Soderbergh, Polanski, Ozon eta Coen anaiak, Urrezko Palmaren lehian

Cannesko zinema jaialdia egingo da gaurtik hilaren 26ra, eta 'The Great Gatsby' filmarekin hasiko dute

Agentziak
Cannes
2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Cannesko 66. Zinemaldia egingo da gaurtik hilaren 26a bitartean, eta han, Frantziako Kosta Urdineko hirian, hogei pelikula lehiatuko dira sari nagusia, Urrezko Palma, irabazteko. Izen handiko zuzendarien lanak pantailaratuko dituzte Lumiere antzokian, Sail Ofizialaren barruan. Steven Soderbergh, Alexander Payne, Roman Polanski, Takashi Miike, Hirokazu Kore-eda, François Ozon eta Jim Jarmuschen lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste. F. Scott Fitzgeralden Gatsby handia eleberriaren zinemarako egokitzapenak irekiko du gaur jaialdia, baina ez da lehiatuko. Baz Luhrmannek zuzendu du, eta Leonardo Di Capriok jokatu du pertsonaia nagusiaren rola. Di Caprio bera Cannesera joatekoa da. Izar gehien biltzen duen zinema jaialdia da, eta epaimahaiko burua zinemagile historiko bat da: Steven Spielberg. Ang Lee eta Cristian Mungiu zuzendariak, eta Nicole Kidman eta Christopher Waltz aktoreak dira epaimahaiko kideetako batzuk.

Urrezko Palma irabaztearren lehiatuko diren pelikulez gain, beste hainbat lan estreinatuko dira Cannesen. Horietako bat da Muhammad Ali's Greatest Fight, Stephen Frears zuzendariarena. Boxeolariak AEBetako gobernuarekin izandako borroka kontatzen du.

Un Certain Regard saila, Sofia Coppolaren The Bling Ring-ek irekiko du, eta beste sail batean 20 film zaharberritu emango dituzte: Cleopatra (1963), Lucky Luciano (1973), La grande bouffe (1973) Fedora (1978) eta The Last Emperor (1987), besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.