Solasaren gimnastika

'Plazer bat izan duk, Benito!' idatzi dute Pako Aristik eta Mikel Markezek, Benito Lertxundiren «biografia espirituala»Egileek aitortu dute beren burua aurkitu dutela musikariarekin izandako solasaldietan

Mikel Markez eta Pako Aristi, atzo, Plazer bat izan duk, Benito! liburuaren pasarte bat komentatzen. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Badira bospasei urte Pako Aristi eta Mikel Markez Benito Lertxundirekin elkartzen hasi zirela. Bazkaltzeko. Afaltzeko. Lehendik ezagutzen zuten musikaria, eta Aristiri beti iruditu izan zaio «hiztun ona, barne mundu aberatsa duena». «Bizpahiru ordu» partekatzen zituzten, baina beti Lertxundiren gauza gehiago entzuteko gogoz geratzen ziren. Orduan, proposamen bat egin zioten musikariari: hilero hitzordua jartzea, txandaka bakoitzaren herrian bazkaltzea —Urrestillan, Aian eta Orion—, eta ondoren hitz-aspertu bat egitea. Hizketaldi haiek grabatzen hasi ziren, eta arlo guztietan «sekulako materiala» zutela konturatu. Grabatutako «50 bat» ordu horiek transkribatu, sailkatu, orraztu, eta Plazer bat izan duk, Benito! liburua osatu dute Aristik eta Markezek (Elkar), Tene Mujika bekaren laguntzari esker. «Benitoren biografia espirituala da», Aristiren ustez. Markezek, berriz, Lertxundik «buruko gimnastika» egiten erakutsi diola nabarmendu zuen atzo, aurkezpenean. Biek aitortu dute solasaren gimnastika horretan, hizketaldi horietan, beren burua aurkitu dutela.

Hitz-aspertuetan «mila gairi buruz» mintzatu dira. Horietako batzuk zerrendatu zituen Markezek: «Arrauna, transzendentzia, egoa, sexua, beldurrak, desikaste prozesua, tarota, biolentzia, itsasoa, euskara, depresioa, existentziaren zentzua...». Eta horietaz erabateko «askatasun mentalarekin» hitz egin zuen Lertxundik. Hori da, Markezen iritziz, harekin pasatutako orduetatik «gordetako altxorra». Uste du «begirada askea» edukitzen irakatsi diela: «Gaia edozein dela ere aurretik jarrera irekia izaten».

Askatasun mentala da, hain zuzen, Lertxundiren gakoetako bat Aristirentzat. «Beti esaten du Jiddu Krishnamurti idazle eta pentsalari indiarrak eragin handia eduki zuela berarengan gaztea zenean». Krishnamurtik bere ikasleei esaten zien dogmarik ez onartzeko, aurreiritziak saihesteko. Autoritate bakarra gizaki bakoitza dela bere horretan. «Benitok beti esaten du denok garela inteligenteak, denok adimentsuak, baina adimena garatzeko moduak askotarikoak direla», adierazi zuen Aristik. Krishnamurtik ikusten zuen, gainera, gizartea eremu guztietan jarraitzaileen bila dabilela. «Politikariak, boto-emaileen bila; telebistak, ikusleen atzetik; edo supermerkatuak, erosleen bila. Jarraitzaileen bilaketa etengabean dabilen gizarte bat da hau», hausnartu zuen Aristik. Pentsalari indiarrak bere ikasleei iradokitzen zien beraiek izan zitezela beren buruen jarraitzaileak. Aristiren iritziz, Lertxundik horixe bera demostratu du musika ibilbidean. «Modan zegoen joera musikalaren gainetik ibili da».

Aristiren ustez, hainbeste gauzaz hitz egin zuten hizketaldietan, non esandakoak eta jasotakoak «forma literario» bat behar zuenjendearengana iristeko. «Benitok ez zuen profeta bat balitz bezala geratu nahi; hitzez hitz bere mezua ematera datorrenaren itxura hartu nahi». Hortaz, solaskideak «gogoeta» egitera gonbidatu zituen, «barne bidaia» batean murgiltzera. «Ikerketaren» emaitza da biografia espirituala. «Baina ez da espirituala zentzu erlijioso itxian, bizitzarekin orokorrean dugun harreman sakon eta zabal moduan ulertutako espiritualitatea baizik», argitu zuen Aristik. Haren irudiko, Lertxundiren hitz eta kantetan sumatzen den «mundu aberatsa» azaleratu dute. «Berak irakurri zuen, eta berak baimendu. Hori zen hasieran gure beldurra...». Horren inguruan zehaztapen gehiago eman zituen Markezek: «Azkeneko eskuizkribuan Benitok aldatu dituen gauza bakarrak bere esaldien formulazioak dira. Ez du guk idatzitako hitz bat bera ere ukitu».

Eta bildutakoa lantzeari ekin aurretik, «sistema» bat erabaki zuten bi egileek. Gaika sailkatu zuten materiala, eta gidoi bat zehaztu. Hasieran, ideia bat zeukaten; baina, azkenean —«modu anarkikoan baina nahiko naturalean», Markezen ustez—, nahi izan dutena egin dute. «Bakoitzak nahi zituen gaiak hartu ditu, eta ez dugu arazorik eduki». Gainera, iruditzen zaio batzuetan zailtasunak egon daitezkeela bakoitzak zer idatzi duen bereizteko orduan». Azken emaitza «hibrido bat» da Aristirentzat. «Poesia, ipuinak, anekdotak, taroteko tiraldiak... Zaila zen zer-nolako forma literarioa eman erabakitzea».

Baina Lertxundik gauza bakarra eskatu zien: ez zezatela «ohiko» liburu bat egin. «Ez zuen liburuan argazkiak sartzerik nahi. Ez zuen liburu atsegin bat egiterik nahi. Ez zuen liburu multimedia bat nahi», esan zuen Aristik. «Haren iritziz, irakurle kaskarraren sintoma da argazkiak behar izatea. Argazkiek irakurketa oztopatzen dutela pentsatzen du. Esaten zigun diskoak entzuteko direla eta liburuak irakurtzeko».

Cohenen anekdota

Konturatu ziren zer-nolako liburua nahi zuen Lertxundik, galdera bat egin ziotenean. Aristik kontatu zuen: «Leonard Cohen ezagutu zueneko anekdotaz galdetu nion. Nik banuen anekdotaren berri, baina berak kontatzea nahi nuen. Haserretu egin zitzaigun. Mahaian kolpea eman, eta esan zigun ez zuela nahi liburu anekdotiko bat. Ez zuen kontatu, eta arrastoa eman zigun zer-nolako liburua nahi zuen jakiteko».

Eta, Aristiren iritziz, irakurleak konturatuko dira «geroz eta sakonagoa» dela liburua irakurri ahala. «Haren zale askok ere ez dute irentsiko. Liburu zaila da. Benitok esaten zuen berria dela, Euskal Herrian ez dela idatzi gai hauei buruz». Lertxundiren mundua jasotzeko «ahalegina» egin dute egileek, eta solasaren gimnastika deskubritu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.