Aireztatu nahian

'Oroimen mosaikoa' izenarekin, hirugarren diskoa plazaratu du Nabil Lekeitioko musika taldeak

Nabil taldeko laukotea. NABIL.
Iñaki Etxeleku.
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Airea eta haizea ditu gai nagusia Oroimen mosaikoa diskoak. Elementuekin dabil Nabil taldea sortzetik. 2007an plazaratu Bere begiei lehen diskoak ura zuen bezala, bigarrenak (Egunsenti bat lez, 2010) lurra zuen inspirazio langaia. «Gure asmoa da lau disko egitea elementuen ideia horrekin», azaldu du Unai Egia taldeko abeslari, gitarra jotzaile eta kantuen egileak. «Saiatu gara bai hitzetan, bai musikan, airearen inguruko atmosfera bat sortzen, koherenteak izanez kontzeptu horrekin». Haize sampler batekin abiatzen da funtsean hamar abesti dituen diskoa.

Pozik daude Nabil taldekoak emaitzarekin. Orain arte gehiago pop-rock estiloan sartuak baziren argi, hemen gauza ezberdin gehiago sartu dituzte, «ukitu elektronikoa» nabari duelarik diskoak. «Uste dut lortu dugula alde gehiagoren sartzea. Nabilen pop-rock oinarria hor dago, baina badauzka metal ukitu batzuk, elektroarena, aurreko diskoetan ez zena». Ahotsei jarri efektuetan entzuten da hori, distortsio ezberdinekin. Iraun Urkaregi, bigarren gitarristak ditu grabaketa eta nahasketa lanak egin Lekeitioko Bedroom Studiosen, eta harenak ere dira efektu horiek.

Argazkietan, aurpegia haizeari emanak agertzen da laukotea, eta izenburuak dioen bezala, oroimeneko aipuak dakartzate kantuek. Oroimena aireztatu nahi balute bezala. «Bai, bada atzera begirako bat, nire haurtzarora, baina baita garai hurbilago batera ere. Nire semea duela 3 urte sortu izanaren eragina». Testuetan sentitzen da iragan horri lasaitasun batekin begiratzeko gogoa. «Hain urrun eta hain hurbil zaituztet, bakea eta lasaitasuna», dio Gogoeta paranoikoa abestiak. «Badago horretatik, gure adinean pausatuagoak bezala gara. 30 urte arte horretan ibili nintzen Txapelpunkekin, honekin eta besteekin, parrandak... Eta orain semea, emaztea, bai, beste bizimodu batean naizela esan daiteke». Garai batetik besterako iraganbidean balitz bezala ikusten du bere burua Unai Egiak, zehaztuz, halere, Unai Zendoiak lagundu duela hitzentzat. Oroimenen mosaikoa kantuan, diskoari izena eman dionean hain zuzen, hala dio Zendoiak: «Hasiera baten amaiera, amaiera baten hasiera» dela.

Biziaren nekearen aurrean, airea hartu beharra aipatzen da ere diskoan, eta musika munduan gertatzen denarekin ere lotzen du behar hori Egiak. Baita hemengo musika panoraman ere, Nabil bezalako talde batentzat leku askorik ez dagoela dio. «Ez gara hasiko tronpetak eta horrelakoak sartzen», dio barrezka.

Unai Egia eta Iraun Urkaregiz gain, baxuan David Figueiras eta baterian Fernan Patxeko ari dira Nabilen. Masterizazioarako, Madrilgo Jose M. Rosillorengana jo dute, Dani Martin eta Amaralekin lan egin duena. Unai Agirrek (Minusculo) lagundu ditu programazio eta samplerrak grabatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.