Bakarra eta berezia izatearen balioa

Jateko fruitu txikiak ematen dituzten askotariko landare bereziak saltzen ditu Lurberry enpresa sortu berriak

Euskal Herrian orain arte ikusi gabeko espezieak dira asko; inguruan bakarrak
Ruben Sabalza da Lurberry enpresaren sortzailea.
Ruben Sabalza da Lurberry enpresaren sortzailea. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS

Ilargi Agirre

2012ko apirilak 25
Landare bereziak begiz jota dauzka Ruben Sabalzak. Haurtzarotik zetorkion zaletasuna lanbide bihurtu zuen gerora. Lorezaintza lana sortu berri duen enpresarekin uztartzen du orain: Lurberry. Landare bereziz betea du Zarauzko Elkano auzoko berotegia. Bereziak eta bakarrak dira; Euskal Herrian sekula ikusi ez diren espezieak ditu tartean, mundu osotik ekarritakoak, eta jateko fruitu txikiak ematen dituzte guztiek. Proiektu aitzindaria da.

«Lorategi erabilgarriak dira. Jatekoen lorezaintza bultzatu nahi dugu. Bi funtzio betetzen dituzten landareak saltzen ditugu: apaintzeko balio dute, eta, aldi berean, fruituak ematen dituzte». Askotariko landareak daude Lurberryko berotegietan bata bestearen atzean landare ontzietan txukun-txukun jarrita. Euskal Herrian ezagunak eta tradizioa dutenak dira batzuk: mugurdiak, marrubiak, ahabiak eta mahastiak, esaterako. Etxekoak izanagatik bereziak dira, ordea. «Normalean hemen ikusten ditugun masustek arantzak izaten dituzte. Hauek ez dute arantzarik, eta fruitu handiagoa dute».

Nolanahi ere, hemen ezezagunak eta berriak diren espezieek hartzen dute lekurik gehiena berotegian. Euskarazko izenik ere ez dute oraindik batzuek; latinez izendatu behar dira. «Txinakoa da hau», dio Sabalzak ondoan duen landarea hatzarekin seinalatuz. «Gojiko baiak izeneko fruituak ematen ditu». Mahaspasa tamainako fruituak dira baiak, gorriak, eta gerezi eta ahabien arteko zaporea dute.

Lana gustuko duela nabari zaio Sabalzari. Landare bakoitzari buruz azalpen luzeak ematen ditu: «Hauek aroniak dira. Hemengo hauek izango dira Euskal Herriko bakarrak». Poloniatik ekarri behar izan zituztela azaldu du. Izan ere, ez da erraza hain ezezagunak diren landare asko lortzea. Bila orduak eman behar dira, eta harremanak eduki. Alboko landareari begira jarri da. Txirimoiaren antzeko fruituak ematen dituela dio, platanoaren gustua dutenak.

Urrutikoak dira asko, baina ez dute inolako zaintza berezirik behar. Euskal Herriko kliman ongi egokitzen direla dio, eguzkitan jarrita betiere. Salbuespena izatekotan, ahabiak dira. «Kontuan hartu behar da lur azidoa behar izaten dutela, eta ez zaio karerik bota behar».

Hiru motatako erosleei begira sortu dute Lurberry. Batetik, lore saltoki handietan salduko dituzte landareak. Bestetik, banakoek ere jo dezakete berotegira; terrazak apaintzeko, landareak jarri nahi izaten ditu jendeak: «Metro ingurura hazi daitezke batzuk». Eta, azkenik, ekoizle profesional eta baserritarrei begira lan egingo dute. Euskal Herrian ezagutzen diren mota honetako fruitu txikiek gero eta leku gehiago izan dezakete merkatuan. Izan ere, fruituekin marmeladak, jogurtak eta likoreak egin daitezke. Sabalzak gogora ekarri du behiak utzita azokan marrubiak, mugurdiak edota ahabiak sagarren alboan saltzen dituzten baserritarren irudia. «Landa eremuan guztia moldatzen ari da. Fruitu txikien salmenta irtenbidea izan daiteke».

Bizkaiko Aldundiak erakutsi duen interesa da fruitu horiek sektorean etorkizuna badutela erakusteko froga argia. «Aldundiko landareen babeserako arduradunarekin harremana dut. Espezie berriekin esperimentazioak egiteko lekuak ditu Aldundiak».

Nekazaritza ekologikoa

Bi pertsonak lan egiten dute orain enpresan, eta nekazaritza ekologikoari jarraituz aritzen dira. Izenak berak definitzen du berotegien jarduera. Ingelesaren eta euskararen artean hitz jokoa osatzen da: ingelesezko berry eta berri-ren artean. «Berry-k fruitu txikiak edo basa fruituak esan nahi du».

Laborantza teknikaria da Sabalza, eta Lurberry enpresatik kanpo ere lan egiten du. Argiñano sukaldariaren etxeko lorategi eta mahastiak berak eramaten ditu. «Telebistan baino txiste gehiago kontatzen ditu egunerokoan».

Asteburu honetan, Aiako Landare Berezien Azokan saltokia izango du Lurberryk. Hain zuzen, bertan inauguratuko dute enpresa jendaurrean, eta prest ditu dagoeneko hara eraman beharreko landareak. «Azoka horretan ikusiko dira Euskal Herrian lehen aldiz hemen dauzkagun landare batzuk». Leku askotako saltzaileak bilduko dira azokan, urtero legez; Frantziatik eta Italiatik etorritakoak ere bai tartean. Landare txiki eta berezien inguruan Europan dagoen kultura goraipatu du Sabalzak, hemen ez baitago oraindik hain errotuta.

Aiakora ez ezik egutegian dauden azoka garrantzitsuetara ere jotzeko asmoa agertu du. Gueñeskoan (Bizkaian) du hurrengo topalekua.

Erosleek badute non aukeratu Lurberryn: 15.000 landare inguru dauzkate. Gainera, espezie bakoitzaren barnean mota askotako landareak daude aukeran, eta horretan jarri nahi dute arreta. Euskal Herriko landareen barnean, mota berriak eskuratzen jarraitzeko asmoa dute.

Normalean berezitasuna prezioan nabaritzen den arren, Lurberryn ez da hala gertatzen: tamaina txikiko landareek sei euro balio dute, eta handiek hogei euro.

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak www.lurberry.com webgunera jo dezake. Osatzen ari dira, baina laster martxan jartzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna