Xiberoa Zinez asmoa abiarazi dute, zubererazko lehen film luzea egiteko

Hebentik elkarteak kanpaina hasi du Peio Cachenautek zuzenduko duen fikzioko lana egiteko beharko den dirua biltzeko

Jef Goihenexpe, Ttittika Rekalt eta Allande Errezaret izanen dira aktore nagusien artean
Xiberoa Zinez proiektuaren aurkezpena. Ezkerretik eskuinera: Mixel Etxekopar, Gonzalo Etxebarria, Pierre Vissler, Peio Cachenaut, Jeremy Garat eta Arnaud Agergarai.
Xiberoa Zinez proiektuaren aurkezpena. Ezkerretik eskuinera: Mixel Etxekopar, Gonzalo Etxebarria, Pierre Vissler, Peio Cachenaut, Jeremy Garat eta Arnaud Agergarai. ALLANDE SOKARROS

Allande Sokarros -

2011ko otsailak 10
Fikziozko film luze bat zubereraz... Nork pentsatuko zuen egun batean horrelakorik gertatuko zenik? Egitasmo iduriz neurrigabeko hau orainokoan hasiera fase batean baino ez bada ere, bururaino eramateko gogo tinkoa agertu dute bultzatzaileek, joan den larunbatean Maulen eginiko aurkezpen ekitaldi batean. Hebentik kultur batasunaren inguruan garatu den proiektu bat da, Muskildiko Peio Cachenaut gazteak aurkeztutako ideia baten ildotik. Hark du fikzioaren gidoia idatzi, eta hura izango da zuzendaria.

Proiektuari Xiberoa Zinez izena eman badiote ere, ez da hori filmaren izenburua izango, hau asmatzekoa dutelarik oraindik. Film luzeak 80-85 minutuko iraupena izango duela aurreikusi dute, eta istorioaren haria bi pertsonaia nagusiren arteko harreman korapilatsu eta gazi-gozoetan oinarrituta dago. Eguneroko biziaz atsekabetuta dagoen lagun bati —X izena eman dio gidoi-egileak— idazketarako zaletasun bizia sortzen zaio. Bide zail horretan aurrera egiteko laguntza edo aholku bila, osaba batengana jotzen du. Hark Hollywood goitizena du, AEBetan bizi izana baita.

Sasi-idazle bat da Hollywood izeneko pertsonaia eta, AEBetatik etxeraturik, Zuberoako bortuetan artzaintzan dihardu, jendartetik urrundurik, bakean eta bakartasunean bizitzeko asmoz. Haren iloba X jakintza eta aholku eske ikustera joango zaiolarik mendietako bere babesgunera, mirestea eta arbuiatzea, fidantza eta mesfidantza tartekatuko diren harreman anbiguoak haziko dira bion artean. Iloba eta osabaren arteko erlazio nahasi horrez gain, filmaren hariak beste ardatz nagusi bat izango du, hots, Xren urratsei jarraikiko dien itzalezko pertsonaia bat, berak inoiz ikusten ez duena, baina ikusliarren begi-bistakoa izango dena.

Film baten egiteko, asmoa ez da nahikoa. Baliabideen bila joan behar da. Lehenik eta behin, aktoreak eta laguntzaileak aurkitu behar dira, eta eginbehar horretan aurreratuak dira Hebentik kolektibokoak. Aktore nagusiei dagokienez, Xren rola jokatuko duena Jef Goihenexpe da, eta Hollywooden karguan ariko dena, Ttittika Rekalt. Azken honetaz badago entzuterik, 2009an Aloze-Ziboze-Onizegaine herriak eman Belagileen trajeria pastorala idatzi baitzuen, baita 2007an Ahüzki inguruan eman zen Oierko trajeria ere. Aktore nagusien artean ere egongo da Allande Errezaret, honek enpresa bateko buruzagiaren rola jokatuko duelarik.

Hogei egunez filmatzekoa

Aktoreez gain —hamarren bat, gehi figuranteak— beste eginbeharrentzat ere adiskide sare batean oinarrituta dago proiektua. Musikaren ardura Jeremy Garat eta Mixel Etxekoparren gain izango da, irudi hartzaile lanetan Peio Duhalde ariko da, soinuen hartzen eta moldatzen Pierre Vissler, apaindurak Uztaroko Gonzalo Etxebarria margolariaren eskutik egongo dira, eta storyboard-az axolatuko da Arnaud Agergarai.

Storyboard-a, hots, filmaren irudien bidezko haria, argazkiekin egiten hasiak dira jadanik proiektuaren bultzatzaileak. Horiek azaldu dutenez, metodo horren abantaila da filmak izango dituen 250 planoen filmatzeko guneak ikuskatzeko aukera ere ematen duela. Storyboard-eko irudiak egiten aritu dira dagoeneko, eta haien zati labur batzuk erakutsi dituzte proiektuaren aurkezpen ekitaldian. Kamera digitalez egingo diren irudi hartzeak berak, berriz, datorren udarako finkatuak dira, eta hogei bat egunez egitea espero dute filmaren bultzatzaileek. Jendearengandik diru laguntzak eskuratzea ere espero dute, 45.000 euro ingurukoa izango den filmaren kostuari aurre egiteko, eta 50 euroko laguntza txartelak erosgai daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna