1977ra begira

Bide Ertzeanek bere bederatzigarren lana kaleratu du, '77' izenekoa. Trantsizio garaian oinarritutako disko kontzeptuala egin duteHirukote bihurtu dira, eta horrek lana «modu naturalagoan» egitera behartu ditu

Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2013ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Begirada iraganean. Horrela itzuli da Bide Ertzean musika taldea. «1977an, Guardia Zibilak gure osaba Sebas eta bere lagun bat hil zituen errepide kontrol batean. Atzera begira jarri gara, eta memoria ariketa bat egin dugu etxeko drama horrekin». Familiako oroitzapen hura abiapuntu hartuta eta hari tiraka, Tolosako taldeak 77 izeneko bere bederatzigarren lana kaleratu berri du

Hainbatentzat urte mitikoa izan zen 1977. urtea. Punk mugimenduaren momentu gorena izan zen, Elvis Presley hil zen eta Argentinako Maiatzaren Plazako Amek lehen elkarretaratzea egin zuten. Gertuago, Ikurrinaren legeztatzea, euskararen eta ikastolen alde antolatutako lehen Kilometroak eta Francoren osteko lehen hauteskundeak izan ziren. Garai beltz bezain oparo hartan kokatu du, hain zuzen ere, taldeak disko berria.

«Oso gazte harrapatu gintuen trantsizioak», baina jakin-minetik abiatu eta dokumentazio lan handia egin dutela onartu du Imanol Ubeda taldeko abeslari eta gitarristak. Dena den, ez da lehen aldia halakorik egiten dutena, Non Dira (GH, 2006) diskoan ere familiako gertaera bat erabili baitzuten Espainiako gerrari buruzko disko kontzeptuala egiteko.

Diskoa Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe aretoan grabatu zuen taldeak, 2012ko abuztuaren lehen hamabostaldian, eta lan horretan Suso Saiz ekoizlearen (Los Piratas, Ivan Ferreiro, etab) eta Jordi Mora teknikariaren laguntza izan dute.

«Betiko Bide Ertzean aurkituko duzue disko honetan, baina berriztatuta», nabarmendu du Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsakeko arduradunak. Ildo horretan, hainbat berritasun dakartzate Ubeda anaiek lan berri honetara. Hasteko, boskote izatetik hirukote formatura pasatu dira, eta horrek hainbat moldaketa egitera behartu ditu. «Hirukotea izanda, oinarrizko rock talde baten egiturara igaro gara: bateria, baxua eta gitarra», adierazi du Karlos Aranzegi bateria jotzaileak. Eta hala da, aurreko soinu gardenaren eta apaingarrien edertasunaren ordez, instrumentuen gordintasuna aurkitu baitaiteke zenbait abestitan.

Jeff Tweedyren kapela

Neil Young & Crazy Horse edota Wilcoren itzala sumatu daiteke abesti berrietan, baina ez dute konparaketak egiterik nahi, eta gutxiago horrelako totem-ekin. «Horrelakoen alboan jartzeak txarto uzten gaitu», dio Ubedak irribarretsu. «Azkenaldian americana asko entzuten dugu, baina antzik ez izateagatik, ez daukagu Jeff Tweedyren kapelaren antzik ere», dio Wilco talde amerikarraren abeslariak erabili ohi duen kapelari men eginez.

Disko fisikoa nostalgiko gutxi batzuen gutizia bihurtu den garai honetan, 70eko hamarkadan Euskal Herriko kaleetan zabaldutako estetika gogorarazten duen diseinu landua aurkeztu dute. Dut eta Kuraia taldeetako Joseba Poncek egin du, eta Koldo Izagirreren eta Garbiñe Ubedaren testuek liburuxka osatzen dute.

Diskoak hainbat opari eskaintzen ditu abesti modura. Horrela, Araneko iturrian edo Harriak hegan abestiek gorakada emozionala helarazten dute. Horiez gain, badago lehertzera iristen ez den abestiren bat ere, Izena, adibidez,edota fereka akustikoak sentiarazten dituztenak: Egun batetan, adibidez.

Orain arteko lanekin alderatuta, lan egiteko modua ezezaguna egin zaie. Hasteko, ez dute izan azken hamarkadan lagun izan dituzten Fran Iturbe gitarristaren eta Joserra Senperena teklatu jotzailearen laguntzarik, eta lan guztiak Kaki Arkarazoren gidaritzapean egin badituzte, orain beste jomuga batzuen bila joan dira. «Sei elementu batu gara: hiru musikariak, Jordi Mora soinu ingeniaria, ni neu, eta azkenik, Sarobe aretoa», dio Suso Saiz ekoizleak.

Izan ere, Urnietako Sarobe aretoak berebiziko garrantzia izan du diskoaren emaitzan. «Nortasun handiko lekua bilatzen aritu ginen hasieratik, eta azkenean Sarobe aurkitu genuen», esan du Aranzegik. Jordi Mora izan da grabazio estudio bitxiaren aukera ezberdinak aztertu eta mikrofonoak han eta hemen jarri dituena.

Boskote izatetik hirukote bihurtzeak lan egiteko modua asko baldintzatu diela onartu dute artistek, eta Saizekin kontaktuan jarri zirenean gauzak kontzeptualizatzeko beharraz hitz egin zuten, hau da, dena sinplifikatzeko beharraz. «Entsegu lokalera joateko eskatu zidatenean, abestiak oso zintzoak zirela ohartu nintzen. Gauzak era naturalenean egitea erabaki genuen, eta, horretarako, nortasun askoko lekua behar genuen. Lan garaikide bat egin nahi genuen, baina 70eko hamarkadaren oroitzapenekin», dio Saizek.

Zuzenekoei begira, orain artekoak baliorik ez duela nabarmendu dute. «Zuzenekoetan aldaketa asko izango ditugu. Errepertorioa guztiz aldatu dugu, eta zuzenekoetan azken diskoko ia abesti guztiak joko ditugu. Kontzertuak gordinagoak bihurtuko dira, rockeroagoak. Inoiz baino gehiago entseatu dugula esan daiteke», azaldu du Ubedak.

Etorkizunera begira

Aurkezpen bira hilaren 29an hasiko da, Lekunberriko Kantinan (Nafarroa). Premier antzeko kontzertu horren ostean, berezko aurkezpen ofiziala Bilboko Kafe Antzokian egingo dute, urriaren 10ean. Hurrengo kontzertuak Ondarroan, Arrasateko Gaztetxean, Donostiako Gazteszenan, Bartzelonan, Azkoitiko Matadeixen eta Barañainen izango dira.

Etorkizunera begira zer egingo duten ere ez dakite, Ubedaren arabera: «Don Inorrez (GH, 2010) bira bukatu genuenenean noizbait itzuliko ginela oihukatu genuen, eta dagoeneko bertan gaude. Ez dugu inoiz luzera begirako planik egiten». Beharrik ere ez, oraingoz badituzte-eta entretenituta egoteko kontzertuak. Eta gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.