Erakundeen kultur politika koordinatzeko mahaia sortu du Eusko Jaurlaritzak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, udalek eta Jaurlaritzak batera sortu dute Kultura Auzolanean ekinbideaAurten eta datorren urtean burutu beharreko 20 proiektuko zerrenda egin dute

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kontseilariordea, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariekin, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Koordinazioa da sakoneko helburua, eta funtsean foro bat da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Kultura Auzolanean ekinbidea. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban kulturan eragiten duten erakunde publikoak bildu, eta elkarrizketan jartzeko topagune bat. «Eraginkortasuna handitu» eta «bikoiztasunak saihestea» dira helburuetariko batzuk, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen hitzetan. Baina plan «operatibo» bat egitea izan dute buruan hasiera-hasieratik. «Helburua ez da zer egin behar litzatekeen aztertzea, baizik eta zer egin genezakeen adostea». 2014an eta 2015ean emaitzak izango dituzten 20 proiektuko zerrenda osatu dute horretarako, eta atzo aurkeztu zuten Bilbon. Hilabeteko epea eman diete orain kultur eragile eta herritarrei zerrenda ikusi eta aldaketak proposatzeko. Web ataria sortu dute horretarako: www.kulturaauzolanean.com.

Hainbat adibide jarri zituen Muñozek koordinazio beharra azpimarratzeko atzo. Diru laguntza bideena, esaterako. «Beste erakundeak lantzen dabiltzan lan politiken gaineko informazio nahikoa badugu? Nik uste dut hobetzeko asko dagoela hor. Informazioa jarri behar da mahai gainean, eta gogoeta bateratua bultzatu gero». Erakunde sorta batu du horregatik Eusko Jaurlaritzak bultzatutako asmoak. Ekinbidearen parte dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalak eta Eudelen bildutako udalak ere. Eta irudikatu egin nahi izan zuten atzo lankidetza hori aurkezpen ekitaldian. Horregatik mahai kide izan zituen Muñozek Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko ordezkaria eta Mikel Etxeberria Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria aurkezpenean. «Badira erakunde bakar batek konpondu ezin dituen kultur politikaren alorrak».

Aurrekariak aipatu zituen Muñozek. Kulturaren Euskal Plana eta Kulturaren aldeko Herritartasun Kontratua, adibidez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kultur proiektuak aztertu eta bultzatzea zen plan haien helburua ere, baina ildo berari heldu arren, ezberdina da oraingo proposamena. Oraingoan pisu berezia eman nahi izan diote eraginkortasunari. Hori da Kultura Auzolanean ekinbidearen bereizgarri nagusia. Horregatik mugatu dute proiektu zerrenda hogeira eta horregatik jarri diete beren buruei bi urteko epea. Muñozen hitzetan, nagusiki, krisi ekonomikoak bultzatu ditu estrategia hori hartzera. «Garaiaren larritasunaren ondorioz, handiagoa da orain koordinazio beharra».

Baina kontrasterako proposamena da orain aurkeztutakoa. Jendearen ekarpenekin osatu, eta maiatzean aurkeztuko diote Kulturaren Euskal Kontseiluari. Alderdiek, erakundeek eta eragileek hautatutako 55 ordezkari bilduko ditu kontseilu horrek, eta hark onartuko du azken dokumentua, eta hark aztertuko du plana martxan nola jarri.

Bi epeko estrategia

Bi epetan banatu dituzte proiektuak proposamenean. Hamar dira orain abiatu eta 2014 amaierarako bukatzekoak. Eta beste hamar aurten abiatu eta 2015ean bukatzekoak. Urte amaieran burututa behar luketenen artean daude, adibidez, diru laguntzen mapa osatzea, kultura kontsumoa sustatzeko proiektua egitea, musikaren bulegoa sortzea eta Dokumentu Publikoei eta Artxiboei buruzko legea bultzatzea.

Iaz hasi ziren lanean erakundeak, eta atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia. Aurrez, kultur eragileekin izan zuten bilera ekinbidearen nondik norakoen berri emateko. Muñozek azaldutakoaren arabera, «harrera ona» egin zioten eragileek proiektu zerrendari, baina baita «harrera kritikoa» ere. Bilera iritzi kritikoak jasotzeko egin zutela, ordea, eta pozik azaldu zen jasotako erantzunarekin. Haren ustez, denbora da kultur eragileek ere erakundeen arteko koordinazioa bultzatzeko beharra eskatzen zutela. «Ez dut uste inork esango digunik erakundeen arteko foro hau ez dela beharrezkoa».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.kulturaauzolanean.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.