'Ni, Petti buhamea' pastorala taularatuko du Garindainek, buhame ospea duen herriak

Pier-Pol Berzaitz kantariak idatzitako lana heldu diren uztailaren 27an eta agorrilaren 3an jokatuko da Zuberoako herrianMixel Arrotze errejentak Kaiet Borda aukeratu du pastoraleko sujeta izateko

Kargu nagusiak: Martine Beheregarai, Arnaud Laphitz, Patricia Lanouguere-Etxebarne, Kaiet Borda eta Dominique Urruti. JEAN-LOUIS BELHARTZ.
Garindaine
2014ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Maule-Lextarreko mendebaldeko sarreran, Garindaine herriak (Zuberoa) Ni, Petti buhamea deitutako pastorala agertuko du datorren udan: zehazki, uztailaren 27an eta agorrilaren 3an. Izen hori ematean, Pier-Pol Berzaitzek, Muskildi herri auzoko seme eta kantari zein musika sortzaile ezagunak, herriari egokitu nahi izan dio pastoralaren gaia. Izan ere, Zuberoako epistolan, hots, probintziako herri bakoitzari lotua zaion ospean esana da hau: «Buhameak, Garindaineko». Fama horrek nonbait egiatik izango du, zeren eta Arbailako herriaren auzo bat, behintzat, buhameen kartiela gisa emana da (ijitoen auzoa).

Alabaina, Berzaitzek landu duen istorioa ez da izango benetan bizi izan den pertsona batena... Izan ere, buhameek Zuberoan edo bizi izan diren beste lekuetan jasandako egoeraren isla izango da.

Pastoral horretako istorioan, beraz, Petti da mutil eder bat, herriko familia aberats bateko alabarekin maiteminduta dagoena. Ederra, bai, baina buhame leinukoa, eta Aiñez neskatilaren aitak ez du inondik inora ere entzun nahi familian horrelakorik egotea. Hark, bere eragin eta botereari esker, Petti espetxeraraztea lortuko du. Presondegitik ateratzen denean, Petti buhamea Baionarat aldenduko da, eta, han, Agosti Xaho zuberotar politikari, idazle eta kazetari ospe handikoaren zerbitzuan jarriko da. Geroago, Euskal Herriko hainbat eta hainbat seme-alabaren gisara, Petti Ameriketara abiatuko da, eta atzerri urrunean zenduko da, sorterria berriro ikusi gabe.

Istorio horretan, tragedia baten osagaiak badaude, eta, era berean, jende batzuek pairatzen duten giza bazterketa eta erdeinua gogoraraziko du nolabait ere handi-mandien nahiz herritar xumeen egitate deitoragarriak. Euskal herritarrak ez baitira jokamolde lotsagarri horiez salbatu...

Pipo Etxebarne gogoan

Iragan urtarrilaren 11n zieten ekin ehun bat garindaintarrek mustraka edo trebealdi saioei, herriko seme eta kantari Mixel Arrotze Zartantxu errejentaren gidaritzapean. Pastoralean arituko direnek hautatu duten Arrotzek aurrendari handi baten segida hartuko du: Battitta Urruti, pastoral ugaritako errejenta, Garindainekoa baitzen. Hilabete baten buru, errejentak karguak banatu zituen, eta Kaiet Borda gaztea aukeratu zuen Petti buhamearena jokatzeko. Sujeta izango dena Guk kantari talde ezaguneko Joanes Bordaren semea da, jatorri baxenabartarrekoa, beraz. Kaiet Bordak, baina, Garindainekoa du emaztea. Zuberoak beti jakin izan du kanpoko talentuei irekia izaten, pastoraletan edo beste.

Patricia Lanouguere-Etxebarne, berriz, Petti buhame gizajoak maite zuen Aiñez herriko familia aberats bateko alabaren jokoan arituko da. Emakume gazte horrek, zalantzarik gabe, bihotz zimiko handia hautemanen du oholtza gainera igotzean. Nola izan liteke, bestela, jakinez bere aita, Pierre-Paul Etxebarne Pipo, taulada gainean jokatzen ari zelarik hil zela, 1996. urtean Garindainek eman zuen Sabino Arana pastoralaren lehen agerraldian bertan. Gertakari latz hura guduka baten antzeztean jazo baitzen, inor gutxi ohartu zen izugarrikeria hartaz, eta arizale zein antolatzaileek erabaki zuten ikusgarria bururaino eramatea, albiste larriaren berri eman aurretik. Bigarren agerraldia ere egitea deliberatu zen, Pipo Etxebarneren omenez, baina, orduz geroztik, Garindainek ez zuen pastoralik paratu. Esanahi oroz tragedia izan zen egun hartatik hemezortzi urtera, Patricia Etxebarne, ziur asko, emozioz blai jalgiko da tauladara, bere aita zena gogoan.

Ni, Petti buhamea pastoraleko beste kargu nagusiak aipatzearren, jakitekoa da Arnaud Laphitzek egingo duela Aiñez neskatilaren aita bihotz gogorrarena; amaren jokoan arituko da, berriz, Martine Beheregarai. Agosti Xaho pertsonaia ospetsuaren rola atxikitzeko ohorea izango du, beste alde batetik, Johañe Larrainegik. Pastoral baten istorioa laburbiltzen duen lehen peredikuaren kantatzeko, berriz, Arrotze errejentak aukera-aukerako pertsona bat hautatu du: Dominique Urruti, hain zuzen ere. Gaur egun Garindainen bizi den gazte hori jatorriz Larrainekoa da, eta 2011. urtean herri horretan eman zuten Telesforo Monzon pastoraleko sujet apartekoa izan zen. Pastoral baten morala eta ondorioztatzeak zabaltzen dituen azken peredikuaren emateko orduan, hiru emakumek uztartuko dituzte ahotsak: Pascale Elixondoborda, Maguy Mirande-Urruti eta Fabienne Borda. Ahots eta abesti kontu, Ni, Petti buhamea pastoralarentzat Pier-Pol Berzaitzek ondu dituen hamar bat kanturen ikastera, arizaleak trebatzen arituko da Jean-Louis Aranburu Bidabe, Altzaiko seme eta kantari fina hura ere.

Udan emango den pastoral hori gozatu aurretik, Zuberoako antzerki zaharren zaleek lehengo baten bizitzeko aukerarik izango dute: hain zuzen, Jean-Mixel Bedaxagar urdiñarbetar kantariak idatzi duen Akitaniako Alienor-ekin. Tragedia hori, lehen egin ohi zen gisan, pazko zaharren inguruan emango da, zehazki apirilaren 30eko gaualdian, Maule-Lextarreko Jai Alairen aterpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.