Errege magoen egun magikoa

Gaur iritsiko dira Errege magoak Ekialdetik Hego Euskal Herrira; herri askotan eta hiriburuetan desfileak egingo dituzteEgunez gozokiak eman eta eskutitzak jasoko dituzte, eta gauez opariak banatuko

Errege magoen egun magikoa.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Milaka kilometroko bidaia egin dute Errege magoek Ekialdetik Hego Euskal Herrira iristeko. Baina hemen daude jada. Gaur iritsi eta egun luzea dute aurretik, eta gaua, are luzeago. Olentzerori testigua hartu, eta etxez etxe ilusioa eta magia banatzea dagokie gaur gauean. Baina ez dira gau luzea pasatuko duten bakarrak, haurrak ere urduri joango baitira ohera gaur. Goizeko lehen orduan esnatuko dira bihar asko eta asko. Opariak jaso eta errege opilarekin gosalduko dute.

Baina, une hori iritsi aurretik, haiekin egoteko aukera izango dute gaur. Hainbat herritan ohiko desfileak egin, eta haurrekin egoteko tartea hartuko dute Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Haurrak agurtu, horien eskutitzak jaso eta milaka gozoki banatuko dituzte Hego Euskal Herriko hainbat txokotan. Desfilerik handienak eta ikusgarrienak hiriburuetan antolatu dituzte.

1. Bilbo

Arriagatik Basurtuko ospitalean joango dira Errege magoak, gaur, 12:00etan. Arratsaldeko desfileetan egon ezin diren haurrei bisitan joango zaizkie hara, eta opariak banatuko dizkiete. Bestalde, 12:00etan hasita, errege opil solidarioa banatuko dute Plaza Barrian. Caritas Bizkaia, Lapiko Catering eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak opilaren 3.000 zati banatuko dituzte, eta bildutako dirua eskola eta gizarte arloetako proiektuetarako izango da.

Urtero legez, arratsaldean Bilboko kaleetatik ibilbide ikusgarria egingo dute, 18:00etan hasiko da Maria Diaz de Haroko kalearen gurutzean. Industria tradizioa gogora ekarri nahi dute gaurko desfilean, eta hori izango da gai nagusia. Horren erakusgarri izango da karroza bat: lau tona gozokiz betetako fabrika handi bat. Gozokiak banatzeko karroza horretaz gain, beste zazpi izango dira. Besteak beste, batukadak, hankaluzeak eta krispetak banatuko dituen suhiltzaileen kamioia izango dira erregeekin batera. Guztira 100 aktore eta animatzaile egongo dira desfilearen ibilbide guztian giroa jartzen.

Ibilbidea udaletxean bukatuko da. Hango balkoitik ohiko mezua irakurriko dute Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek 19:50ean. Ondoren, Arabiar aretoan haurrek erregeekin egoteko aukera izango dute.

2. Gasteiz

Ekialdetik Gasteizerako bidea trenez egingo dute Errege magoak. 11:00etan iritsiko dira Renfeko tren geltokira. Hortik, Espainia plazara abiatuko dira, eta, urtero bezala, udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte haurrak. 12:15etik 18:00etara Goiuri jauregian harrera egingo diete haurrei.

Desfile nagusia 19:00etan hasiko da. Gasteiz hiribidea eraberritzeko lanetan dabiltza, eta, horregatik, ohiko ibilbidearen azken zatia aldatu egingo da. Guztira, sei karrozak zeharkatuko dituzte hiriburuko kaleak. Lau antzerki talde arituko dira horiek laguntzen: Cal y Canto, Origen, Axioma Eta Global Eventus. Errege mago bakoitza bere karrozarekin ez ezik, beste hiru ere joango dira aurretik, fantasiazkoak. Ikuskizunean askoren artean akrobaziak, kometa erraldoiak, malabaristak eta piroteknia efektuak izango dira. 360 pertsonaz osatutako desfilea izango da.

3. Iruñea

Dromedarioen gainean Magdalenako zubitik sartuko dira erregeak Iruñera, 16:00etan. Handik,Frantziako portalera helduko dira ordu erdira, eta udaletxera egingo dute ibilbidea, eta han alkateak hartuko ditu. Kanpai hotsak emango du Errege magoen heldueraren berri.

19:00etan egingo dute desfile nagusia. Iaz bezala, Santa Katalina eskolatik abiatuko dira aurten ere. Bi kilometro izango ditu ibilbideak, eta Eskolapioen ikastetxean bukatuko da. 1.000 lagunek parte hartuko dute ikuskizunean, eta bi tona gozoki banatuko dituzte.

Desfilean zehar Breaking Ice taldearen ikuskizuna izango da,eta hemezortzi zaldi egongo dira Erdi Aroko jantziekin. Gainera, 11 lagunez osatutako sukaldari talde bat errege opilak egiten eta banatzen arituko da. Horretaz gain, gozokiz betetako gurdiak egongo dira espaloietan desfilearen ibilbidean.

4. Donostia

Donostiara 14:50ean iritsiko da hirukotea. Estreinakoz, Zuloaga plazan agertuko dira, eta San Telmo museoko balkoitik agurtuko dituzte horien etorrerara bildutako haurrak. Handik, udaletxera egingo dute hiru erregeek. 15:30etik 17:00etara udalbatzarrak egiten diren aretoan egongo dira haurrak agurtzen eta eskutitzak jasotzen.

Desfile nagusia 18:00etan abiatuko da Bulebarretik, eta erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek karroza banatan egingo dute ibilbidea. Haiekin batera izango dira Estanga trikitilariak, eta Gauerdi, Tximeleta, eta Joselontxo txarangak. Amaitzean, 19:00 inguruan, Errege magoek hiriko ospitaleak bisitatuko dituzte, urtarrilaren 5eko gauaren poza hango haurrekin ere partekatzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.