Argentinako euskal diasporak urteroko jaia ospatu du

Euskal argentinarrek urteroko festa egin dute Necochean; astebeteko ekitaldia igandeko jaiarekin bukatu duteMila lagun baino gehiago aritu dira Euskal Argentinar Etxeak antolatutako ekitaldietan

Gaztelubideko danborrada, Juan Mari Abad buru dutela, eta Aukeran taldeko dantzariak. JAVIER PEREZ.
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Argentinako euskal diasporako kideek sekulako festa antolatu dute Necochea hirian: Euskal Argentinarren Aste Nazionala. Musika, dantza, gastronomia eta, oro har, euskal kultura izan dira jaiaren ardatz nagusiak.

Igandean bukatu zen festa. Goizean, dantzariei esker, txistuaren eta tuntunaren doinua zabaldu zen kalean, eta zuri-gorri-berdeek hartu zituzten inguru hartako bazter guztiak; hainbesterako, non bazirudien Necocheako plaza nagusia Euskal Herriko plaza bat zela. Gero, festa bukaerako bazkarian, Argentinako haragi erre tipikoa jan zuten mila lagunek. Gainera, Gaztelubideko ordezkari batzuk han baitziren, Juan Mari Abad buru, danborrada bat ere izan zuten.

Mila lagun baino gehiago aritu dira Necochean, Buenos Airestik 504 kilometrora, Euskal Argentinar Etxeak antolaturiko ekitaldietan. Hain zuzen, Argentinako ia 100 euskal etxetako kideak izan dira bertan, baita inguruko herrialdeetatik eta Euskal Herritik bertatik joandakoak ere.

Hantxe ibili dira 25 bat taldetako dantzariak, festari kolorea eta bizitasuna emanez. Urtero-urtero, Argentinako euskaldunek eta euskal jatorrikoek bat egiten dute, festa hori aprobetxaturik. Izan ere, Argentinan herritarren %10 dira euskal jatorrikoak.

Festa hilaren 7an hasi zen, Necochea sortu zeneko 130. urteurrenean; hain zuzen, euskaldunon seme Mariano Necochea jeneralari zor zaio hiriaren izena. Gainera, aurten 30 urte bete dira Necochean bertan Euskal Astea egin zela 1981n, hiriaren mendeurrenean.

«Espero baino hobeto atera da dena, eta gu geu harrituta gaude nolako gogoz ibili diren Necochean aritutako 600 dantzariak; dantzan hasi, eta 150 metro hartu zituzten Necocheako erdialdean, 'euskal plaza' bihurturik», esan du Carlos Bilbaok, festa antolatu duen euskal etxeko zuzendaritzako kidea bera.

Dantzariak aritu dira festaren ardatz nagusietako batean; izan ere, omenaldia egin diote Maria Julia Ercorecari antzoki batean, euskal dantzak zabaltzen lan eskerga egin zuela eta. Beren dantzarik eta jantzirik ederrenak erakutsita, bi orduko ikuskizun entretenigarri bat osatu dute.

«Ez sinestekoa da hain urruti egonda nolako gogo biziz zaintzen dituzten Euskal Herriko dantzak eta ohiturak», esan du Edu Muruamendiarazek, Donostiako Aukeran dantza konpainiaren arduradunak. Gernika ikuskizuna aurkeztera joana zen taldea Argentinara.

Euskal Aste Nazionalak iraun duen zazpi egunetan, askotariko jarduerak izan dira: euskal zinema, Euskal Herriaren historiari buruzko hitzaldiak, sagardotegi gau bat, Euskal Argentinar Erakundeen Federazioko euskal etxeen ordezkarien bilerak, liburuzainenak, euskara irakasleenak eta dantzari taldeen zuzendarienak.

Euskal Herritik joandakoak

Gastronomiak ere toki garrantzitsu bat izan du Euskal Astean. Itziar Aguirre sukaldari argentinarrak euskal sukaldaritzari buruzko eskola bat eman zuen 150 lagunen aurrean, Pilpillando Argentina egitasmoaren aurkezpena zela eta; programa horren bitartez, Argentinako hiri batetik bestera joateko asmoa du, eskolak emanez.

«Oso esker oneko jarduna izan da. Jende asko biltzeaz gainera, ongintzako helburu bat bete dugu; izan ere, eskoletan parte hartzen dutenek galkorra ez den jakiren bat ekarri behar dute, haur behartsuei laguntzen dien fundazio bati emateko», azaldu du Aguirrek.

Urtero bezala, aurten ere izan da Euskal Herritik joan denik festa horretan parte hartzeko. Juan Mari Abad buru zuela, Gaztelubide elkarteari egokitu zaio aurten danborrak eta upelak jotzea Necocheako kaleetan, bai larunbateko kalejiran eta bai igandean euskal plazan. Abad, gainera, Necocheako herritar ospetsu izendatu du hango udalak.

Edu Muruamendiarazek zuzendurik, Aukeran dantza taldeak Gernika ikuskizuna aurkeztu du, Hego Amerikan lehen aldiz, eta bat baino gehiago guztiz hunkitu du. «Sekulako harrera egin digute Necochean. Esker hitzak besterik ez dut», nabarmendu du Muruamendiarazek.

Ostiral eta larunbat gaueko erromerietan, Drindotsek dantzan eta kantari jarri zituen bostehun gazte baino gehiago, ordu txikiak arte.

Necocheako Euskal Argentinar Aste Nazionala bukatua da, baina parte hartzaileak euskal kulturaren alde lanean segitzeko gogoz itzuli dira zein bere bizilekura, eta 2012an berriz elkartzeko gogoz. 2012an ehun urte beteko dira euskal abertzaleak Rosario hirira iritsi zirela, eta, horregatik, han ospatuko da datorren urtean Argentinako euskal diasporaren urteroko jaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.