Hamlet euskalduna balitz

Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu Konpainiak 'Hamlet' antzerkia estreinatuko dute azaroaren leheneanGaur egun eta Euskal Herrian kokatu dute, nahiz eta testuan Danimarka aipatu

Shakespearen testuak gaur egungo Euskal Herriarekin dituen oihartzun landu dituzte taldekoek. GUILLAUME MEZIAT.
Nora Arbelbide Lete.
Luhuso
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Teoriak ez ditu eskas Shakespeareren Hamlet-ek. Freud, Luther edo Lenin izan dira teorizatzaileen artean. Eta orain, bat gehiago izanen da. Luhusotik datorren teoria, Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu Konpainiaren eskutik. Azaroaren 1ean bertako Harri Xuri antzokian estreinatuko dute beren Hamlet 20:30ean. Eta ondotik badituzte beste anitz egun finkatuak, guztiak www.hamlet.kz gunean sartuak.

«Gure teoria izan da erratea: eta Hamlet balitz gaur egungo euskaldun bat? Zer oihartzun du gure egoerarekiko?», taula zuzendaritza lanetan aritu den Ximun Fuchsek azaldurik. Euskaraz eta euskaldunek emana dela, horrek errazten du ere. Xabier Mendiguren idazleari galdegin diote euskaratzea testua, espresuki antzerkiarentzat. Taula zuzendari gisa, Fuchsen lana, antzerkia «euskaldun gisa» begiratzea izan da: «Hemengoa izatea dudarik gabe. Nahiz eta Danimarka aipatu testuan. Pentsatzea: «Ez ez, hori hemengoa da, eta orain da. Ezagutzen dut, familiakoa da». Aurkitu oihartzunen artean, Hamlet-en agertzen den gerla, justizia gosea, botere jokoak eta belaunaldien artekoak, herentzia kontuak entzuten ahalko dira berenean ere: «Belaunaldi bakoitzak herentzian badu aitzinekoak utzitakoa, utzi mundu makurra. Eta belaunaldi bakoitzari dagokio horren zuzentzea. Nere aitatxiren belaunaldiarena izan zen gerla egitea. Gurasoena 1968a, edo Aljeriako gerla, edo frankismotik ateratzea. Eta guri dagokigu, behar bada, krisia kudeatzea edo hortik ateratzea».

Oihartzunak eta gatazkak. Antzerkian aurkitu daitezkeen gatazkei lotu zaizkie taldekoak. Ekintzaren gatazkari, adibidez: «Zer erran nahi du ekintzara pasatzeak? Munduan injustizia anitz bada, ados. Ekintzara pasatzen naiz, bai ala ez? Justizia egiten dut nihaurek ala uzten diot botere bati, nahiz eta jakin botere horren justizia ez dela justua? Hori, egunero geure buruari pausarazten ahal diogun galdera bat da». Beste gatazka eromenari lotua da: «Zerk eramaten nau eromenera? Nik edo munduak? Zer nahi dut? Ideia handiak eraman ala bizi normal bat? Ezin dut bizi normalik eraman? Eta gero bukaeran, erraten duena da, edozein gisaz, egiten dugu ahal duguna, baina denek bukatuko dugu hauts eta errauts. Puntu».

Galderak, oihartzunak, gatazkak, baina erantzun zehatzik eman gabe. Hala nahi dute taldekoek,William Shakespearek berak ematen ez dituen bezala: «Haren arte handia da galderak nola pausatzen dituen. Erantzunak ematea beti labur da. Erraiten duelarik: 'Izan ala ez izan hau da galdera', esplikatzen badugu ondotik zerbait, ahula da artistikoki. Ematen ahal ditugu bideak galderak pausatzeko moldean».

Baliatzea Hamlet-ek utzi «enigma». Denetatik erran daitekeela Hamlet-en bidez: «Osorik muntatzen bada Hamlet sei oren irauten du. Ordu erdi baten buruan ulertu dugu zer den erronka. Eta gainerateko denbora osoa pasatzen dugu pentsatzen: zertarako ez da ekintzara pasatzen».

Hamleten osabak hil du bere aita, boterea hartu, eta ezkontzen da bere amarekin. Aitaren espektroak eskatzen dio bere hilketa mendekatzea. Hori fite ulertzen da. Baina gero, «ohartzen gara pixka bat konplikatuagoa dela. Aita ez zela aingeru bat. Diktadore bat zela, arrunt eroa».

Hamlet-en inguruko teorien artean badaude batzuk diotenak Hamlet emazte bat zela, besteek homosexuala. Batzuek diote protestantea zela, badira diotenak judua zela, baita komunista ere. «Aita hil dute pozoia bat sartuz belarritik. Shakespeareren garaian ez zen horrelako pozoirik. Hori asmatu du. Zertarako? Belarritik sartzen dena da hitza. Orduan, hitzaren pozoia aipatu nahi izan da memento horretan, beharbada. Egia erran ote diote? Zer egia?». Horiek erranik, Fuchsek gehitudu antzerkia emozio guztietatik pasatzen dela, eta nahiz eta Hamlet-ek izan halako irudi ilun bat, umorea ere badela, baita zenbait sorpresa ere.

Antzerkilari guztien amets

Enigmaz enigma, taldekoek argi zuten antzerki hori eman nahi zutela, eta elkarrekin. Hainbat arrazoiren artean, artistikoki, aktore edo artista gisa memento batean, Hamlet eta gisako obrak funtsezkoak ikusten dituztelako: «Obra handiek laguntzen gaituzte aitzinatzen. Biolinista batekBachen zati batzuk eman behar dituen bezala. Kantari batentzat La Traviata behin ematea amets bat den bezala, Hamlet amets bat da. Plazer bat eta desafio bat ere euskarari begira». Eta Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu Konpainiak osatu hirukotea aitzinatu nahian dago. Elkarrekin eman lehen antzerkia, Errautsak, duela hiru urte eman zuten. Eta orduz geroztik, argi zuten berriz bilduko zirela. Haien artean ongi pasatu izanaz baino gehiago: «Gure artean, publikoarekin, gure egiteko maneran zerbait pasatu zen, harrokeriarik gabe, eta abentura segitzea merezi zuen». Fite hasi ziren pentsatzen zer egin. Baina: «Ez genuen egin nahi Errautsak II». Beste norabait joan nahi zuten. Eta laster agertu zitzaien Hamlet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.