Ezarian. Basque Culinary Centerren inaugurazioa

Unibertsitaterako jauzia egin du gastronomiak

Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzietako lau urteko gradu bat eskainiko dute Basque Culinary Center inauguratu berrianDatorren astean hasiko dute ikasturtea, Donostian, Miramon parkeko fakultatean

Punta-puntako euskal sukaldariak bildu ziren atzo arratsaldean Basque Culinary Center proiekturaren gauzatzea ospatzera. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Etorkizuneko elikadura eta gastronomia sektoreetako profesionalei maila handiko ezagutza eskaintzea da Basque Culinary Centerren (BCC) helburua. Europako lehenengo gastronomiako goi mailako ikasketa zentroa da, eta atzo inauguratu zuten. Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzietako lau urteko gradu bat eskainiko du, Boloniako planari atxikita. Urriaren 3an hasiko dute ikasleek ikasturtea, Donostian, Miramon parke teknologikoan eraiki duten fakultatean.

Sektoreko profesionalek aspaldi atzeman zuten gastronomia unibertsitate mailara eramateko beharra. Proiektua bideratze aldera, euskal sukaldariak eta Mondragon Unibertsitatea elkartu eta Basque Culinary Center fundazioa sortu zuten 2009an. Atzo bi ekitaldi egin zituzten, eta horietan eraikina inauguratu eta proiektuaren gauzatzea ospatu zuten.

Patxi Lopez lehendakaria, Arantza Quiroga Euskal Legebiltzarreko presidentea, Espainiako printze-printzesak eta punta-puntako euskal sukaldariak egon ziren goizeko ekitaldian, besteak beste. Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta gastronomia sektoreko berrehun gonbidatu inguru bildu ziren. Gastronomiak zientzia mailara eginiko jauzia ospatu zuten. BCCren sustatzaile izan diren zazpi sukaldariak ere izan ziren ekitaldian: Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz eta Eneko Atxa.

«Krisi garaiotan, gastronomia aberastasuna sortzeko tresna da», azaldu zuen Joxe Mari Aizega BCCko Fundazioko presidenteak. Gastronomia osasuna eta kultura dela aldarrikatu zuen Aizegak, eta fakultatearen izaera irekia azaldu. «Bisitariei irekita egongo da BCC, gure herrian gastronomia turismoaren zati garrantzitsu bat baita».

Garrantzi handia eman diote BCCren sustatzaileek Ikerketa eta Garapenari (I+G). Gastronomia eta elikadura alorreko I+Gko nazioarteko erreferente izatea nahi dute.

Bost solairuko eraikin bat da gastronomiako fakultate berria. Solairuei plater itxura eman die Vaumm Arquitectos etxeak, eraikina diseinatzeko arduradunak. Bata bestearen gainean pilatutako plateren itxura du zentroak.Argitasuna toki guztietara ailegatzen uzten duten espazio irekiak eta kolore zuria dira nagusi. Aizegak adierazi zuenez, gela eta korridoreetako espazio irekiei esker ekitaldi eta ekintza ugari egin ahalko dituzte. U itxura eman diote eraikinari, bitan zatitze aldera. Izan ere, alde praktikoa jorratzeaz gain, gai teorikoak ere emango dituzte. Orotara, 15.000 metro karratu ditu eraikinak, eta 17 milioi euro kostatu du.

Programa zabala

Graduak gastronomiak ukitzendituen hamaika arlotara iristea nahi dute. Ikasketak bukatzen dituen ikasle tituluduna ez da, beraz, sukaldari soila izango, prestakuntza zabalagoa izango du. Aurki hasiko dute lehenengo ikasturte, eta sukaldaritzako oinarrizko elementuak ikasiko dituzte. Hurrengo urteetan, elikadura eta gastronomiako lau jakintza arlo nagusi jorratuko dituzte: jangela eta sommelier teknikak; zientzia eta teknologia; kultura eta artea; eta negozioaren kudeaketa. Horrez gain, lau graduondo eta 60 ikastaro inguru eskainiko dituzte.

Ikasle askok egin dute ikasturte honetan BCCn ikasteko eskaera: 350 eskaera egon dira, hain zuzen. Eskola dosierra aztertzeaz gain, hautaprobak egin dizkiete hautagaiei. Hizkuntzak, gaitasun probak eta motibazio pertsonalen arabera hautatu dituzte Sukaldari Zientzietako lehengo gradua egingo duten 70 ikasleak. Horietatik 56 datorren astean hasiko dituzte eskolak. Gainontzeko hamalauak ostalaritzako heziketa profesionaletik datozenez, urtarrilean hasiko dira, hainbat ikasgai baliozkotu baitizkiete. Ikasle horien ia erdiak emakumezkoak dira, eta gehienak Espainiatik etorri dira.

BCCren heziketa eredua ikasle gutxiko taldeak osatzea da. Horrela, 14 laguneko taldeetan banatuko dituzte ikasleak, prestakuntza pertsonalagoa izan dezaten. Lantegiak ere, lagun kopuru horretarako prestatu dituzte. «Tutoretza asko eta irakasleekin harreman estua izango dute», azaldu du Aizegak.

Alde praktikoa lantzeko, zortzi sukaldaritza lantegi prestatu dituzte. Hala ere, alde praktikoa ez da bakarrik lantegietan landuko. Izan ere, gastronomiako profesional batek jana prestatzen jakiteaz gain, zentzumenak ere garatu behar ditu. Horretarako, zentzumenen hezkuntza landuko dute dastatze geletan. Ardoa eta beste elikagaiak dastatzeko ikastaroak egingo dituzte gela horietan.

Lantegietan eta dastatze geletan ez ezik, fakultateko jatetxean ere egingo dituzte praktikak ikasleek. Kafetegiaz gain, zeina martxan dagoen, beste jatetxe bat ere irekiko dute «ikasleek beharrezko ezagutza bereganatzen dutenean». Aizegak azaldu zuenez, BCCren erakusleihoa izango da jatetxea. «Jendearentzat irekita egongo da, eta BCCn ikasitakoa erakutsiko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.