BERRIAK 10 urte. Antzerki estreinaldia

Hegoen erabilera egokiaz

Metrokoadrokaren 'Zertarako hegoak' obraren estreinaldiarekin jarri da abian BERRIAren 10. urteurreneko ospakizun biraCano, Lujanbio eta Agirreren gidoia duen bideoa ere aurkeztu dute Errenterian

Metrokoadroka kolektiboaren Zertarako hegoak obraren antzezpenaren une bat. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Errenteria
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Dolutik ospakizunera pasatu da BERRIA egunkaria denbora gutxian, Joxan Lizarribar BERRIA taldeko lehendakaria hil zenetik hiru egunetara jarri baitzen abian, atzo, euskarazko egunkariaren hamargarren urteurreneko ospakizun bira, Errenteria Hiria Kulturgunean. «Seguru gaude berak horrela nahiko zuela, ez zuela nahiko atzera begira negar malkotan geratzea, zutik jarri eta lanean jarraitzea baizik», adierazi zuen Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak ekitaldiaren aurkezpena egitean.

BERRIAren hamargarren urteurreneko ospakizun birari hasiera emanez, Metrokoadroka kolektiboak Zertarako hegoak antzerki lana estreinatu zuen atzoko ekitaldian, nitasunaz, gutasunaz eta hegoen erabileraegokiaz gogoeta egiten duen lana. Nitasunaz, gutasunaz eta hegoen erabilera egokiaz aurretik hausnartuak ziren Errenteria Hiria Kulturgunean bildu ziren ikusleetako asko, haietako batek, Agustina Pontesta itzultzaileak, emanaldia baino lehen BERRIArako egindako adierazpen honetan agerian geratzen denez: «Hegazti izateko hegoak ezinbestekoak diren bezala, herri moderno eta kultua izan nahi badugu euskararen normalizazioari lagunduko dion euskarazko egunkaria behar dugu».

Antzerki obraren aurretik, Harkaitz Cano idazleak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Lorea Agirre kazetariak prestatutako gidoiarekin Pixel ekoiztetxeak grabatu eta muntatu duen BERRIAri buruzko bideoa ikusteko aukera izan zuten ekitaldira bildutako ehunka lagunek. Ospakizun birako ekitaldi guztietan izango da bideo hori ikusteko aukera.

Ikusleak, laguntzeko gogoz

Ospakizun bira Metrokoadroka taldearen obraren estreinaldiarekin hastea oso egokia dela adierazi zuen, aretora sartu aurretik, Junkal Mintegia itzultzaileak, «horrek lotzen dituelako BERRIAren urteurreneko ospakizunak sormenarekin». Bira «tresna interesgarria» izango dela uste du, «batetik, komunikatzeko BERRIAren hamar urte hauek zer eman duten, eta, bestetik, hori lotzeko euskaraz egindako sormen lanekin».

BERRIAlagunak biltzeko kanpaina eta ospakizun bira hasi berria «beharrezkoak» iruditzen zaizkio atzoko ekitaldiko ikusleetako beste bati, Joxe Luis Maritxalar Lau Haizetara elkarteko kideari, «BERRIAren salmenta bultzatzeko eta BERRIA indartzeko. Badakit jendea ez dabilela oso egoera ekonomiko onean, baina ongi dabilenari, behintzat, nik esango nioke beste ahalegintxo bat egitea ezinbestekoa dela».

Anton Mendizabal eskultorearen ustez, «gure nazio borrokaren barruan» ezinbestekoa da BERRIA. «Behar dugu gure prentsa euskara hutsean, eta egunkari nazional ezinbestekoa eta bakarra da BERRIA. Harrigarria da batzuek zer garrantzi gutxi ematen dioten BERRIAri. Izugarrizko laguntza beharko luke, eta ez luke inolako larritasun ekonomikorik pasatu behar. Ezinbestekoa beharko luke denon etxeetan. Asko hitz egiten dugu, baina batzuetan ez dakigu ondo erabakitzen zer gauza diren benetan funtsezkoak, eta, nire ustez, funtsezkoa den horietako bat BERRIA da».

Ikusleen artean ziren, besteak beste, Miren Gojenola aktorea, Joxemari Carrere ipuin kontalaria, Patxi Petrirena itzultzailea, Joxe Angel Irigarai idazlea eta Jose Mari Sors Elkar taldeko zuzendari orokorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.