Albistea entzun

Artea arbuiatzen zuen artista

Francesc Catala-Roca argazkilariaren 150 lan daude Donostiako Kutxa-Kubo aretoan

Espainian eta Herrialde Katalanetan 1953 eta 1964 artean herriz herri eta hiriz hiri egin zituen erreportajeetakoak dira
La Chunga dantzari eta margolariaren ahizpa txikia, Bartzelonan egindako argazki batean.
La Chunga dantzari eta margolariaren ahizpa txikia, Bartzelonan egindako argazki batean. FRANCESC CATALA-ROCA / ARXIU FOTOGRAFIC DE L'ARXIU HISTORIC

Juan Luis Zabala -

2014ko otsailak 14

«Artea egiteko ideia gogotik arbuiatzen zuen arren», argazkigintza dokumentala, «begirada pertsonal berri bati» esker, artelan bihurtu zuen Francesc Catala-Rocak, «bere irizpidearen aurka», Chema Conesaren ustez, Catala-Rocà. Maisulanak erakusketaren komisarioa. Conesak, 2010ean, Catala-Rocaren 150 argazki hautatuz apailatu zuen erakusketa —Madrilgo La Fabrica galeriak eta Barrie Fundazioak ekoitzia—, eta Donostiako Kutxa-Kubo aretoan ikus daiteke egunotan, ekainaren 1a bitarte. Aurretik, Espainia, Galizia, Portugal eta Herri Katalanetako hainbat hiritan izan da ikusgai, arrakasta handiarekin.

Argazkigintzaren arloan, eragin handiko berritzailea izan zen Francesc Catala-Roca (Valls, Herrialde Katalanak, 1922-Bartzelona, 1998), batez ere XX. mendeko 50 eta 60ko hamarkadetan. Kataluniako Arkitektoen Elkargoak gordeak dituen Catala-Rocaren 200.000 negatiboen artean egin zuen erakusketarako aukeraketa Conesa komisarioak. Hautatu zituen 150 argazkiak Catala-Rocak 1953 eta 1964 artean Espainian eta Herrialde Katalanetan egindako erreportajeetakoak dira, zuri-beltzean formatu karratuan eginak denak. Erakusketako argazkietako batzuetan, pertsona ezagunak ikusten dira, Salvador Dali eta Joan Miro besteak beste, baina, gehienetan, jende anonimoa ageri da: herri txiki batean egindako hileta batera joandakoak; bi guardia zibil, elkarrekin solasean hondartza baten ondoan; militar bat zaldi gainean, talko hautsak iragartzen dituen ume baten argazkiaren ondoan; jendea hirian ibiltari, edo kalearen erdian Pueblo egunkariaren ale bat irakurtzen; aita-semeak, euripean espaloi batean aurrera; emakume batzuk loteriako zozketako zenbakiak egiaztatzen, Madrilgo Puerta del Sol plazan…

Aita argazkilaria zuenez —Pere Catala Pic— eta txikitatik harekin lan egin zuenez, argazkigintzaren alderdi teknikoetan oso trebea zen Catala-Roca, eta bere lanetan beti igartzen da argiaren eta konposizioaren erabilera egoki eta eraginkor bat, adierazkortasun handikoa. Horrez gain, profesionaltasun handiko argazkilaria izan zen, lanari oso emana bizi izan zena.

Conesak 15 urte zituela ezagutu zuen Catala-Roca, 60ko hamarkadan, baina «zeharka», jakin gabe benetan nor zen eta zer egiten zuen. «Gizon bat etorri zen gurasoen etxera, kamera handi bat eta larruzko poltsa handi bat aldean zituela, hautsitako sudur batekin pastazko betaurreko batzuei eusten ziela, balkoitik Murtziako [Espainia] erakustazokaren argazki bat egiteko baimena eskatzera». Argazki hura «urte askoren buruan» aurkitu zuen Conesak Murtziari buruzko gida turistiko batean, Catala-Rocak sinatuta. «Harrituta geratu nintzen, argazkia ikusi nuen garaian ezagutzen bainuen dagoeneko Catala-Rocaren lana, eta hura niretzat beti izan baita erreferentzia nagusietako bat —nire belaunaldiko argazkilari guztientzat bezala—».

Gidoirik gabe bidaiari

Argazkilari profesional gisa, hainbat argitalpenetarako lan egin zuen Catala-Rocak 50eko hamarkadan, eta Destino argitaletxeak Espainiako aurreneko gida turistikoetarako argazkiak enkargatu zizkion. Argazki kamera lagun hartuta, herriz herri eta hiriz hiri ibili zen urte haietan, Vespa motor batean lehenik, Seat 600 auto batean gero. «Monumentuei ere egiten zizkien argazkiak, hori bere lanaren partea zuelako, baina ez soilik monumentuei», Conesak azaldu duenez. «Gidoirik gabe bidaiatzen zuen, bidean aurkitzen zuen Espainiaren erretratua egiteko ideia gidari zuela. Argazkilari absentearen jarrera hartu zuen beti: errealitatetik une bat erauziz, bere begiradaren bitartez, gertaera hutsal bat gertaera gogoangarri bihurtzen duenarena. Horretaz jabetu gabe, Henri Cartier-Bressonek argitaratu, ezagutarazi eta zabaldu zituen arauen aldeko aldarria egin zuen. Diskurtso pertsonal bat sortu zuen, eta diskurtso horrek, denborak aurrera egin ahala, irizpideak eta nortasuna eman zizkion argazki erreportajegintzari».

Bere lanaren eraginaz kontzientziarik izan gabe lan egin zuen beti Catala-Rocak, Conesak dioenez: «Apaltasunez eta bere kasa, profesionaltasun handiz beti». Kamera karratua hautatu zuen lanerako, horrek aukera ematen ziolako bezeroek eskatzen ziotenari hobeto erantzuteko. Hark argazki karratuak igortzen zituen argitalpenetara, eta argitalpenetan erabakitzen zuten haiek nola argitaratu: argazki horizontal gisa batzuetan, bertikal gisa besteetan… Conesak argitalpenetan ezagutu zituen lehenik Catala-Rocaren argazkiak, argazki horizontal edo bertikal gisa ebakita, eta jatorrizko negatibo karratuak ikustean jabetu zen jatorrizko formatuan ez zirela inondik ere desegokiagoak. Horregatik erabaki zuen, erakusketa apailatzean, Catala-Rocaren argazkien jatorrizko formatu karratua errespetatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Askotariko lanak bildu dituzte erakusketan. Irudian, Marianna Christofides artistaren <em>It Exhausts my Elbow</em> proiektuko (2018) zenbait diapositiba. ©GORKA RUBIO / FOKU

Belaunaldi baten uzta

Ainhoa Sarasola

Bost urteotan Donostiako Tabakaleran egonaldia egin duten zenbait artistaren obrak ikusgai jarri dituzte zentroan, aurreneko aldiz, 'Estudiotik at' erakusketan

Don Inorrez taldeko abeslari eta gitarra jotzaile Imanol Ubeda, kontzertu batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Don Inorrez musika taldeak 'Esku hutsik' bigarren lan luzea plazaratu du

Olatz Enzunza Mallona

Don Inorrez musika taldeak 'Esku hutsik' bigarren lan luzea plazaratu du. Hamar kantuz osatuta dago, eta aurreko lanaren jarraipen gisa deskribatu dute

 ©JON URBE / @FOKU

Goi mailako joskintzaren argi-ilunak, 1920etako Paris bohemioan

Amagoia Gurrutxaga Uranga

'Distira eta alderantzia' nobela laburra aurkeztu du Joxean Agirrek, Elkar etxearekin. 'Ispiluak eta itsasoak'-ekin hasi zuen trilogiaren segida da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.