Arriskuei eutsi die

Herri askotako 50 konpainia izango dira Leioako Umore Azokan, hilaren 12tik 15eraAzokak 150 programatzaile bilduko ditu, eta euskal talde askok lanak estreinatuko dituzte, Kukaik eta Trapu Zaharrak kasu

Kukai taldeak hiru koreografiaz osaturiko ikuskizun bat estreinatuko du Leioan: Karrikan. - / BERRIA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Umorea eta clown-a izango dira nagusi Leioan heldu den ostegunetik igandera. Baina, jaialdiaren bilakaeraren ondorio, dantza tradizional zein garaikideak, antzerkiak eta zirkuko arteek itzal handiagoa izango dute aurtengo egitarauan. Nazioarteko 46 konpainiak 50 ikuskizun aurkeztuko dituzte, 150 saiotan. 40.000 ikusletik gora espero dituzte, «eta Leioak 30.000 biztanle ditu, atera kontuak», esan du Eneko Arruabarrena alkateak. Kataluniako Albert Vinyesen El hombre bala y la oveja bala, Italiako Dadadangen Parata, Australiako Dirty Brothersen The dark party, Austriako Irrwisch Theaterren Grannies eta AEBetako Jango Edwardsen Big Boss & Tandarica Circus ikusteko aukera izango da.

150 programatzaile eta banatzailek eman dute izena Umore Azokan. «Espainiatik, Herbehereetatik eta Frantziatik datoz. Azken herrialde horretatik gehienak», nabarmendu du Ana Lopez Leioako Kultura zuzendariak. 350.000 euroko aurrekontua du Umore Azokak. Eta, erakustoki ez ezik, sorkuntzarako plaza izatea nahi dute. Lau ikuskizun ekoizten lagundu dute: Deabru Beltzak taldeak Bilbon aurrestreinaturikoa (The Wolves), Markeliñerena (Anomalía magnética), Kukairena (Karrikan) eta Espainiako Alicia Soto-Hojarascarena (La Petite Voiture —La Comtesse—). Euskal Herriko beste talde batzuek ere estreinatuko dituzte lanak. «Kale antzerkiaren termometroa da Leioa», Lopezen arabera. «Eta termometroak erakusten du taldeek arriskuak hartzen segitzen dutela».

Panta Rhei

Euskal Herriko eta Iguazuko (Argentina) umeekin izaniko esperientzia batean oinarritutako lan bat egin du: Monster Show. Konpainiako zuzendariak eta aktore batek hiru aste igaro zituzten munduko punta bateko zein besteko haurrekin. Haiekin sentitzea, hunkitzea eta bizitzea zen Panta Rheikoen helburua, eta zenbait kontzepturen inguruan batzuek zein besteek daukaten ikuspegiaz jabetzea. Antzerkia jolas sinboliko gisa planteatu zuten. Eta txotxongiloak eman zizkieten, bakardadea, tratu txarrak eta esplotazioaren inguruan zer-nolako kezkak eta gogoetak zituzten jakiteko. Haurren dinamika artistiko horietan oinarrituz osatu dute Monster Show. Hilaren 13an estreinatuko dute.

Markeliñe

Markeliñeren obra, Anomalia magnética, diruz lagundu du azokak, baina lan hori sortzen ari dira oraindik, eta, ondorioz, ez dute aurten estreinatuko. Nolanahi ere, programatzaileentzako aurkezpen itxia egingo dute Kultur Leioan, hilaren 12an. Swamish tribuko edozein indigenak dauka zapaltzen duen lurrean gertatzen diren aldaketa magnetikoei antzemateko zentzumen bat, seigarrena. Baina, halako batean, oin zolan anomalia magnetiko bat duela jabetuko da indigena bat. Sumatzen duena ez da bufalo samalda bat, ezta hegazti baten hegaldi urduriak eragindako dardara ere. Abiada handian hurbiltzen ari den aldaketa da. Gizartearen aldaketa, alegia.

Kolektibo Monstrenko

Gaurkotasun handiko gaia jorratzen du Txubio Fernandez de Jauregik, Ion Elolak, Andres Bezaresek eta Jason Guerrak aurkeztuko duten lanak (Lapared). Zorrei aurre egin ezinik etxea galtzekotan den familia baten kalbarioa irudikatuko dute; Arrieta-Pons sendia sufritzen ari den infernua, hain justu. Oroitzapenak salbatzeko xedearekin, eta bestelako irtenbiderik aurkitzen ez dutenez, etxeko egongelako pareta moztu, eta gurpilak jarrita beraiekin eramatea erabakiko dute. Hilaren 12an aurkeztuko dute La pared.

Anita Maravillas

Txotxongiloen eta agertokian horiei bizia ematen dieten antzezleen arteko harremanean sakontzen du Anita Maravillasen Blue Bird lanak, Andrey eta Ducan pertsonaien arteko amodio istorioa kontatzearekin bat. Haien konpainian, 20ko hamarkadara jauzi egingo dute ikusleek, garai hartako musika, kolore eta zaporeez lagunduta. Giza tamainako txotxongiloak dira, eta herririk herri ibiliko dira, gerra garai betean. Amodio istorio «hunkigarri» bat kontatuko dute, «zoriona sasoi txarretan ere aurki daitekeelako». Valentina Raposo, Mireia Nogueras, Iam Agorria eta Miren Larreak aurkeztuko dute Blue Bird, hilaren 12an.

Ganso & Cia

Krisi garaian bizirik irauteko ariketa gisa planteatzen du Gorka Ganso aktoreak Leioan estreinatuko duen obra, Mediopelo. Renato pertsonaiarekin herririk herri ibili ostean, Anibal Maldonado sortu du orain, eta komedia «eszentriko baina era berean maitagarri bat» aurkeztuko du, hilaren 12an. Bere familiak aurrera egin dezan kaleko artista izatea erabaki du Maldonadok. Ez dirudi talentu handia duenik, ezta aparteko ideiarik ere. Sosik ere ez du puntako muntatzerik aurkezteko. Baina «erdipurdiko ikuskizun dibertigarri bezain zoroa» eskainiko duela ziurtatu du.

Kukai dantza taldea

Estilo arras desberdinak jorratzen dituzten lau koreografok sortutako hiru piezak osatzen dute Kukai konpainiaren Karrikan lana: Damian Muñoz eta Virginia Garciaren Sorbatza, Pantxika Telleriaren Fight For Fandango eta Iker Gomezen Aupa Mutil piezek.Bakea nola lor daitekeen aztertzeko, gerraren ezaugarri izan daitezkeen mugimenduetatik abiatzen da Sorbatza. Telleriaren lanak, berriz, herri dantzen inguruan eragin nahi du gogoeta. Gomezek koreografian «hitz baten bilaketa antzuak eragindako nekaldia alde batera utzi, eta indar guztiarekin aurrera» egingo dute dantzariek. Jon Maiak zuzendu du Karrikan. Eta sei dantzarik aurkeztuko dute, hilaren 13an: Jon Maiak berak, Alain Maiak, Eneko Gilek, Nerea Vesgak, Urko Mitxelenak eta Eneko Gilek.

Trapu Zaharra

Umore absurdoa jorratuko du ostera ere Euskal Herriko kale antzerkiko talde esanguratsuenetakoa denak. Etorkizunera begiratuko dute: 2036. urtera, zehatz-mehatz. Administrazioak errekuperazio zentroak sortu ditu garai berrietara egokitzeko gai izan ez diren komertzialentzat. Iruzurra nagusi den saltzaileen mundu krudel eta lehiakorrean bizirik irauten ahaleginduko dira Jabi Barandiaran, Txubio Fernandez de Jauregi eta Iraitz Lizarragak antzeztuko dituzten pertsonaiek. Vuelta & Vuelta lana hilaren 14an estreinatuko dute.

Turukutupa

Reziklonk instalazioa aurkeztuko dute hilaren 12 eta 13an. Hondakin materialak berreskuratu, eta musika egiteko egiturak sortuko dituzte. Tresna horiek ikusleen eskura jarriko dituzte, eta obraren beraren protagonista bihurtu.

Latirili Teatro

Mirentxu eta Ainaipurdi izenekoak txalaparta kontzertu bat ematera doaz, baina malabarista «gogaikarri» batek ez ditu bakean utziko. Catherine Marchandek zuzendu du Plum & Txalapunk lana. Hilaren 13an eta 14an aurkeztuko dute.

Kilikolo Zirkua

Adinean gora doazen bikotekide bik elkarri dioten maitasunaz gogoeta egingo du Luhusoko (Lapurdi) taldeak Bi lanean. Eric Destouutek zuzenduko du, Laetitia Boumeddane eta Aritz Amilibia aktoreekin. Hilaren 14an estreinatuko dute.

Gorakada

Jim altxorraren uhartean umeentzako lana aurkeztuko du Gorakadak, hilaren 14an. Jim Hawkins gazteak bere kabuz ezagutuko ditu ongia eta gaizkia; besteak beste, lagun duen John Silver pirataren bidez. Txotxongiloekin eginiko lana da. Alex Diazek zuzendu du, eta Zigor Bilbao eta Nazaret Frouce dira antzezleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.