawsay esaldiak, eta arriskatu eta berritzeko deia egiten du sortzaileak bere lanean. Paperean ere argitaratuko dute idazkia antolatzaileek, jaialdirako sortutako testuak biltzen dituen Zaldiarri izeneko sailean.

Baina bada propio jaialdirako sortutako beste ikuskizun bat. Izan ere, mailuaren hotsarena ez da soilik Arestiri egindako aipamena. Urtea pasatu dute HEA elkarteko kideek udalaren laguntzaz, XVIII. mendeko burdinola bat eta hara doan bidea zaharberritzen, eta historia haren oihartzuna ere bildu nahi izan dute jaialdira. Urrats galduen bidea izendatu dute saioa. Landa: «Zapata pilo bat aurkitu zituzten burdinola barruan, eta haien bidez gorazarre egin nahi diegu bide horretan ibiltzen ziren herritar xumeei». Oinetako horiek aitzakia hartuta sortu dituzte ibilbideko testuak. Ainhoa Alberdik, gainera, Joxemari Carreren testu batean oinarrituta, Zapatak ikuskizuna eskainiko du ola inguruan, eta biderako instalazio bat sortuko du Idoia Beratarbide artistak.

Jaialdia txikia dela dio Landak, baina handia dela herritarren parte hartzea, eta horregatik eutsi diotela. «Oso asmo xumearekin hasi ginen orain hamar urte. Arestirekiko zor bat bazegoela sentitzen genuen, eta hori kitatu nahi genuen, baina gerora sumatu dugu badagoela gogo bat herritarren eta sortzaileen artean».

Musika eta artea

Musika emanaldiak ere izango dira. Saio bana egingo dute Eñaut Elorrietak eta Josu Bergarak. Eta poesia eta musika uztartuko dituen kantaldia emanfo du Eñaut Etxamendik, ahots soilez baliatuta. Bestalde, Luzien Etxezaharretak hitzaldia egingo du Poesia, mailu eta fereka izenburupean.

Erramun Landa artistak sortu du jaialdiko irudia. Hark egin zuen lehen jaialdirako irudia, eta hark ondorengo bederatziak ere. Horregatik diote antolatzaileek «ezinbesteko» bilakatu dela. «Jaialdiaren irudi poetikoa da».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.eakopoesiaegunak.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.