Entzumenaren ertzak

Ertz jaialdia «soinu berriak entzuteko gogoa» asetzen saiatuko da bihartik hilaren 17ra arte, Beran, Donostian eta HazparnenLionel Marchetti, Jose Manuel Berenguer eta Ferran Fages ariko dira, besteak beste

Lionel Marchetti, soinuak grabatzen. Europako musika konkretuaren arloko sortzaile ezagunenetakoa eta berritzaileenetakoa da gaur egun. Z / BERRIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
«Soinu berriak entzuteko eta gauza berriak egiteko gogoa» bultzatzaile nagusi dutela, Ertz bertze musiken jaialdiaren 12. ekitaldia antolatu dute Ertz kolektiboko kideek. Musikaren eta soinuaren alderdi ezohikoak agerian utziko dituzten emanaldi eta bestelako saioak eskainiko ditu jaialdiak, bihar hasi eta hilaren 17ra bitarte, Beran, Donostian eta Hazparnen. «Jaialdia etengabeko krisian dago, oso egoera prekarioan antolatzen delako, eta beti uste izaten dugu azkeneko ekitaldia antolatzen ari garela», azaldu du Xabier Erkizia Ertz kolektiboko kideak. Prekarietate hori dela eta, zaila zaie ekitaldi bakoitzak gai nagusi edo ardatz jakin bat izatea. Aurtengoak ere ez du halakorik izango. Baina musikaren zirkuitu komertzial eta konbentzionaletatik kanpo ekarpen handiak egindako sortzaileak izango dira parte hartzaileen artean, hala nola Lionel Marchetti, Frederic Jouanlong, Jose Manuel Berenguer eta Ferran Fages, beste batzuen artean.

«Guk egiten ditugun proposamenak ez dira askok esaten duten bezain arraroak», ohartarazi du Erkiziak. «Badute beren ibilbidea. Musika esperimentala deitu ohi zaion hori 50eko hamarkadan jaio zen, rock musika bezala. Egitarauan badira proposamen nahiko zailak edo deserosoak, baina beste batzuk nahiko estandarrak dira». Horren adibidetzat du jaialdia abian jartzeko egingo duten Espazio-ontzia opera zientifikoa. «Herritar askok hartuko dute parte, adin askotakoak, eta inork ez du ezetz erran». Gianmarco Serra zuzendari dutela, askotariko saio laburrak prestatu dituzte herritarrek, taldetan banatuta, eta Serra da horien hurrenkera eta obraren osotasuna ezagutzen duen bakarra. Txistulariak, bertsolariak, inprobisatzaileak, Berako Korala eta Berako Banda izango dira parte hartzaileen artean, eta baita One Lesson Simphony Orchestra ere, Ertz jaialdirako beren-beregi sortua eta ondoren desegin egingo dena.

Beste Bera bat entzuteko

Etzi ere Berarekin eta Berako kaleekin eta herritarrekin zuzenean kontaktatuko du jaialdiak, 17:00etatik 20:00etara, Adibera proiektuaren barruko esku hartzeen bidez. Adiberaren zereginetako bat Beran dagoeneko badauden hainbat elementuri erreparatu eta horiek nabarmenaraztea da. Larunbat arratsaldean, Adiberak herrian zehar proposatutako ibilaldian, Marcello Liberato artistak gidatutako tailerrean sortu diren soinuzko eskulturak erakutsiko dira. Geldialdietan, Sandra Cuesta dantzariak performanceak egingo ditu, eta Circo Patafisico taldeak tea hartzera gonbidatuko ditu ibiltariak, te ontziekin musika eginez.

Gainerako saiorik gehienak musika emanaldiak dira, bakoitza bere berezitasunarekin bada ere. «Ertz jaialdiko emanaldiek duten desberdintasunik handiena estetikoa da», dio Erkiziak. «Adibidez, 0 (For Percussion) taldekoek ehun landare ontzirekin joko dute emanaldiko pieza bat. Lionel Marchettik, berriz, ardo kopak erabiliko ditu bere saioan».

Salbuespenen artean, Gorreriak soinu artxiboaren aurkezpena eta Myriam Aizagerren Ni nüzu lanaren emanaldia daude. Gorreriak artxiboak 150 artistak gorreriaren inguruan landutako piezak biltzen ditu, eta Donostiako Arteleku zentroan artxibo hori kontsultatzeko aukera izango da irailaren 12tik 16ra bitarte. Ni nüzu, berriz, Santa Graziko (Zuberoa) etxalde zahar batean egindako grabazioetan oinarritutako 46 minutuko soinuzko dokumentala da. Hazparnen entzun ahal izango da, hilaren 17an, Ferran Fages, Frederic Jouanlong eta Donvamatic + Rudigerren emanaldiak ere eskainiko dituen saioan.

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.ertza.net/eusk/jaialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.