Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Tiran

Negar malko lehorrak

Ohikoa da galiziarren jardun apala hitzetan, eta aurten ere ez da aldaketarik horretan, baina oso ondo ibiltzen dira gero uretan

Iaztik bost arraunlari garrantzitsu falta izan arren, talde sendoa da aurtengo Tiran ere
Tiranen trainerua ziaboga ematen, iaz, Kontxako Banderako saikatze estropadan.
Tiranen trainerua ziaboga ematen, iaz, Kontxako Banderako saikatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2013ko ekainak 8
Galiziarrei buruz esaten da zuhurrak direla, ez baietz eta ez ezetz ibiltzen direla. Beti zomorroen antzera, erdi ezkutuan, beren iri- tzia edo beren indarra kanpora atera nahi ez dutela. Diren baino gutxiago direla adieraztea gusta- tzen zaie. Negar egitea, azken batean. Arraunean, behintzat, hala da. Begiratu Tiranekoei. Urtea joan eta urtea etorri, San Miguel ligaren atarian, hitz jario bera izaten dute ahoan: ezezkoarena, ezkortasunarena. Baina gero, denboraldia hasten denean, onenen pare batzuetan, aurretik besteetan, eta onenengatik gertu ibiltzen dira beti. Aurtengoa ez da salbuespena.

Ardi larrua jantzita dator Tiran, berriz ere. Erdiko multzoan ibili behar duela, onenak oso aparte dituela eta halakoak zabaltzen ari dira. Egia bakarra da iazko taldetik arraunlari garrantzitsuak falta zaizkiola. Galiziako beste klub batek, Meirak, bost arraunlari kendu dizkio, eta denak edo ia denak ziren titularrak Dani Perez Fandiño entrenatzailearentzat. Horrela begiratuta eta lehen kolpean, arraunlari garrantzitsuak direla ukatzea zaila da. Baina Tiranek ere badaki Galiziako beste klubetan arrantza egiten, eta egin du aurten ere. Zazpi arraunlari berri dauzka: batzuk berri-berriak; hau da, taldean inoiz ibili gabeak, eta beste batzuk, lehen ibiliak.

Joandakoak eta etorritakoak alderatzen hasita, ez daudenek urteetan hartutako izen ona bakarrik faltako du Tiranek aurten. Izan ere, berriak ere baleko arraunlariak dira. Negu osoan egindako probak eta azterketak hor daude: traineruaren indarra ez da ahuldu. Hortaz, iaz bezala ibiltzeko moduan da Galiziak San Miguel ligan duen ordezkari bakarra. Eta joan zen urtean egundoko maila eman zuen. Bandera bat ere irabazi zuen, Castro Urdialesen, eguraldi txarrak eta itsasoaren egoera baldarrak erlojuaren aurkako lehia bihurtu zuten estropada hura. Muturretik gertu ere behin baino gehiagotan izan zen; Getxon, esaterako, gu- txi behar izan zuen Kaiku ahalguztiduna azpiratzeko.

Erdiko multzotik gora begira ibiltzeko hautagai sendoetako bat da. Talde asko daude multzo horretan, eta batek edo bestek joan beharko du lehen txandako lehia desatseginera, baina Tiran ez da izango. Beraiek esango dute nahi dutena, eta bakoitzak nahi duen bezalako jarduna plazaratu dezake, baina ez sinetsi asko galiziar hauei. Abilak dira ezkutuan ibiltzen. Ezezko eta baiezko zehatzik ez inoiz ahoan, baina Tiran hau ondo ibiltzetik gertuago egongo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna