«Txorimaloez beldur izan ez zen txoria zen guretzat Mikel»

Mikel Laboa gogoan ondutako 'Zazpi aldiz elur' ikuskizuna estreinatuko du Tanttaka konpainiak asteazkeneanKantaria hil ondoren BernardoAtxagak idatzitako artikulu bat izan dute abiapuntu

Salvador, Unzu, Berasarte, Rikarte eta Gabilondo Sarobeko oholtzan, Urnietan ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Etxeleku.
Urnieta
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Estalki kotoikara bat taula gainean, plastikozko mintza gardenak zintzilik, piano bat saihetsean zuri-zuria. Elurra, elur zuria denean irudikatzen du Zazpi aldiz elur ikuskizunaren eszenografiak. Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe aretoko oholtzan, Mireia Gabilondo, Maria Berasarte, Iñaki Rikarte, Angel Unzu eta Iñaki Salvador daude elkartuta. Umore ona, bihotz berotasuna nabari da. Iñaki Salvador txisteak egiten dabil, teknikoek eszena osagaiak moldatzen dituzten artean.

Hasi dituzte berriro entseguak, «elur gainean txori hanka...». Geldi! Grabatutako soinua zehazki noiz sartu da eztabaida. Batzuek edo besteek beren proposamena egiten dute, eta aurrera.

Duela bost hilabete elkartu ziren Tanttakaren inguruan, lehen aldiz Mikel Laboa pertsonaren eta haren obraren inguruko sorkuntzaren abiatzeko. Hilabete honetan areagotu dituzte lan saioak atal guztien lotzeko eta lanaren borobiltzeko. Horretarako baliatu dituzte Urnietako arte eszenikoen etxeko azpiegiturak.

Bistakoak dira ikuskizunerako bildu ahalak. Bost artistez gain, lau teknikari ari dira argi, soinu, bideo lanetan. Hor daude ere Zumetak egin erretratu-margoak. Tresnerian, bi bideo proiektagailu, argi joko bereziak, soineko mikrofonoak... Tanttakakoek lortu nahi duten estetika eta giroa agerikoa da. «Denok daukagu gure gogoan neguko gau elurti batean bizi izandako pasadizoren bat; leihoetatik sartzen den argi-zuriaren erreflexuak adierazten digu elurrez inguraturik gaudela» diote sinopsian.

Atxagaren zazpi elurrak

Bernardo Atxagak, 2009ko urrian, Erlea aldizkariaren lehen zenbakian idatzi izen bereko artikulua du iturburu Zazpi aldiz elur-ek. Mikel Laboa zendu ondoko omenaldi gisako «laudorioa», zazpi atal edo elur alditan egin zuen Asteasuko idazleak. Mireia Gabilondo taula zuzendariak eta oholtza gaineko beste lagunek beren gogoko osagaiak gehitu dizkiote.

Laboaren abesti zatiak agertzen dira ikuskizun osoan zehar. Baina Atxagak, maisuaren «ausardia» eta «askatasuna» aipatzen ditu testuan eta haiena haztatu nahi izan dute bost lagunek. Jolasten baitira Laboaren doinuekin, birmoldatuz, beste gisan estilizatuz, nahastuz.

Atxagaren testuko piruei tiratuz, istorio labur eta pertsonaia txikiak sortu dituzte Gabilondo eta Rikarte antzezleek. Baina nahasketa maite dutenez, Maria Berasarte abeslaria, Iñaki Salvador piano eta akordeoi jotzailea eta Angel Unzu gitarrista ere jarri dituzte aktore lanetan. Bostek kantatzen ere dute noizbehinka.

Lagunarteko giro bat lortu nahi du emanaldiak, neguko supazter edo taberna txoko batekoa. Laboa umeei eta ume helduei, haur alaitasun batean kontatua balitz bezla, zazpi ipui txikiz osatu ipui orokor batean edo zazpi elur lumaz egin elurte arinean.

Txoriak laudatu egiten ...

«Mikel Laboa hil zen egunean elurra izan zen Arabako leku askotan, eta ume batek esan zuen, ederra zela halako egun batean hiltzea». Hala dio Atxagaren artikuluaren lehen lerroak eta ikuskizunaren lehen aldiak ere.

Denetarik izanen da gero, Aveyrongo Victor basaumearen itxuratzea; oihan elurreztatu bateanPiedra y camino kantatzen hautematen dugu Laboa, eta hala dabil, bidaide izan zuen Salvador, akordeoilari erratu baten gisan, elur gainean ortutsik. Charlie Chaplin eta Buster Keatonen irudiak, pianistak «Mikelen» elur notaz laboaztaturik.Taberna kantoiko pianoaren inguruan bildu dira, artista zenaren biziko anekdotatxoen errateko. Artista «arriskatua, ausarta, atrebitua» zen hura. Eta badator fadoa. Eta Rafaelitak dena ur, lur eta zur den indioma ikasi nahi du...

«Txorimaloez beldur izan ez zen txoria. Hori izan zen guretzat Mikel», dio Atxagak. Eta ikuskizuna harekin airean ibili gogoz, «gure hitzak esan, berriz esan» nahian dabil, parte zenbait gazteleraz izanagatik. Hura izan zen txoriak utzi dituenak «ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal».

Igande honetan eskainiko du Tanttakak emanaldi osoa Saroben lehen aurkezpen modura, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.