Adiskidetasunari buruzko gogoeta bik hartu dute lekua Berlinalen

Danis Tanovicek 'Epizoda u Zivotu Beraca Zelzeja' aurkeztu du; David Gordon Greenek, 'Prince Avalanche'

Agentziak
Berlin
2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Elkartasunaren eta adiskidetasunaren aldeko bi aldarrik bat egin zuten atzo Berlinalen, Sail Ofizialean eta sarietarako lehian. Oso forma eta ikuspegi ezberdinekin bada ere, larrialdietatik ateratzeko modurik egokiena laguntasuna dela azpimarratzen baitute Prince Avalanche David Gordon Green estatubatuarrak zuzendutako komediak eta Epizoda u Zivotu Beraca Zeljeza Danis Tanovic serbiarraren dramak.

Su hartu duen baso batean errepideko marra marrazten ari diren bi gizon dira Prince Avalanche-ko protagonistak. Adin eta asmo oso ezberdinekoak izanik, ikasi beharko dute elkarrekin lan egiten, nahiz eta erraza ez izan. «Su hartu eta suntsitu den baso batetik bizitza sortzen da. Eta elkar jasaten ez diren bi lagunen artean ere enpatia sortuko da, bilatuz gero», adierazi zuen Gordon Greenek filma aurkeztu ondoren. Hafstein Gunnar Sigurossonek aurretik egindako film baten egokitzapena da Prince Avalanche.

Ezer ez da konponezina bizitzan. Badirudi hori adierazi nahi duela Gordon Greenek.

Ideia hori bera uler liteke Danis Tanovicen filmean ere. Ijito bosniar familia batek jasan beharko duen babesgabetasunaz hitz egiten du No Man's Land laudatu eta sarituaren egileak Epizoda u Zivotu Beraca Zeljeza-n. Baliabiderik eta bazterkerian bizi dira eta beharra dutenean ez diete arreta medikurik ere eskainiko, familiako ama hilzorian egon arren. «Baina ez da bakarrik bazterkeriari buruzko film bat. Horrekin batera, bada elkartasunari eta komunitate bateko parte izateari buruzkoa ere».

Tanovicek bizitzatik bertatik atera ditu bere istorioa eta bere pertsonaiak. Horregatik, hain zuzen ere, aktoreak ez diren bi lagunekin egin du lan —Senada Alimanovic etaNazif Mujic—, eta bi protagonistek beren izenei eutsi diete filmean ere, fikzio bat baino gehiago, beren istorio propioa kontatzen dutelako».

Bestalde, Bille Augustek Night Train to Lisbon aurkeztu zuen, atzo, lehiaz kanpo. Pascal Mercierren best seller batean oinarritua, Bernako irakasle batek Lisboara egingo duen bidaia bat kontatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.