Kimuz betetako harri bat

50 urte dira aurten Gabriel Arestik 'Harri eta Herri' argitaratu zuela, eta handia da oraindik haren itzalaAsko dira lan hark euskal literaturari egindako ekarpena aitortzen dutenak

Inigo Astiz
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Izen handia, eta aurkezpen txartel xumea: «Hiltzen naizenean egonen da / nire lauzaren gainean eskribu hau:/ Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego./ Pérez y López. Marmolistas. Derio». Orain 50 urte argitaratu zuen Harri eta Herri liburua Bilboko poetak, eta erreferentziazko lana bilakatu da geroztik. Han idatzi zuen bere hilarria poetak, eta hantxe ernatu zen gerra osteko euskal literatura ere. Neurri handi batean, behintzat. 1964an. Ezagunak dira haren poemak, eta ezaguna da haien itzala ere. Eta, halere, behin eta berriz berritzen da idazlearen ahotsa: «Hemen dago gizona. Paper / honetan dago. Nago». Xumea da aurkezpena, baina ez da edozein harri Arestirena. 50 urteren ondoren ere, handia da daukan grabitate indarra.

«Harri eta Herrik Gabriel Aresti poeta nazional bilakatu zuen». Horra liburuaren garrantzia. Iratxe Retolaza literatura kritikariak Euskararen Kate hautsiak libururako idazleari buruz idatzitako pasartean dator esaldia. Bazter batean, erdi lotsati. Orain 50 urte kaleratutako liburuaren azalaren ondoko argazki oinean, zehazki. Baina bertan. Orain hilabete gutxi argitaratutako liburuan. Eta interesgarria da testu nagusian Retolazak egiten duen erretratua. «Hizkuntza ereduek ikusketa sozialak eraikitzen dituztela, eta hartara, Arestiren ekarpenetan (eta diskurtsoetan) bereiziezinak dira gizarte-eredua, kultura-eredua, eta hizkuntza eredua. (...) Euskara klaroa, popularra, kaletarra eta obreroa aldarrikatu ez ezik, halako hizkuntza ere bere egin zuen».

Eta Koldo Izagirrek ematen du Arestiren liburuaren neurria. «Harri eta Herri ez dugu, egia da, gaztelaniazko itzulpenarekin argitaratu zen aurreneko poesia liburua. Baina Biotz-Begietan [Lizardirena] eta Arrats beran [Lauaxeta] haiek ez bezala, hemen irakurtzen ahal den gaztelania ez da euskaldunentzat, euskaldunek ez baitute inolako arazorik Arestiren euskara klaroa konprenitzeko. Denik ere ez dakien herri batentzako da hemengo gaztelania». Eta hori da berria dena. Paradoxikoa irudi lezake, baina horra egia bat: euskaraz irakurtzen ditu Arestiren euskarazko poemak irakurle euskaldunak. Ez da beti halakorik gertatu. Ez 1964ra arte. Harri eta Herri liburuaren 2000. urteko edizioko hitzaurrean datoz Izagirreren hitzok. Baina ez da soilik hizkuntza kontu bat. «Obra inaugurala da, idurian batua denez nazional eta edukian ezkerreko denez libre izan nahi duen literatura baten lehen liburua».

Oro errana da kasik hari buruz, eta, halere, indartsu mintzo da Arestiren ahotsa. Behin eta berriz. Belaunaldiz belaunaldi. Orriz orri. Ehunka dira hari buruzko ikerketak, eta etengabeak dira haren aipamenak. Arestiren ahots biblikoa ikertua du Iñaki Aldekoa literatura kritikari eta editoreak (Munduaren neurria, Alberdania, 1998). Haren lan ia guztien bilduma egina eta apailatua argitaratua du Susa argitaletxeak. Aurelia Arkotxak Maldan Behera poemari buruz idatzi zuen bere doktore tesia. Koldo Izagirrek aztertua du haren ekarpena. Amaia Lasak behin baino gehiagotan azpimarratu du bilbotarraren eragina. Hainbat hitzalditan aipatua du Bernardo Atxagak haren garrantzia. Moldatu dituzte haren bertsoak. Kantatu dituzte haren kantak. Antzerki bilakatu dituzte bere hitzak. Aitaren etxe zena, amaren etxe bilakatu dute aspaldi. Laudatu dute haren ironia. Txalotu haren konpromisoa. Sinplifikatu dute haren mezua. Egin zaizkio omenaldiak. Egin zaizkio bariazioak. Egin zaizkio ofentsak. Eskatu zaizkio barkamenak. Eta, halere, behin eta berriz itzultzen ditu begiak euskal literaturak liburu horretara. Bederatzi lerro xume horietara, bereziki. «Esanen dute / hau / poesia/ eztela, / baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat/ dela».

Arestiren «mirakulua»

Eta, hain zuzen ere, bederatzi lerro horiek hartzen ditu hizpide berriz ere Izagirrek XX. Mendeko Poesia Kaierak liburu bildumarako idatzitako hitzaurrean. «Poesia mailu bat dela esateko ausardia ukan zuen Gabriel Arestik eta estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek ikusi batean uste genezakeena baino irakurketa anitzagoa du: mailua lanabesa da eta, ondorioz, poesia tresna da, ez helburu. Bederatzi lerroko poematxo hartan jarri zen estreinakoz euskal poesia poesiari berari buruz hausnarrean, eta hori izan zen Harri eta Herri, ona edo txarra kategorietatik gorago dagoen liburu bat, modu berria zekarrelako. (...) Ikur bilakatu zen, eta esan genezake itzal egiten diola egilearen obra osoari».

«Mirakulua». Hitz hori baliatzen du Josu Landak Gerraondoko poesiaren historia liburuan (Elkar, 1983) Arestiren lanari buruz ari denean. «1964ko urtea da eta data horretan lortu du euskal liburu batek ordurarte beste ezeinek lortu ez zuena: irakurria, komentatua, laudatua eta arbuiatua izatea». Eta Harri eta Herri da liburu hori. Ordura arte ez zen halakorik gertatu euskal literaturan, Landaren hitzetan. Aldizkarien bidez hedatzen zen literatura ordura arte. Hor zuten oihartzuna. Ezinbestean. Eta horra Arestiren lanak agertzen duen beste egia bat: ordura arte liburuek ez zuten jasotzen erantzunik ez salmentan, eta ezta kritikan ere. Baina Arestiren lanarekin aldatu egiten da hori. Liburua jartzen da zentroan. Objektua. Irakurri egiten dute, eta hari buruz mintzo dira irakurleak. Eta garai berri bat abiatzen du horregatik poetak, Landaren hitzetan: «Liburuen aroa».

Arestik ere ikusten zuen oihartzun falta hori. Euskal Berpizkundeari buruz esan zituenetan argi ikusten da hori, adibidez. 1968an Mentalidad poetica vasca hitzaldian esandakoetan, kasu (Euskal mentalitate poetikoa). Hor dator Arestiren diagnosia. «[Berpizkundekoa] literatura idealista da, inolako gizarte interesik gabekoa, kaleko gizonaren arazoak urrundik baino lantzen ez dituena; naturala denez, ez du oihartzunik lortzen herrian. Liburuak ez dira saltzen, oso urriak dira irakurleak. Gainera, Lizardiren salbuespen ohoragarri eta merezimenduzkoa salbu, literatur balioa oso baxua da». Eta gerra dator gero Berpizkundearen ostean. Eta gerra ostea gero, gerraren ostean. Eta hortxe Landak deskribatutako giroa. Ibon Sarasolaren hitzetan orain: «Publiko irakurle berriak euskal literatura osoa baztertu zuen, literatura bezala ez zitzaiolako interesatzen soilki, eta sentitzen zuen irakurtze beharra, bere premia hori betetzen zuen erdal literaturatan konplituko zuen. Situazio honetan, publiko irakurle euskaldunaren zati haundienak ezagutzen eta leitzen duen lehen euskerazko liburua 1964-ean argitara zen G. Arestiren Harri eta Herri da».

Eta hor dator beste egia bat. Beñat Sarasola literatur kritikari eta idazleak deskribatzen du 452 F literatura aldizkariaren 9. zenbakian. «[Arestiren kasuan] poesiak euskararen egoerarekiko duen menpekotasuna garbi asko ikus daiteke. Arestiren poetika, garai hartan, afera extrapoetikoen mende zegoen». Baina inguru latz horretan ere, Francoren diktadura pean ere, euskararen batasunaren inguruko eztabaidaren erdian ere, arrakasta izan zuen liburuak. Eta horregatik Landak hautatutako hitza: «mirakulua».

Sinboloaren jatorria

Arnasa laburreko mirakulua, baina mirakulua, halere. Bakana izan zen Harri eta Herri-ren esperientzia. «Euskal kulturaren barnean literaturak ez zuen bere burua jaso lehen mailako postuetara (...). Baina literaturaren barnean ere poesiari eman zitzaion lekua —ez kuantitatiboa, inportantziazko baizik— biziki urria zen». Eta liburu harekin jasotako arrakasta gorabehera, hurrengo liburuarekin basamortura itzuli zen Aresti. Euskal Harria-rekin (1967). Landa: «Ez zuen aurkitu publikatzeko ausardia zeukanik, eta bere poltsikotik pagatuz publikatu behar izan zuen, era horretara, editore bihurtuz». Eta hortik Kriseilu argitaletxea. Eta hortik gero Lur argitaletxea.

Ez da harriari eskaini zion liburu bakarra. Euskal Harria idatzi zuen Harri eta Herri-ren ostean, eta Harrizko herri hau haren ondoren. Eta Jon Kortazar literatura katedradunak azaldua du sinboloaren jatorria. Badu Oteizaren teorien oihartzuna, badu beste idazle batzuen lanen itzala, eta badu bere kutsu biografikoa ere. «Harria eta herria lotzea, dirudienez, egileari berari gertatutako zerbaitetik sortu zen. Abadiñoko Salbatzailearen Baselizatik gertu hamabi harri daude, Durangaldeko herrien sinbolo gisa. Dena dela, oihartzun historiko horrek ez du ezabatzen beste poeta batzuen eragina. Celso Emilio Ferreiro galiziar poetak ere harria aipatzen du lehenagotik argitaratuko Longa noite de pedra liburuan; bestalde, Jon Juaristik Miguel Hernándezen poema bat gogorarazten digu, «vascos blindados de piedra», eta ikus daitezke euskal identitatea eta harria lotzen dituzten zantzuak Arestiren beraren lehenagoko poemetan».

Bazuen iragana harriak, beraz, orain 50 urte lehenengoz bota zuenerako. Eta emankorra izan da geroztik emaria. Orriz orri. Sasoiz sasoi. Harri bat kimuz beteta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.