Ikusezina, kamera aurrera

Laida Lertxundi zinemagilearen lan guztiak biltzen dituen 'Llora cuando te pase' erakusketa jarri dute Bilboko Alondegian

Lehen planora darama ohiko zinemagintzan «ikusezin» dena: espazioa eta soinua
Laida Lertxundi, atzo, erakusketaren aurkezpenean.
Laida Lertxundi, atzo, erakusketaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Larrabe -

2014ko otsailak 27
Ez da gidoirik bilatu behar Laida Lertxundiren filmetan. Ez da ezkutuko mezuen bila aritu behar. Ikusten eta entzuten dena, pantailan dagoena ulertzea besterik ez da behar. Dagoenaren irudia ematea jasotzen du Lertxundi zinemagileak bere lanetan. Tokiak, lekuak dira haren lehengai nagusia. Hollywoodeko zinemagintzan atze-oihal dena lehen planoan jarri eta protagonista egiten du hark. Bere lanak biltzen dituen Llora cuando te pase erakusketa aurkeztu zuen Bilboko Alondegian, atzo. Gaur hasi eta maiatzaren 18ra bitarte izango da ikusgai.

Film laburrak egiten ditu Lertxundik. Bilbotarra da jaiotzez, baina AEBetan bizi da. Film laburren jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu du azken urteetan, eta AEBetako hainbat museotan ere erakutsi ditu lanak. Bilbora ekarri ditu orain. Lehen aldiz, sorterrian erakutsiko ditu orain arte egindako zortzi filmak.

Begi eta belarriekin ulertzeko

Barruko zein kanpoko espazioak lantzen ditu film guztietan, paisaia zabalak eta itxiak. Eta horrekin jolas egiten duela adierazi zuen Lertxundik atzo. Zinemagintzaren industrian ikusezina dena bihurtzen du protagonista nagusi. Los Angeles hiriko inguruak landu ditu gehienbat: «Akzio pelikuletan agertzen ez diren espazioak subjektu bihurtzen ditut». Haren ustez, hiriak espazio publiko gutxi du, eta, horregatik, hirian egoteko erak irudikatu nahi izan ditu bere lanetan. Basamortuak eta mendi idorrak, errepideko motelak eta logela anonimoak dira, besteak beste, erabiltzen dituen agertokiak.

Filmetan bezala, Alondegiko erakusketan ere espazioen «jolas» hori irudikatu nahi izan dute. Hiru gunetan banatu dituzte Lertxundiren lanak. Lehenean, bideoteka jarri dute, Jorge Lopez Kondek diseinatutako zurezko estruktura duen etxe batean. «Barne eta kanpo espazioaren efektua sortzen du horrek», adierazi du Lertxundik. Footnotes to a House of Love Lertxundiren lehen lanean basamortuaren erdian agertzen den etxola batean inspiratuta eraiki du Lopez Kondek.

Bigarren gelan, bost lan jarri dituzte ikusgai, pantaila erraldoi batean. Eta azken gunea enbor formako eserlekuekin osatu dute, klima berezia sortuz. We Had the Experience but Missed the Meaning zinemagileak bukatu berri duen filma ikus daiteke han. Adolfo Bioy Casares idazle argentinarraren Todos los hombres son iguales kontakizuna du hizpide.

Soinuek ere garrantzi handia dute Lertxundiren lanetan. Fikziozko zinemagintzan soinu banden erabileraren funtsa «desegiten» ari dela adierazi zuen. Horrekin hautsi, eta zuzeneko soinuak grabatzen ditu: «Entzuten diren soinu guztiak daude filmaren barruan». Zuzenean jotzen duen musikari bat ez bada, pantailan agertzen den gailu batetik entzuten den zuzeneko musika da filmetan entzuten den soinua.

Behaketa bat egingo balu bezala, kanpo faktorerik gabe, enkoadraketaren barruan jasotzen duena ikusi eta entzuten da Lertxundiren filmetan: «Irudi eta soinuen arteko konposizioak dira. Film batekin baino antz handiagoa dute musika konposizio batekin».

Artisau lana eta intimitatea

«Artista batenaren antzekoa da filmak egiteko dudan teknika», nabarmendu nahi izan zuen Lertxundik. Ez ditu egun kopuru jakin bateko grabazioak egiten, ez eta gidoi bat jarraitzen ere, ohiko zinemagintzan egiten den bezala: «Etengabe aritzen naiz soinu eta irudiak grabatzen eta argazkiak ateratzen». Hainbat hilabetetan bildutako material horri forma ematen dio gero zinemagileak. 16 milimetroko kamerarekin lan egiten du. Zaharkitua dagoen teknika den arren, artisau lana gustuko duela nabarmendu du Lertxundik.

«Lan egiteko era hori filmazio talde iherarkizatu batekin egin ohi da», aitortu du zinemagile bilbotarrak. Baina haren taldeko partaideak artistak eta kolaboratzaileak dira: «Grabaziorako teknika amateurra erabiltzen dut, nahita». Pertsonen arteko intimitatea lortzen duela aitortu du. Eta garrantzia ematen dio horri: «Egun asko egiten ditugu grabaketetan, eta esperientzia komun ugari sortzen ditugu».

Lertxundik filmak osatzeko duen era ez da «zaila», Andy Davies erakusketako komisarioaren ustez, baina lasaitasuna eskatzen du: «Sentsibilitatea, pazientzia, denbora eta arreta eskatzen du». Eta erakusketaren antolaketak lagundu egiten du horretan; bereizita daude hiru gune: sofak, ondo entzuteko soinu aparatuak eta aurikularrak. Lertxundik filmetan erakutsi nahi duenak ikusleari ihes egin ez diezaion: soinuak eta irudiak. Eta pantailan agertzen dena zuzenean jaso dezan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna