Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Urdaibai

Buruarekin, buruan

Sekulako taldea izaten jarraitzen du Urdaibaik, eta iazko mailari eutsiz, joan zen urteko emaitzak hobetu nahi ditu

Entrenatzaile aldaketa izan da, eta Jon Salsamendi da orain arduraduna
Urdaibai, iaz, Kontxako Banderako sailkatze estropadan.
Urdaibai, iaz, Kontxako Banderako sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2013ko ekainak 13
Talde bat irabazteko osatzen denean eta irabazten ez duenean, bere baitan sortzen den egoera emozionala ez da egokiena izaten askotan. Batez ere hurrengo denboraldiari begira. Iragan hurbilera begiratzeko joera izaten da, eta irabazteko antsiak eta presak gaina hartzeko arriskua egoten da. Urdaibai dago horrela. Horixe onartu du, behintzat, Jon Salsamendi entrenatzaileak.

Aurten du aurreneko denboraldia Bermeoko klubean, baina iritsi orduko konturatu zen arraunlarien aldartea nolakoa den. Joan zen urtean ez zuten asmatu irabazten, askotan gertu egon baziren ere, eta horrek nolabaiteko kezka eta kabitu ezina eragin die. «Lasaitasuna eman diet», esan du behin eta berriz Salsamendik. Ematen du lortu duela. Joan zen igandeko itxura, Lekeition, estropada irabazi berritan: arraunlariak aldarte onean, eta lasai. Pozik irabazteagatik, nola ez, baina neurriz kanpoko ospakizunik gabe. Gertatzen baita irabazi beharra duenak kanpora ateratzea barruan gordea izan duen antsia hori. Urdaibain ez zegoen horrelakorik joan zen igandean, eta seinale ona da.

Buruko lana menderatzen segitzen badute, buruan izango da. Sekulako taldea baitute berriz ere. Iazko arraunlari multzotik bat edo beste falta da, eta hutsune garrantzitsuren bat ere bada tartean —Jon Elortegi, esaterako—, baina talde bikaina da. Ligako indartsuenetako bat ez bada, ez zaio asko faltako. Gainera, urte batzuk badira elkarrekin dabiltzala arraunean, eta hori ere aldeko ezaugarria da. Elkar ondo ezagutzen dute, eta oinarri sendoa da.

Entrenatzailea aldatzeak beti eragiten du eraldaketaren bat, teknika alorrean, esaterako. Entrenatzaile bakoitzak bere ezaugarriak dauzkalako, bere lan egiteko modua. Baina kanpotik begiratuta, ez du ematen Salsamendik iraultza eragingo duenik alde horretatik. Ondo egindakoari aurreko urteetan eutsi egingo diola ematen du, bai baitaki taldea sendoa dela. Askotan, okerrago izaten da gauzak aldatzen hastea, eta horren jakitun dela ematen du entrenatzaile oriotarra.

Kontuan hartzeko beste gauza bat honako hau da: denboraldi-aurreko estropadak hartu, eta argi ikusten da Urdaibai behetik gora datorrela. Neguko lehian, ez zuen emaitza taxuzkorik atera, baina igandean, Lekeition, aurrena izan zen. Eta oso garrantzitsua da honako hau ere bai: arraunlari berezko gehiago dauzka aurten, ez berezkoak ziren batzuk berezko direlako. Baliabide gehiago, hortaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna