Mendia pasatzen badu...

Peter Saganek irabazi du Suitzako Itzuliko 3. etapa; Ryder Hesjedal ospitalera eraman dute buruan kolpea hartuta

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Peter Saganek (Cannondale) Suitzako Itzuliko hirugarren etapa irabazi zuen atzo Meiringeneko helmugan, eta Mathias Frankek jarraitzen du sailkapen nagusiko buruan (BMC). Etapako gakoa Haslibergeko gaina zen (11 km eta %6,5), helmugatik 19 kilometrora. Igotzaileak aurrera egiten saiatu ziren, baina inork ez zuen tarterik lortu. Eguneko ihesaldia aldapa behera osatu zen, eta Saganekin batera, Rui Costak (Movistar), Roman Kreuzigerrek (Saxo Bank) eta Mathias Frankek (BMC) egin zuten aurrera. Helmugaraino iritsi ziren, eta han Saganek eroso irabazi zuen. Eslovakiarrak mendia pasatzen badu, ez du errukirik, eta atzokoa sasoiko hamargarren garaipena izan zen.

Eguneko protagonista, halere, Ryder Hesjedal (Garmin) izan zen. Jaitsieran eroriko larria izan zen, eta ospitalera eraman behar izan zuten buruan kolpea hartuta. Garuneko kommoziaren eraginez iazko Giroko irabazleak gaua ospitalean igaro du medikuen zaintzapean. Gaur laugarren etapa jokatuko da Innertkirchen eta Buochs artean (161 km).

Chris Froomen abisu argia

Iaz Bradley Wigginsek (Sky) egin zuena berdintzen ari da Chris Froome (Sky). Dena irabazten ari da, eta, nola gainera. Erabateko nagusitasuna erakutsi berri du Dauphine kriteriumean, eta Tourrera bete-betean iritsiko dela baieztatu du. Gaia ikaragarria dauka, eta konfiantzaz betetzen ari da bere burua. Alessandro De Marchik (Cannondale) irabazi zuen azken etapa, Froomek aurkariei azken kolpea eman zien etapa. Richie Porte (Sky) eta Dani Moreno (Katuxa) igo ziren podiumera. Haimar Zubeldia (RadioShack) izan da euskaldunik onena, 14. postuan, 7.47ra. Etapa garaipen batekin, bederatzigarren amaitu du Samuel Sanchezek (Euskaltel), 4.25era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.