Irribarre ezin zabalagoa

Milaka lagun elkartu dira Irrien Lagunak Klubaren I. Egunean; Katxiporretaren emanaldian eta bazkarian izan da jende gehienLortutako dirua Etiopia Utopiak Wukron duen 'Irribarreak' proiektuarentzat izango da

Irrien Lagunak Klubeko pertsonaiak taula gainera igo ziren. IRRIEN LAGUNAK KLUBA.
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Irribarre zabala marraztu zuten igandean Irrien Lagunak Klubekoek Etiopiako haur askoren aurpegian. «Arrakasta borobila» izan zuen Usurbilen ospaturiko Irrien Klubaren I. Egunak, Gari Berasaluze antolatzaileak adierazi duenez, «espero genuena baino jende askoz gehiago bertaratu da».

Arduradunek 8.000-10.000 inguruan zenbatu dituzte Usurbilera bildu ziren lagunak. Ikuskizunen artean, Katxiporretaren Ongi etorri Pupu eta Lore! azken emanaldiak izan zuen arrakastarik handiena. Bestalde, Kukubiltxorekin elkarlanean prestatutako Leihotik mundura txotxogilo lanaren estreinaldiak ere jende andana bildu zuen.

Bazkariak, «arrakasta itzela»

Halere, jendearen parte hartze handiena lortu zuen ekitaldia, dudarik gabe, bazkaria izan zela adierazi dute Irrien Lagunak Klubetik; hainbeste, «ia janaririk gabe» gelditu zirela.

Oro har, Etiopia Utopia elkarteak hango Wukro herrian duen jarduna laguntzeko prestaturiko jaian «giro ezin hobeaz» disfrutatu ahal izan zen, eta eguraldia ere lagun izan zuten.Urtero ospatzeko asmoa dute Irrien Lagunak Klubeko Eguna, eta ekimen edo elkarte zehatz bat laguntzeko bideratuko dute irabazitako dirua. Aurten, Etiopia Utopia fundazioak jaso du laguntza hori, Wukro herriko erizainak aho osasunean hezitzeko.

Klubetik adierazi dutenez, festaren xedea Etiopiako haurrak laguntzea izan zen, baina Euskal Herriko Irrien Lagunak Klubeko jarraitzaileek izan zuten jarreraeskertzekoa izan zen baita ere.

Emaitza on horiek sare sozialetan islatu dira. Irrien Lagunak Klubak aldeko iruzkin asko jaso ditu, baita hurrengo urtean berriz errepikatzeko ume eta guraso askoren nahia ere. Jaiaren antolatzaileek azpimarratu dutenez, igandeko arrakastak «bigarren, hirugarren eta laugarren» festa bat egiteko konpromisoa berresteko balio izan die.

Porrotxek jaiaren aurkezpenean nabarmendu zuen legez, Usurbilgo festa Irrien Lagunak Klubeko «lagun guztien bilgune» bilakatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.