Irrigintzaren familia, bilduta

'Sentitu, pentsatu, ekin!' liburua kaleratu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, eurekin lan egin dutenen lekukotasunekinLiburuarekin batera, 25 bideoklipez osatutako DVDa ere atera dute haurrentzat

Irrien Lagunekin lan egiten duten hainbat lagun, eragile eta elkarte izan ziren liburuaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Lasarte-Oria
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Urtebetetze festa baten itxura hartu zuen Sentitu, pentsatu, ekin! Pirritx, Porrotx eta Marimototsen liburu aurkezpenak larunbatean, ospakizun egunetan gertatzen den gisara, urte hauetan guztietan bidaide izan dituzten lagunak izan baitzituzten alboan. 25 urteotan pailazoek izan duten ibilbidea laburbiltzen du lanak, eta, batez ere, eurekin jardun duten elkarte eta lagunen lekukotzak jasotzen ditu. Amagoia Mujika kazetariak idatzi du liburua, eta Jon Urbek atera ditu argazkiak.

«Liburu honetan gure arrakastaren sekretua dago jasota. Zergatik izan garen gai hainbeste milaka pertsonarengana iristeko. Sekretua herrigintza da, sekretua euskara, alaitasuna eta bizipoza dira. Barrutik sentitu, pentsatu eta egina!», esan zuen Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoak.

Atzera begira jarri zen Agirretxe, eta herrigintzatik sortu zirela azaldu zuen, duela 30 urte Lasarte-Orian (Gipuzkoa) zegoen erdal giroari aurre egin nahian egiten zituzten ekintzetatik. «Gu irakasleak ginen, eta haurrentzat Olentzeroren etorrera antolatzen hasi ginen. Behin pailazo janztea egokitu zitzaigun arte». Euskara alaitasunez kalean entzutea zuten lehentasuna.

Eta hala hasi ziren orduko pailazoei kopiatuz lanean. «Takolok aurpegi zuria jarri zuen, eta arauak ezartzen zituen. Besteok etxeko haurrak ginen», esan zuen Agirretxek.

Pixkanaka esperientzia hartzen eta emanaldietan balio hezitzaileak sartzen joan zirela kontatu zuen Porrotxek. Baserrian ikuskizuna egin zuten, esate baterako, baserritarren inguruan. Eta familia eredu ezberdinak jorratu zituzten Mila Kolore ipuin bilduman.

Ospitalera egindako bisitetatik eta Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartearen elkarlanetik sortu zen Eskerrik asko ikuskizuna. Marimototsi mototsak erori, eta haurren minbizia landu zuten. «Guretzat mugarri bat izan zen. Oso barrura iritsi zitzaigun tristurak eta pozak partekatzen direnean beti direla goxoagoak. Bizitzan urteak betetzea garrantzitsua dela, baina abenturak bizitzea, garrantzitsuagoa», esan zuen Porrotxek.

Ibilbide osoan jarraitu dute elkarteekin elkarlanean. «Lur azpian dagoen mundu bat deskubritu dugu. Zerbait gertatzen den arte, ikusten ez den arte ezagutzen ez dena. Elkarte txikiak dira, baina, aldi berean, sekulako altxorra da».

«Tripetatik idatzita dago»

Irrien Lagunak sortu zen gero, eta gaur arte iritsi dira euskarazko koloretako mundu bat eraikitzen, hasierako balio, sentimendu eta gogo bertsuekin. Agirretxek bidean izan dituzten lagun guztiak izan zituen gogoan.

Amagoia Mujika liburuaren egileak adierazi zuen ez duela kontaketa kronologiko bat egin nahi izan, «abenturen» bidez kontatu duela haien ibilbidea. «Hasi nintzen furgonetan joan-etorrian asteburuetan eurekin, eta ohartu nintzen oholtza atzekoa ia oholtza aurrekoa baino politagoa zela». Izan ere, abentura horiek izen propioak zituzten.

Bidean pailazoek izandako eta emandako ikasketak jasotzen ditu liburuak. «Beraiek erakutsi diote maitatzen zekien herri bati maite zaitut esaten abesti bati esker, adibidez».

Une txarrak ere egon direla esan zuen, edonola ere. Pailazoek boikota jasan zuten pasartea orri beltzetan kontatzen da liburuan.«Orduko hartatik ere ikasi zuten; gorrotoa zurea ez denean uzten diozula gorrotoa sentitzeari». Hunkituta, emozioz gainezka, tripetatik idatzi du liburua Mujikak, eta bidaia «zoragarria» izan dela nabarmendu zuen.

Mende laurdenean bidelagun izan dituztenak, liburuko protagonistak ere izan ziren aurkezpenean. Hantxe zeuden Imanol Urbieta musikari eta irakaslea, Juan Gorriti artista, Juan Luis Mendizabal Mendi pintorea, Txapas irakaslea, Rafa Gorrotxategi gozogilea eta Tolosako Bonberenea txarangako lagunak, batzuk aipatzearren. Azken horiek musikarekin alaitu zuten liburu eta DVDaren aurkezpena.

Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkateak kontatu zuen ziurrenik herrian jaio ez balira Pirritx, Porrotx eta Marimotots ez liratekeela pailazo izango; erdal testuinguruan sortu zirela. Herriko egoera asko aldatu dela ere esan zuen: «Gazteen ezagutza eta erabilerak gora egin du azken urteetan».

Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkarteko Nekane Lekuonak elkar nola ezagutu zuten kontatu zuen. «Zerbait antolatu nahi genuela eta, pailazo askori deitu genien, eta guztiek aurrekontua esaten ziguten. Porrotxi deitu, eta trukean ezer eskatu gabe agertu ziren». Juan Gorriti artista izan zen oholtza gainera igo zen beste lagun bat: «Nik loteria ez dut erosten; zuek eman didazue loteria».

Argazki eta marrazkiz hornituta dago liburua, eta DVDa ere badu, 25 bideoklipez osatutakoa, haurrengan pentsatuz, batez ere. Josu Martinez zinemagilearen, Jon Maia bertsolariaren eta Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren bizipenak ere agertzen dira liburuan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.