Ez du dilemarik

Richard Mosse argazkilari irlandarrak Deutsche Börse 2014 nazioarteko saria jaso berri du 'The Enclave' lanagatik.Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazka irudikatu du, arrosa kolore biziz

Kameraren «potentzial estetiko osoari», etekina ateratzen dio argazkilariak. RICHARD MOSSE / JACK SHAINMAN GALLERY.
Londres
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«Naturalismoa ez da beste edozein estrategia baina egiazkoagoa». Aspaldiko ustea du hori Richard Mossek (Kilkenny, Irlanda, 1980). Ez benetakoagoa, ez eraginkorragoa; hala erakutsi berri du The Enclave (Kokalekua) proiektuarekin. Deutsche Börse 2014 nazioarteko saria eman diote Londresen horri esker, eta bide batez argazkilaritzari egindako ekarpena aitortu.

The Enclave irlandarraren azkenetako lana da, Infra izeneko argazki segidari amaiera ematen diona. Kodak Aerochrome filmarekin Kongoko Errepublika Demokratikoan ateratako irudiek osatzen dute. Pelikula horrek argi infragorria jasotzen du, eta errebelatutakoan arrosa kolore-sortak ordezkatzen du paisaiaren berdea, gerraren errealitate krudelari errealismo magiko kutsua emanez.

Argazkilariak Susan Sontag ekartzen du gogora bere aukera defendatzerakoan. Idazle, zinemagile eta intelektual estatubatuarrak behin adierazi zuen film zuri-beltza erabiliz kazetari grafikoek dilema etiko-estetiko bat saihestu izan dutela. «Neurridun eta objektibo» itxura ahalbidetu die zuri-beltzak giza sufrimendua erretratatzerakoan. «Nik, ordea, kameraren potentzial estetiko guztia baliatzea ere balekoa dela uste dut», dio Mossek. Balekoa, eta eraginkorra.

Lortu ahal izan zituen film guztiak poltsan sartu —Kodakek ez du jada Aerochrome ekoizten—, eta Ipar Kibun, gatazka eremuan, barneratu zen 2012 eta 2013 artean, Trevor Tweeten argazki zuzendariarekin eta Ben Frost musikagilearekin batera. Matxino talde baten egunerokoa jasotzea zen haien asmoa, eta Aerochromea ezin hobea zen horretarako. Helburu horrekin sortu zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadak 40ko hamarkadan: kamuflatutako arerioa atzemateko.

«Banuen eskarmentua, antzeko esperientziak bizitakoa nintzen, eta banekien ni saihesten saiatuko zirena», azaldu duelkarrizketa batean. «Kongoko armada, beste matxino taldeak eta Mai Mai-ak dituzte etsai, eta sarraskitzeko eta arpilatzeko baino ez dira irteten oihanetik». Nomada gisa bizi dira gerrillariak, etengabe lekuz aldatuz. Hori hala, «zaila da borroken arrastoa jarraitzea. Adreiluen eta porlanaren ordez behin-behineko etxolak dituzte, arma zuriak misilen partez, isil-isilik hiltzen duten matxeteak, eta historia irensten duen landaretza».

Film infragorriak ikusezina den atal bat nola bistarazten duen, hori egin zitzaion deigarria hasiera batean, eta horregatik aukeratu zuen. «Baina teknologia militar hori modu hausnarkorragoan ere erabili nahi nuen, argazkilaritzak Kongo nola irudikatu izan duen eztabaida sortzeko», dio argazkilariak. «Irudikapenak itotako herrialdea baita Kongo».

Bide horretatik, argiaren espektro jakin bat ez ezik, errealitate oso bat azalarazi du Mossek, eta ahaztutako gatazka baten gainean jarri du fokua.

Ahaztutako gatazka

Kongoko Errepublika Demokratikoan 1998an hasi zen gerra, eta ordutik bost milioi baino gehiago dira hildakoak. Zifra handiak irudikatzea kostatzen zaienentzat: Ruandan 1994ko genozidioan hildakoak, Bosnian 1990eko hamarkadako garbiketa etnikoaren biktimak, Darfurkoak, Hiroshiman eta Nagasakin heriotza topatu zutenak, 2004an tsunamiak irentsi zituenak, eta irailaren 11n New Yorkeko dorre bikietan zeudenak —baina irailaren 11 urteko 365 egunetan gertatu izan balitz bezala—; horien guztien batuketa bikoiztuta da Kongon gerra hasi zenetik hil dituztenen zifra ofiziala.

Halako giza hondamendiak, ordea, ez du neurriko oihartzunik hedabideetan. Amua behar izaten da gatazka luzeen inguruan berriz idazteko. Urteurrenenbat. Aitzakia. Eta horixe izan da The Enclave iaztik, Mosseren lanak Veneziako biurtekoan Irlanda ordezkatu zuenetik. Dozenaka elkarrizketa egin dizkiote Erresuma Batuko eta nazioarteko egunkari, telebista eta aldizkari berezitu entzutetsuenek.

Era berean, hedabideetan izandako islak milaka lagun erakarri ditu lanaren inguruan egin diren erakusketetara. Etengabea izaten ari da joan-etorria The Photographer's Gallery-n, proiektua osatzen dute argazkietako batzuk ikusteko. Eta ilara luzeak sortu dira egunez egun Londresko Sohoren bihotzean, Brewer kalean dagoen lurrazpiko auto aparkalekuaren atarian. Bertan egon da erakusgai irlandarraren azken lana, The Vinyl Factory ekimenaren eskutik. Eta egunkariko artikulu onenak ezingo lukeen moduan, 40 minutuz bisitarien erabateko arreta lortu dute sinkronizatutako sei pantailak.

Artearen hizkuntzarekin abiatu da Mosse kazetaritzaren eremuetan barrena, eta eraginkortasuna lortu du. «Kazetaritza oso garrantzitsua da gatazkak irudikatzerakoan, baina ez da estrategia bakarra. Fotokazetaritzaz gain dozenaka arte modu daude hori egin dezaketenak», esan zion irlandarrak Joerg Colberg kazetariari. "Artea ez denez kazetaritza bezain instrumentala, arnasteko aukera handiagoa ematen digu. Eta oso garrantzitsua da hori, mundua oso leku konplexua baita». Konbentzituta dago: «Eraikitako zerbaitek kazetaritzak baino indar handiagoarekin eta garbiago hitz egin dezakeen uste osoa dut».

Richard Mossek ez du dilema etiko-estetikorik. Bere gerra arrosa kolorekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.