Bilboko Aste Nagusia

Berariaz edo zoriz, jaietan

Bilbo jaietan dagoela dakiten turistak eta festarekin tupust egin dutenak, guztiak liluratuta itzultzen dira

Arriagako informazio bulegotik turista talde mordoa igarotzen da. IBAI MARURI.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Unescok ondare immaterial izendatu aurretik ere Bilboko Aste Nagusia ezaguna zen Euskal Herritik kanpo. Hala ere, oraindik ez du Iruñeko sanferminen ospea lortu. Horrela bada, turista askok kasualitatez egiten dute topo jaiekin, zer diren jakin ere egin gabe.

Halako zerbait gertatu zaie Italiatik etorritako 15 bat turistari. Zazpikaleetatik eta Areatzatik ibili ziren atzo goizean. Arriaga antzokian dagoen turismo bulegora sartu ziren, informazio bila. Hainbesteko giroa zertara zetorren galdetu zioten bulegoko beharginari. «Gu ez gaude ohituta kalean sukaldean aritzera. Hor jende mordoa dago zerbait prestatzen. Zer izen duela esan diguzu?», galdetu zion Paola Valdiserrik gidariari. Sukaldaritza lehiaketan atzokoan marmitakoa izan zen prestatu beharreko jakia. «Arrantzale euskaldunek itsasoan prestatzen zuten jakia dela kontatu digu. Hegaluzea eta patatak ditu, ezta?», laburbildu zuen jasotako azalpena Valdiserriren senar Luca Picak.

Berez, oporretara etorri dira. «Guggenheim ikustera, oraindik ez dugu ezagutzen-eta», zioen Picak barrez. Hala ere, gustatu zaie jaiekin topo egin izana. «Leku bat ezagutzeko, leku horretako jendea eta ohiturak ezagutu behar dira, eta, horretarako, jaia baino testuinguru aproposagorik ez dago».

Gaur kostaldera dute txangoa, Urdaibai aldera. Hala ere, taldeko gazteek gauean bueltatxoren bat emango zutela zioten. «Bilbon erraz ligatzen al da?», galdetu zuen Valdiserri eta Picaren taldean zegoen gazteetako batek, gainontzekoak barrez utziz. «Zuk planta horrekin seguru baietz. Bilboko neska guztiak atzetik izango dituzu», erantzun zion bulegoko langileetako batek.

Niza inguruko lau mutilek eta hiru neskak osatutako taldea Santiago plazara eraman zuen goizeko paseoak. «Pintxoak gomendatu dizkigute, eta hemen [Zazpikaleetan] omen daude onenak», zioen bozeramaile lanak egiten zituen Nicolas Levyk.

Festa eta giro bila

Kalez kaleko ibileran, bertso saioa aurkitu zuten. Arkaitz Estiballes, Julio Soto eta Jokin Sorozabal ari ziren bertsotan. Aurrez Sotok hainbat bertsotan «poron-pon-pon» onomatopeia erabili zuen, eta zer esan ez zekienean onomatopeiak erabiltzea leporatu zion Estiballesek. Plazako bertsozale guztiak barrez lehertu ziren. Frantziarrak plazan zeuden orduan, eta«zer gertatzen da? Zergatik egiten dute barre?», galdetzen zuen Levyk. Azalpena jaso ostean, liluragarria iruditu zitzaien oholtza gainean zegoen hirukoteak gai-jartzaileak botatako edozein gairekin bertsoa inprobisatzeko gaitasuna izatea. «Pena, ez ulertzea. Ondo pasatzen ari dira».

Etorri aurretik bazekiten Bilbo jaietan zegoela. «Laure duela hiru urte etorri zen, orduko mutilarekin. Oso ondo pasatu zutenez, itzultzeko gogoa zuen, eta aurten denok etortzea erabaki dugu». Gainontzekoek aurreneko aldia zuten Euskal Herrian. Ostiral iluntzean iritsi ziren, eta bihar itzuliko dira etxera. «Asteburua igarotzera etorri gara, jaien aitzakian».

Zer aurkituko zuten jakinda etorri dira Roberto Martin, Begoña Espinosa eta Alejandro Rosasere Oviedotik (Espainia). «Urtero ez, baina ahal dugun guztietan Aste Nagusian egun batzuk igarotzea gustatzen zaigu», zioen Espinosak. Iragan astean ospatu zituzten hiriko jaiak, Begoñako Andre Mariaren omenez. «Harrituta, ezta? Han ere oso gutxik dakite, baina, dirudienez, arrantzale bizkaitar batzuek eraman zuten irudia, eta gaur egun zaindaria dugu». Bilboko jaien berezitasuna azpimarratu dute. «Konpartsek sortzen duten giroagatik etortzen gara. Halakorik ez dago beste inon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.