Pultsu bat, ikuskizun

'Herritmo' estreinatuko dute Oreka TX-ek, Kukai dantza konpainiak eta Kalakan-ek bihar Bilboko Arriaga antzokianHerri kirolen erritmotik abiatuta, dantza, musika eta txalaparta uztartzen ditu

Harkaitz Martinez de San Vicente, Jamixel Bereau, Mixel Ducau eta Juan Jose Otxandorena Errenteriako Niessenen egindako entsegu batean, aurreko astean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Errenteria
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«Ezdugu nahi herri kirolak plazatik ateratzea, baina foku baten azpian jarri nahi ditugu, ikuslea eroso dagoen leku batean, soinua eta arnasa ondo entzungo diren leku batean. Badakigu leku hori ez dela naturalki herri kirolena, baina zergatik ez jarri hor?». Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TX taldeko kideak azken entseguetako baten atsedenaldian esandako hitzek Herritmo ikuskizunaren osagai nagusietako batzuk aletzen ditu. Herri kirolak arte sorkuntzaren esparrura ekartzeko saioa da, ikuskizun artistiko bihurtzekoa, alegia: soinua eta arnasa, hots, erritmoa izanik lanabes nagusi.

Errenteriako (Gipuzkoa) Niessenantzokian ari dira azkenetako entseguetako batean lanean. Ia bi hilabete daramatzate horretan Oreka Tx taldeko kideek (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak, eta Mixel Ducau, Juan Jose Otxandorena eta Iñigo Egia musikariak), Kalakan ahots eta perkusio taldeak (Thierry Biscary, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere), Kukai dantza taldeak (Jon Maia, Nagore Indakoetxea, Nerea Vesga, Urko Mitxelena eta Alain Maia) eta Anne Anza (Dantzaz konpainia) eta Noemi Viana (Anakrusa konpainia) dantzari garaikideek. Guztiek osatzen dute Herritmo ikuskizunaren lantalde mardula. Lehendik dira elkarren ezagun. Oreka TX-ek eta Kukaik Hostoak ikuskizuna osatu zuten, esaterako. Bihar izango dute estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian (20:00etan). Euskal Herriko antzoki handietan erakutsiko dute ondoren, eta gero… «ateratzen dena». Hala dio Martinez de San Vicente proiektuari lehen arnasa eta planteamendua eman zionak.

Entseguan ez da herri kirolaririk ikusten, baina ikuskizunean izango dira. «Oraingoz ezustekoen atalean gorde nahi dugu zeintzuk izango diren». Ez da herri kirol zale amorratu baina beti atentzioa eman izan diote: «Beti erakarri nau herri kiroletan sortzen den mugimenduak. Oso mugimendu plastikoa dute, ikus-entzunezko elementuak dituzte. Kirol moduan baino gehiago ikusi izan ditut ikuspegi plastikotik eta sentimenduzkotik. Ikustekoa baita haren inguruan sortzen den giroa ere. Oso giro berezia da». Txalapartak egin duen ibilbidearekin parekatzen du herri kirolena ere, nahiz eta baden ñabardurarik.«Biak ere lan jardunetik eratorriak dira. Txalapartak lanerako erritmo bat zeukan, eta handik aprobetxatu dena ez da mugimendua, hotsa baizik, erritmoa. Horregatik, instrumentu bilakatu da. Herri kirolek mugimendua baliatu zuten, eta horregatik, dantza eta musika ez, kirol bilakatu ziren».

Herritmo ikuskizunak erritmoa du oinarrian. Ez da ezein erritmo, ordea. Herri bati dagokion erritmoa da txalapartariaren aburuz. «Lanbide mota batzuetatik datozen jarduerak dira, bizimodu baten erakusgarri dira. Horrek guztiak tempo bat dauka, pultsu bat, gaur egun errespetatzen ez duguna… baina gure herriaren pultsua hor kokatzen dut, ttakun-herren horretan».

Ikuskizuna ez da bertan ageri den diziplina bakoitza sustatzeko sortua izan: «Haiekin gozatzen dugulako eta horrela ateratzen zaigulako sortu dugu». Txalaparta, ahots eta perkusioak, euskal dantzak, herri kirolak... tradizioari erabat loturiko jarduerak dira. «Badakigu elementu herrikoiak direla oso. Ez genuen nahi, ordea, ikuskizun folkloriko bat egiterik». Horregatik, dantza garaikideko bi dantzariren agerpena. «Protagonista da haietako bat, gainera».

Folkloretik harago

Eta elementu folklorikoen agerpen huts izatetik harago joateko kanpoko begirada bat lortzen saiatu zen Oreka TX-eko txalapartaria. «Lanak ikuspegi unibertsal eta garaikidea izan dezan nahi genuen». Eta Hansel Cereza koreografo eta performance egile katalanari eskaini zion ikuskizuneko zuzendari artistiko lanak egin zitzan. Fura dels Baus konpainiaren sortzaile izan zen, eta 20 urtez aritu zen harekin lanean kontzeptuen sortzaile, zuzendari eszeniko eta sortzaile artistiko gisa. Martinez de San Vicentek egindako proposamena gustatu eta onartu egin zuen. Orduz geroztik, Euskal Herrian izan da, bi hilabetetik gora jada. «Ni erreminta bat gehiago naiz egitasmoan», dio umiltasunez, baina harena da ikuskizunari «egitura kontzeptuala» eskaintzeko eta eszenaratze egokiaz janzteko ardura. Horretarako, «errespetutik» abiatu da: «Ezezaguna zaidan kultura batez jabetzen saiatu naiz, baina euskal kultura ezin da bere osotasunean atzeman ez hilabete batean, ez bitan, ezta hirutan ere...». Halere, lanean aritu den asteotan ikuskizuneko adierazpide guztiak lotzen dituen ezaugarri komun bat atzeman du: desafioa. «Guztietan oso garrantzitsua da erronka pertsonala. Herri kirolean, nahiz eta izan erakustaldi hutsak zenbaitetan, beti dago erronka bat. Txalapartak ere badu horretatik, baina berezitasun batekin. Bi lagunek jotzen dute. Hor garrantzitsua da ikustea besteak zer egiten duen, zer sentitzen duen, nola uztartzen diren».

Erronka pertsonaltzat hartu du Cerezak Herritmo ikuskizunaren zuzendaritza artistikoa ere: «33 urte daramatzat honetan, eta uste nuen jada ez zitzaidala erronkarik geratzen. Arriskatu egin naiz egitasmo honetan sartzean. Erronka handia da, baina gogo handiz hartu dut». Eta ikuskizunaren ildo nagusia ere erronkak eta desafio pertsonalek bideratuko dute: «Hiru munduak, musika, dantza eta herri kirolak, mundu bakarrean sartu ditut, eta mundu horretan elkarrekin bizi daitezela».

Ikuskizunak 90 minutu inguru irauten du. «Benetan 85 minutukoa da, baina bisarekin ordu eta erdira iristea espero dugu», azaldu du Hansel Cerezak umorez. Musika konposaketa guztiak ikuskizunerako sortu dituzte beren-beregi, eta dantza koreografia osatzeaz Jon Maia arduratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.