Bertakoekin eta bertakoen eran

Bihar hasiko da emakumezkoen traineruen Gipuzkoako liga; sei ontzi lehiatuko dira, eta sei estropada jokatuko dituzteIaz, lehen ekitaldian, Getaria-Tolosa gailendu zen, eta aurten ere faboritoa da

Getaria-Tolosako trainerua, ahalegin betean, iaz, Kontxako Banderan. Getariarrek eta tolosarrek Gipuzkoako liga irabazi zuten iaz, eta aurten ere beraiek dira faboritoak. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Emakumezkoen traineru estropadez mintzatzean, Euskotren liga ezagutzen du jendeak. Baina bada beste bat ere: Gipuzkoako liga. Bihar hasiko da herrialde horretako arraun federazioak antolatzen duen txapelketa, Pasai Donibanen. Sei ontzi ariko dira, beste horrenbeste estropadatan, garailea zein den erabakitzeko. Baina seitik bostek bakarrik izango dute liga irabazteko aukera, Lutxana talde gonbidatua baita.

Getaria-Tolosa, Hondarribia, Orio, San Juan eta Zumaia ariko dira erregulartasuna saritzen duen txapelketa irabazi nahian. Bigarren aldiz izango da jokoan liga hau, eta iaz Getaria-Tolosa izan zen onena. Bost estropada jokatu zituzten, eta berak batu zuen puntu gehien.

Aurten ere faboritoa da. Kuadrilla indartsuena dauka, eta urte askoan ari dira elkarrekin arraunean. Bi herrien arteko lankidetza emaitza ona ari da ekartzen. Egina daukate taldea, eta hori aldea da. Neguko lanean ez daukate taldea osatzen ibili beharrik. Beste modu bateko lana egin dezakete; esate baterako, arraunketa zehatza eta bateratua lortzea. Elkar ondo ezagutzen dute arraunlariek, eta aldeko ezaugarria da hori.

Aurkariek begiz jota daukate Getaria-Tolosa, eta gogotsu daude pronostikoak kareletik botatzeko. Itxuraz, bi dira aurre egiteko moduan daudenak: San Juan eta Zumaia. Orain arte ez da estropada askorik jokatu, edo, zehatzago esateko, ez dira batera aritu sarritan faboritoa eta beste biak. Baina bakoitzak bere aldetik lan txukunak egin dituzte, eta ziurtzat jotzen da Zumaiak eta San Juanek lanak emango dizkietela getariarrei eta tolosarrei. Hirurak elkarren aurka behin aritu dira. Maiatzaren 18an izan zen, Getarian (Gipuzkoa), Euskotren ligan Gipuzkoako ontziek nola parte hartu behar zuten zehazteko proban. Etxeko trainerua izan zen azkarrena, baina sei segundo kendu zizkion Zumaiari. Eta zumaiarrak estropada hartara oso entrenamendu gutxi eginda joan ziren, taldea osatzen azken unera arte ibili direlako. San Juani pusketa handiagoa atera zion garaileak: hogei segundo.

Egun hartan, Orio sailkatu zen laugarren, Getaria-Tolosatik 33 segundora. Hondarribia ez zen atera, baina egun batzuk lehenago, Baionan (Lapurdi) jokatu zen estropadan, Zumaiak alde handia atera zion. Datu horiei segituz, esan daiteke Orio eta Hondarribia lehen postutik urrun ibiliko direla ligan. Talde gonbidatuari buruz, ezer gutxi aipa daiteke. Ontzi txikietan ibili da, eta lan ona egin du. Traineruetako erreferentzietara jotzen bada, Orioko jaitsieran dago bat: Getaria-Tolosak 50 segundoren aldea atera zion. Ez du ematen, hortaz, goiko multzoan ibiliko denik estropadetan. Orain arteko jarduna betetzen bada, Orio eta Hondarribiarekin lehian behar luke Bizkaiko ordezkariak.

Itsasoan estropada gehienak

Ikuskizuna emango dute traineruek sei estropadetan. Horretarako, antolatzaileak ere lagundu du. Izan ere, bost estropada itsasoan jokatuko dituzte, eta bakarra ibaian. Arraunaren mamira jo du Gipuzkoako Arraun Federazioak lehiaketa antolatzeko orduan. Estropaden eremuen datua da horren bereizgarrietako bat. Itsasoan behar dute izan traineru estropadek, eta errespetatu du idatzi gabeko arau hori. Arraunlariak aintzat hartu ditu.

Kluben artean jokatzea da beste bereizgarria. Euskotren liga ere halaxe jokatuko da azkenean, baina beste aukerarik ez zaielako geratu Kantabriaren ezetzaren eta Galiziaren zalantzen eraginez. Gipuzkoan daukate indarra emakumezkoen traineruek, bertan dago arraunlari gehien, eta bultzada eman behar zaie. Hori ere aintzat hartu du federazioak, eta aukera eman du emakumezkoen estropadak sustatzen segi-tzeko.

Bertakoekin egingo da liga, eta bertakoa izango da. Antolatzeko eredua ere bertakoa da, betikoa. Ez dago gauza berriak asmatzen ibili beharrik, dagoena balekoa denean behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.