Espazioko zaborra gutxitzeko bidea

Lokarri elektromagnetikoen bidez, sateliteak lurrera erakarri eta espazioko zaborra gutxituko luke BETs proiektuakNazioarteko egitasmoa izan da, eta Derioko Tecnalia enpresak parte hartu du

Lurraren orbitaren inguruan bueltaka ari den zaborra; 6.000 tona zabor inguru daudela kalkulatzen da. BERRIA.
Ilargi Agirre.
Donostia
2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Gizakia espaziora atera zenetik, hainbat hondakin pilatuz joan dira urte hauetan guztietan. Zifrak ez dira nolanahikoak. Lurraren orbitaren inguruan bueltaka 6.000 tona zabor inguru ari dela kalkulatzen da. Espazioko misioetan sortutako zaborra da; jada erabiltzen ez diren sateliteak dira, eta hainbat buruhauste sortzen dizkie espazio agentziei. Espazioa ez baita mugarik gabeko zabortegi bat, eta istripuak gertatzeko arriskua gero eta handiagoa da. Arazoari konponbidea bilatzeko ez dago irtenbide bateraturik, baina aukera bat izan liteke berriki amaitu duten BETs proiektua —The Bare Electrodynamic Tethers Project—.

Duela hiru urte sortu zen proiektua, eta Europako Batasunak finantzatu du. Nazioartekoa izan da, eta, besteak beste, Derion (Bizkaia) egoitza duen Tecnalia fundazioak ere parte hartu du. Sateliteei lotutako lokarri elektromagnetiko batzuk diseinatu eta ekoitzi dituzte Tecnalian, hain zuzen ere. Egiteko ezinbestekoa dute tether izeneko lokarriek. «Lokarri horren eraginez, sateliteak funtzionatzeari uzten dionean, izan daitezke zazpi edo bederatzi urte, satelitea orbitatik irten eta pixkanaka Lurrera hurbiltzen hasiko litzateke, hiru-bost urteren bueltan», azaldu du Jesus Marcos Tecnaliako Segurtasun eta Defentsako arduradunak. Funtzionamendua argia da. Marcosek adierazi duenez, satelitea espazioan lanean ari den bitartean, lokarria kiribilduta dago, eta misioa amaitzen duenean atera egiten da, 30 kilometroko luzera izateraino. Lokarriak bulkatzaile elektromagnetiko bat du, eta, Lurraren eremu magnetikoarekin elkarreraginez, satelitea Lurrera erakartzen du pixkanaka. Horrek denborarekin satelitea eta zaborra deseginez joatea ahalbidetuko luke, eta «zati txikiak» bakarrik iritsiko lirateke Lurrera.

Gaineratu du lokarriek ez dutela behar inolako erregairik ezta potentzia sistemarik ere. Lokarriek orbitako energia energia elektriko bilakatzen dute, eta sateliteak erabiltzea edukiko luke.

Juan Ramon SanMartin irakasleak koordinatu du proiektua, Madrilgo ingeniari aeronautikoen goi eskola teknikoko irakasle emerituak. Italiako, Espainiako, Alemaniako eta AEBetako hainbat unibertsitate eta enpresak parte hartu dute, Tecnaliarekin batera.

Proiektuaren barruan, software bat ere garatu du Madrilgo ingeniari aeronautikoen goi eskola teknikoak. Sistemak berak espazioan nola erantzungo duen jakiteko, simulagailu bat egin dute, ekuazio matematiko batzuen bidez. Misioaren hainbat alderdi kalkulatzen ditu, hala, programak: sateliteak orbitatik ateratzeko beharko lukeen denbora, satelitearen bidea, lokarriak ongi funtzionatzeko daukan probabilitatea... «Juan Ramon SanMartinek zuzendu du programa. Espazioko mekanika orbitalean aditua da, eta zorte handia izan dugu harekin lan egin ahal izanda», dio Marcosek.

Hainbat irtenbide

Espazioko zaborraren fenomenoa NASAko J. Kesslerrek aztertu du, eta Kessler sindromea deitzen zaio. Kesslerren arabera, zaborra etengabe ugaritzeko arriskua dago. Espazioko zaborrak sateliteak jotzen dituenean, zabor gehiago sortzen da, eta horrek talkak ugaritzeko aukera handitzen du, amaierarik gabeko zirkulu batean sartuz. Kesslerren ustez, muturreko egoera batean dimentsio handiko talka bat gertatuko balitz, Lurreko orbita baxua misioetarako erabili ezinda geratuko litzateke.

«Espazioko zaborrak segundoko hiru kilometro egiten ditu; metraileta baten tiroak adina indar dauka. Sateliteetan kalte handia eragin dezake. Oso handia bada, Lurrera erortzeko arriskua ere badago. Zerbait egin beharra dago». Zaborraren mapa bat egiten ari da NASA orain, egoeraren dimentsio orokorra ikusteko.

Espazioko zaborrari irtenbidea emateko hainbat konponbide daudela esan du Marcosek. Lehenik eta behin, zabor gutxiago uztea izango litzateke egokiena. «Zabor gutxiago sortuko luketen sateliteak egin behar dira, errazago desegiten diren materialekin». Beste irtenbide bat zabor hori jasotzea izango litzateke, zabortegi funtzioa egingo duten makinak eraikiz, baina zaila eta garestia da. Azken aukera da proiektuan gauzatu dutena: orbitaz aldatzea azkartuko duen sistema bat egitea.

Praktikan jartzea da hurrengo urratsa. «Guk orain proposatzen dugu espazioan bertan probatzea, 2015ean. Oraindik onartu egin behar digute, hala ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.