Adiskide. Lemoa

Bi indar erakustaldi

Zazpi Iturri eta Uharte final-laurdenak 3-0 irabazita sailkatu dira BERRIA Txapelketako finalerdietarako

Martija kadete mailako Uharteko aurrelaria, pilota jotzeko zorian, iragan igandeko kanporaketan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Zazpi Iturrik eta Uhartek indar erakustaldi bana ema zuten iragan asteburuan jokaturiko BERRIA Txapelketako final-laurdenetan. Biek talde sendoa dutela erakutsi, eta 3-0 irabazi zituzten euren kanporaketak. Biak txapela irabazteko hautagaiak dira, baina bakarra iritsiko da finalera, hilaren 16an elkarren aurka jokatuko dutelako Zestoan, bigarren finalerdian. Aurretik, igande honetan, Tolosan, Aurrera Saiaz Bidegoiango taldeak eta Markinak lehen finalerdia jokatuko dute. Finala hilaren 23rako programatua dago, Hernanin.

0. Zazpi Iturri 3

KADETEAK

Ereño-Arandia 10

Egiguren-Erauskin 22

GAZTEAK

Etxebarria-Sainz 10

Irribarria-Erasun 22

NAGUSIAK

Legorburu-Galarza 10

Jaka-Garmendia 22

Zazpi Iturri iazko bidetik doa aurten BERRIA Txapelketan. Txapelaren egungo jabeak titulua berriz irabazteko faboritoetako bat dela erakusten jarraitzen du. Hala egin zuen iragan larunbatean, Adiskideri, Galdakaon, bere etxean, ia aukerarik eman gabe irabazi zionean. Hiru partidak emaitza berarekin irabazi zituen: 10-22. Kadete mailako partidan, Ereño Adiskideko aurrelariak min hartu zuen sorbaldan, eta bere jardunak lehia baldintzatu zuen. Zazpi Iturrikoak, aldiz, ondo aritu ziren, eta Egiguren aurrelaria nabarmendu zen, hamasei tanto eginda.

Gazte mailako partida desorekatua izan zen. Etxebarria Galdakaoko aurrelariak ez zuen zorterik izan errematean; Irribarria Zazpi Iturrikoak, aldiz, bai, batez ere pilota txokoan moztuz. Atzean Erasun gehiago izan zen, eta orekatuta hasiriko lehia (5-5), berehala hautsi zen. Nagusiak hasi zirenerako kanporaketa erabakita zegoen; hala ere, Erik Jakak hilaren 24an profesional mailako debuta zergatik egingo duen erakutsi zuen. Hamalau tanto egin zituen eta hark agindu zuen partidan.

0. Uharte 3

KADETEAK

Gisasola-Etxeberria 11

Laso-Martija 22

GAZTEAK

Mendia-Lejarreta 9

Larunbe-Sarasa 22

NAGUSIAK

Arrese-Garcia 19

Yoldi-Linzoain 22

Uharte finalerdietako aurkaria Zazpi Iturri izango zela jakinda kantxaratu zen iragan igandean Zestoan, eta Iruñerriko seikoteak ere nagusitasunez irabazi zion Lemoari. Lehen partidan ondo bideratu zuen kanporaketa (3-10, 8-15 eta 11-22). Laso aurrelariak itxura politeko pilotaria dela erakutsi zuen, tankera ezberdineko hamabost tanto eginez. Gazte mailako partidak, berriz, hasiera ona izan zuen (7-7), baina hortik aurrerakoetan goitik behera aldatu zen. Mendia-Lejarreta bizkaitarrak hutsak egiten hasi ziren; Larunbe-Sarasa nafarrak, aldiz, erasoan asmatzen (8-15 eta 9-22).

Bi partida irabazita eta 24 tantoren aldearekin, kanporaketa erabakita zegoen Uharteren alde. Halere, nagusi mailako partida ikusgarria izan zen. Lemoako Arrese eta Garcia hobeto hasi ziren (10-6 eta 15-12), baina Yoldi eta Linzoainek ez zuten galdu nahi eta gogotik lan eginda partida berdindu zuten (16-16 eta 19-19). Behetik gora eginda nafarrak freskoago iritsi ziren azken txanpara eta jarraian egin zituzten hiru tantoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.