Labanak bezain zorrotzak...

Hitzezko tratu txarren errealitate gordinaz modu poetikoan hitz egiten du Agurtzane Intxaurragak idatzitako 'Hitzak' antzezlanakDonostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko du Hika konpainiak hilaren 23, 24 eta 25ean

gorka erostarbe leunda
Urnieta
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Hiru emakume, hiru aulkitan eserita. Agertokia ilun, eta hiru fokuak hiru emakumeen aurpegiak argiztatuz. Edo emakume beraren hiru garaitako bisaiak argiztatuz. Emakume bat da Mari, baina denak izan daitezke, edo asko bederen. Ane Pinedok antzezten duen Mari gazteak amets bat du buruan, zorion perfektuarekin, maitasun perfektuarekin, gizon perfektuarekin egiten du amets. Ainhoa Aierbek behin ezkondu ostean inkomunikazioaren eta hitz iraingarrien infernua ezagutu duen Mariren gorputzean sartuta egiten du lan. Hark askatzearekin, libre sentitzearekin egiten du amets. Clara Badiolak jada banandurik dagoen Mari adinekoa antzezten du. Drama, eta are, tragedia hezur-haragitan bizi ondoren erotasunaren libertatea ezagutu du. Ez du ametsik egiten. «Nire pertsonaiak eskarmentutik ikusten du iragana. Polita izan da emakume hori barruan topatzea, ulertu behar nuelako aldaketa eta bilakaera guztia. Eta baita bilakaeraren zergatia ere. Zaila egiten baita esplikatzen. Ulertzera eraman nau, baina ez onartzera», dio aktoreak.

Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe antzokian ari dira Hitzak antzezlanenaren azken entseguetako bat egiten. Emozionalki lan intentsua da, eta nekatuta amaitu dute. Ostiralean eman zuen aurrenekoz Hika Teatroa konpainiak jendaurrean Saroben bertan, estreinaldi aurreko entsegu baten modukoan. Heldu den azaroaren 23an, 24a eta 25ean emango dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Igandeko saioa tratu txarren aurkako egunarekin batera egingo da.

Agurtzane Intxaurraga zuzendariak errealitate gordin bati heldu dio. «Istorio hau gaizki tratatuak izan diren emakumeak, edo, are okerrago, tratu txarrak jasaten dituztenak ulertzeko sortua izan da. Euren bizitza hilda dagoela jakinda ere, zergatik jarraitzen dute hortxe, toki berean, mugitu ezinik, beren maiteaz errukituz. Zergatik?». Hika Teatroa konpainiaren obran ez da ikusten tratu txar fisikorik, tragedia baten «alderik leunena» baizik, egunerokoan, harreman asko eta askotan pairatzen den hitz bidezko tratu txarra baizik. Ainhoa Aierberen pertsonaiak une batean dioen moduan, «labanak bezain zorrotzak diren hitzak». Horretan da ausarta Intxaurragaren planteamendua; nahiz eta bukaeran tragediak baduen lekurik, egunerokoaren tragediei erreparatzen dielako: «Antzerki obra bat idatzi dut, eta antzezlan batek behar du gora egiteko behar duen zerbait. Duda izan nuen: 'Joan behar dut tragedia batera?', galdetzen nion neure buruari. Obrak badu amaieran tragedia bat, baina benetako tragedia etxe barruan gertatzen dena da».

Emakumea ulertzeko idatzi zuen obra Intxaurragak, «min batetik abiatuta». Mina azaltzeko, triangelua osatu behar zuen. Gizonezkoa eta haurra behar zituen. Mekanikaria da gizona. Hastapenean maitasun hitzak baino ez dituena —«maite ditut zure begiak bost kilo»—. Baina pixkana indiferentzia azaltzen duena edo hitz mingarriak baino jaurtitzen ez dituena: «Inutila zara, ba!».

«Ez nuen gizon gaizto bat aurkeztu nahi gizabanako gisa, egitura eta hezkuntza molde batek harrapatutako gizona baizik», dio zuzendariak. Jabi Barandiaranek egiten du gizonaren rola. Pertsonaia prestatzeko ez du barne azterketa psikologikorik egin. «Oinarrizko tresnekin lan egiten dut. Ez naiz saiatzen pertsonaiaren larruan sartzen, bere psikologia konprenitzen, eta halakorik. Oinarrizko sentimendu batzuk zuzendariaren zerbitzura jartzen ditut, berak mintz horiekin eskultura eraiki dezan».

Bere pertsonaiak sortzen dizkion kontrako jarrerei kontra egiten egin behar izan du lanik handiena Ainhoa Aierbek. «Ni ez naiz identifikatzen horrelako emakume batekin, edo igual ez dut identifikatu nahi. Badakit horrelako emakumeak badaudela, eta inguruan ere badauzkat. Baina nire borondatea, Ainhoa gisa, hortik atera ahal izatea da, hori da jarrera berezkoa. Horregatik, jarrera horren kontra egitea izan da nire lana. Agurtzanek egur pixka bat eman behar izan dit: 'Ainhoa, gogorregi zaude, eta abar...'.». Bere pertsonaia ez epaitzea izan du ariketa gogorrena Ane Pikabeak: «Niretzat, zailena da ulertzea nondik jaiotzen den istorioa. Marik gizonarekiko duen maitasuna handia dela azaltzea, eta galga jartzea nire benetako erantzunei, Mariri ahotsa emateko. Hori da latzena».

Umearen rola egiteko, tamaina errealeko panpina bat erabili du Intxaurragak, berak manipulatua eta bere ahotsean jarria, gainera: «Haur bat erabiltzea krudelegia izango zen, gordinegia, errealitatera gehiegi hurbiltzen dena. Horrexegatik, interesa galduko luke».

Best emakume baten paper isila ere jokatzen du Intxaurragak berak: «Edozein izan litekeen emakumea da hori».

'HITZAK'

Konpainia: Hika Teatroa.

Zuzendaria:Agurtzane Intxaurraga.

Aktoreak: Ainhoa Aierbe, Clara Badiola, Ane Pinedo, Jabi Barandiaran, Agurtzane Intxaurraga.

Lehen emanaldiak: azaroaren 23, 24 eta 25ean Donostiako Antzoki Zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.