Argia gaur itzal daiteke

Lagun Aro GBC mailaz jaits daiteke, gaur Illunben Obradoiroren aurka duen partida irabazten ez badu

Sito Alonso, kezka aurpegiarekin, Illunben Caja Solen aurka jokaturiko partidan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Donostiako taldearen ilusioa bizirik mantendu duen argia gaur bertan itzal daiteke. Denboraldia amaitzeko bost jardunaldi falta direla, Lagun Aro GBCk Obradoiro hartuko du gaur Illunben (19:15, ETB1), eta irabazi ezean, Fuenlabrada eta Valladolidera joango dira begirada guztiak. Horiek Cajasol eta Caja Laboral hartuko dituzte etxean, hurrenez hurren. Etxekoek beren partidak irabazten badituzte, Lagun Arok agur esango dio ACB ligari.

Sito Alonsoren jokalariek ezin dute hutsik egin. Azken hiru partidetan ez dute ondo jokatu, eta aurretik Kanaria Handia eta Murciaren aurka lorturiko garaipen itxaropentsuak itzalpean utzi dituzte. Bi garaipen horiek donostiarren ilusioa berpiztu zuten. Une batez, zaleek posible ikusi zuten ACB ligan geratzeko aukera. Argia piztu zen Illunben. CAI Zaragoza, Cajasol eta Valentziaren aurkako porrotek, ordea, argi izpiak gutxitu zituzten.

Morris Finley eta Qyntel Woodsen beharra du Lagun Arok. Apenas dagoen erreakziorako tarterik, baina geratzen diren aukera apurrak baliatu behar dituzte. AEBetako bikoteari esker, taldea ACBn jarraitzeko zorian zegoela zirudien. Liderrak ziren. Azken lehietan, baina, izarrek ez dute distirarik egin, eta hori azken estatistiketan ikus daiteke. Finleyk, adibidez, azken hiru jardunaldietan bost puntu besterik ez du lortu batez beste; hiruko jaurtiketetan ere nabari zaio beherakada. Hamalau jaurtiketatik bat besterik ez du sartu (%7). Datu horietatik ez da asko urruntzen Woods. Hegalekoak 11 puntu egin ditu batez beste azken hiru partidetan; hiruko jaurtiketetan, berriz, sei saskiratze egin ditu hamazazpi jaurtiketatan (%35).

Lagun Arok ez du aurkari erosoena izango parean. Obradoiro liga irabazteko kanporaketetan sartzeko lehian dago, eta orain arte ondo jokatu du ligako kantxa zailenetan. Adibidez, Real Madril eta Kanaria Handiaren aurka garaipen garrantzitsuak lortu zituen. Moncho Fernandezen bostekoa joko ona ari da egiten denboraldiko azken txanpan, eta lehen zortzien artean sartzeko saria eskura du.

Lehen itzuliko partidan, Sito Alonsoren taldeak 71-60 galdu zuen Obradoiroren kantxan. Ongi moldatu ziren lehen zatian, baina hirugarren laurdeneko 22-4ko partzialak donostiarren aukerak zapuztu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.