Jaiak. Baztandarren Biltzarra

Ospakizun bikoitza

Mende erdia bete du Baztandarren Biltzarrak, eta gaur egun handia izango dute Elizondon

Joan den urteko orgen desfilean ateratako itsasontzi bat irudikatzen zuen orga bat. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Baztango herritarren arteko adiskidetasuna eta elkartasuna bultzatzen duen festa ospatuko dute gaur baztandarrek, Elizondon (Nafarroa). Hori bakarrik ez, Baztandarren Biltzarrak mende erdia bete duela ere gogoratuko dute harana osatzen duten hamabost herriek, eta egun osoko festa prestatu dute antolatzaileek. Gaur izanen da egun handia, baina festa atzo hasi zen. Baztandarren Biltzarra elkarteak ostatua jarri du plazan. Mulaki elektrotxaranga aritu zen musika jotzen, eta, gauerditik aurrera, parrandarako gogoz zebiltzanek gaupasa egin zuten Trikidantz taldearekin.

Lanpetuta ibili dira egunotan Baztandarren Biltzarra elkarteko lagunak. Aste barruan biharko bazkarirako gauzak prestatzen aritu dira, gelditu gabe: edalontziak, platerak... Bazkaria egoki zerbitzatzeko behar den azpiegitura guztia antolatzen, azken finean. «1.600 lagunentzako bazkaria da. 96 mahai prestatu behar dira, eta lan izugarria da», gogoratu du Elisa Almandoz elkarteko kideak. Bazkarirako txartelak saltzen joan den asteazkenean hasi ziren, eta bost mahaiko txartelak gelditzen dira saltzeko. Normalean, bazkariko egunean bertan saltzen dituzte soberan gelditzen direnak. Mahaiak zerbitzatzeko jende bila ere ari dira antolatzaileak. Haraneko gaztetxoek egiten dute lan hori, baina aurten gutxik eman dute izena. «Gazteen artean inork ez du ardurarik hartu nahi. Denek nahi dute festa egin, baina horretarako laguntza behar da».

Festa bikoitza

1963an egin zuten lehen Baztandarren Biltzarra, helburu argi batekin: Baztango herriak bilduko zituen festa bat antolatzea. Herri guztiei orga bat apaintzeko eskatu, eta bertako ohiturak edo izaera adierazteko eskatu zitzaien. Azkar hartu zuen sona festak. Egun, haraneko bizilagunak ez eze, Euskal Herri osokoak biltzen dira. Aurten 50. urteurrena beteko duela aitzakia hartuta, egun bakarreko festa urtebeteko egitarau bilakatu nahi izan dute antolatzaileek. Hamabost herrietako kultur taldeekin aparteko egitaraua osatu dute, eta biltzarraren historia erakusten duen argazki erakusketa bat ere egin dute. 1970eko hamarkadatik gaur arteko irudiak bildu dira erakusketan. Gehienak festaren ardatza den orgen desfileetakoak dira. Elizondoko Mena eta Zaldua argazki etxeetako irudiak dira guztiak. 11 panel egin ditu bakoitzak. Berrehun irudi baino gehiago guztira. Hilaren 28ra arte Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikoan dago ikusgai erakusketa.

Horrez gain, abesti bat eta aldizkari bat ere egin dute urteurrenerako —Baztango etxe guztietan banatu dute hori—. Fernando Anbustegik idatzi ditu kantaren hitzak, eta Trikidantz taldeak musikatu du. Aldizkarian, berriz, Baztanen azken 25 urteetan eman diren gai nagusiak bildu dira, betiere, baztandarrek idatziak. Argitalpena doan banatu da Baztango herrietako etxe bakoitzean, eta gaur salgai egonen da, hiru euroan.

Urtea ospakizunetan badaramate ere, gaurkoaren zain daude baztandarrak. Atzo hasi zituzten ospakizunak, baina egun handia gaurkoa izanen da. Merkatuko zelaia eta Laxoa pilotalekua izanen dira festaren gune nagusiak. Hor eginen dira ekitaldi guztiak; hor jarri dute jaiko karpa, eta bertan bukatuko da orgen desfilea ere. Azken asteetan, baztandar asko gaurko egunerako orgak prestatzen aritu dira. Guztira, 23 orga aterako dira desfilean. Baztango haraneko herri bakoitzak bat egin du, baina Elizondok, bost. Horietaz gain, Baztango ikastolak, Frantzisko Xabier eskola publikoak eta herri ekinbideak ere aterako dute bana. Aurten, mende erdia beteko dutela eta, Baztandarren Biltzarra elkarteak ere prestatu du berea. Orgen desfilea 11:00etan hasiko da, eta hura irekitzen elkarteko orga izanen da. Orga bakoitzak landuko duen gaia ezin jakin; gaur jakinen dira denak.

Desfilea egin eta gero mutil dantzak dantzatuko dituzte herriko plazan, eta, ondoren, herri bazkaria eginen da merkatuko zelaian. Festak segida izanen du otorduaren ondoren, eta musikarik ere ez da faltako. Trikidantz taldea ariko da lehenik, eta Laiotz gero. Erromeria izango da nagusi, beraz, eta dantzatzeko aukera izango da.

Baztandarren Biltzarreko eguneko festa bukatu arren, urteurreneko ospakizunek segida izanen dute hurrengo hilabeteetan ere. Festa eguna Elizondora mugatzen denez, urteurrena haran osora zabaltzeko Elizondon dagoen argazki erakusketa beste herrietara ere eramanen da hurrengo hilabeteetan. Musika emanaldiak ere eginen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.