Euskal ondare bibliografiko historikoa sarean biltzeko ataria sortu du Jaurlaritzak

Erakunde publiko eta pribatuen bildumak digitalizatu, eta herritarren eskura doan jarriko ditu Liburuklik webguneanOraingoz 3.000 titulu eta 350.000 irudi daude, eta aurki «biderkatzea» espero dute

Antso Jakituna fundazioaren liburutegiko funtsak Liburuklik-ek eskuragarri jarritakoen artean daude. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ondare bibliografiko historikoa digitalizatzeko eta sarearen bidez ikerlarien eta oro har herritar guztien eskura jartzeko ataria sortu du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak: www.liburuklik.euskadi.net. «Oraingoz hasi besterik ez den proiektua» dela nabarmendu du Antonio Rivera Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. «Helburua da arlo pribatu eta publikoko erakundeen ondarearekin osatzea, erreferentziak gehitzea, eta denon artean liburutegi digital handi eta zabala sortzea».

Zenbait erakunderen funtsak lortu dituzte dagoeneko. Eusko Legebiltzarreko, Antso Jakituna fundazioko, Arabako Foru Aldundiko, Loiolako santutegiko eta Eibarko Toribio Etxebarria funtseko agiriak bildu, eta atari horretan jarri dituzte eskuragarri, PDF euskarrian deskargatzeko moduan, eta doan.

Gaur-gaurkoz, 3.000 argitalpen jaso dituzte. Eta 350.000 irudi ere. Baina datozen aste eta hilabeteetan kopuru horiek «biderkatu» egingo direla azaldu du Riverak, hainbat erakunderekin lankidetza hitzarmenak lortzeko elkarrizketetan baitira Kultura Saileko arduradunak, eta sailaren aurrekontuaren zati bat ere zenbait dokumentu digitalizatzera bideratu baitute. Orotara, 690.000 euro inbertituko ditu Jaurlaritzak, urtea amaitu bitarte. 550.000 euro Kultura Sailak jarriko ditu; eta 140.000 euro, Espainiako Kultura Ministerioak.

Liburuklik atarian, 1940. urtera arteko ondarea jasoko dute, batik bat, egile eta jabetza eskubideekin sor daitezkeen arazoak saiheste aldera.

Hala ere, dokumentu berriagoren bat jasotzeko baimena izatekotan, atariaren arduradunek, hots, Kultura Saileko agintariek ez dute baztertzen berau jasotzeko eta zabaltzeko aukera. Eta halaxe egin dute Micaela Portilloren lanekin. Familiaren baimenaz, 1975eko obrak ere jarri dituzte atari sortu berrian.

Riveraren esanetan, Kultura Sailaren «proiektu estrategikoa» da Liburuklik, «euskal kultura lantzeko dugun ikuspegiaren lau ardatz barne hartzen dituelako». Batetik, «ondare historikoa biltzeko, zaintzeko eta zabaltzeko» tresna izango da, Riverak esan duenez. Eta, bigarrenik, «teknologia berrien bidez, herritar ororen eskura jarriko dugu kultura. Liburuklik-eko funtsetara sarbidea izateko aski izango da ordenagailu bat eta Interneterako konexioa izatea».

Horretaz gain, «euskal hizkuntza eta kultura munduaren luze-zabalean ezagutarazteko tresna ere izango da. Baita hainbat erakunderen arteko elkarlanerako esparrua ere».

Alde horretatik, aurreko Jaurlaritzaren lanari segituz, Irargi Euskadiko Ondare Dokumentalaren Zentroaren funtsak Liburuklik-en bidez eskuragarri izango direla azaldu du Riverak. Eta, besteak beste, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako museoei ere egin diete gonbita beren funtsak Liburuklik-en bidez zabal ditzaten.

Halaber, Sociedad Bilbainarekin harremanak «nahiko aurreratuta» daudela esan du, eta aurki elkartearen ondarea sarean zabaltzea espero dutela.

Kultura sailburuordeak esan duenez, Liburuklik atariak sarean diren agiri historiko guztien bilatzaile eta biltzaile lanak egingo ditu. Hau da, «baten batek etxean beretzat gorde nahi badu zerbait, antikuario edo bildumagile izan nahi duelako, ederto, bere erabakia da. Baina sarean zabaltzen badu, une horretatik bertatik Liburuklik-ek berau bilatzeko eta eskaintzeko aukera izango du», argitu du.

Europeana sarearen parte

Hartara, euskal ondare bibliografiko historikoa Europeana sarearen parte bilakatuko da. Izan ere, Liburuklik-en jasotako material guztia Europako hainbat erakunde publiko zein pribatutako ondarea kudeatzen duen atariaren bidez ere izango da eskuragarri.

Oraingoz bildutako agirien artean, liburuak, egunkariak eta kartel politikoak daude, besteak beste. Esate baterako, Eusko Legebiltzarreko agirien artean euskarazko erlijio lanen bilduma bat dago. Axularren Gero-ren ale bi, tartean. Eta Loiolako santutegiko bibliografiaren barnean, euskarazko 325 lan daude, «bakarrak eta balio handikoak».

Arabako Foru Aldundiaren bidez, Micaela Portilla eta Manuel Iradierren obra guztiak eskuratu ditu Jaurlaritzak, eta Liburuklik-en jarri.

Hemeroteka landuko dute, orobat. Euskarazko kazeta eta aldizkari «ia gehienak» lortzeko moduan izango direlakoan dago Rivera. Espainierazkoekin ez du horren garbi. Oraingoz, Arabako eta Gipuzkoako zenbait egunkari jasotzea lortu dute. Adibidez, Arabako La Libertad eta El heraldo alavés-en aleak kontsultatu daitezke honezkero. Franco hil arteko 350 kartel politiko ere ikus eta inprima daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.