Euskal Herriko taldeek bost ikuskizun emango dituzte dFerian, datorren astean

Anakrusa taldeak 'Tempus -I' lana estreinatuko du, eta Borobil Teatroa lehen aldiz ariko da jaialdian

Borobil Teatroa taldeko Julen Vega, Anartz Zuazua eta Asier Sota  aktoreak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Datorren astean, Euskal Herriko antzerki taldeek antzerki eta dantza ikuskizun ugari egingo dituzte Donostiako dFeria arte eszenikoen jaialdian. Bost emanaldi izango dira astelehen eta asteartean. Kabiak Rojo al agua ikuskizuna emango du astelehenean, Intxaurrondoko kultur etxean. Gainerako emanaldiak asteartean izango dira: Anakrusa taldeak Tempus-I obra estreinatuko du Egiako Gazteszenan, eta dantza eta antzerkia uztartuko ditu. Borobil Teatroa talde berria lehen aldiz ariko da jaialdian, eta Ali Baba eta 40 lapurrak obra jokatu du, Lugaritz kultur etxean; taldeak sortutako lehen lana da. Olatz de Andres koreografo gaztea ere lehen aldiz izango da dFerian, eta Privolva dantza emanaldia taultaratuko du, Intxaurrondoko kultur etxean. Azkenik, Tanttaka antzerki taldeak Daniel Glattauer idazlearen Contra el viento del norte lana antzeztuko du, Viktoria Eugenia antzokian.

1. Anakrusa

Noemi Viana koreografoaren Tempus-I obraren estreinaldia izango da dFerian. Eneko Gil dantzariarekin eta Iñigo Ortega aktorearekin batera, dantza eta antzerkia landu dituzte hilabete luzez Artiumen, eta ariketa horietatik sortu da Anakrusa talde sortu berriaren proiektua. Samuel Beckett idazlearen Krapp's Last Tape antzerkian oinarritutako obra esperimental bat da, denboraz eta bizitzaz gogoeta egiten duena, idazteko makina bat eta metronomo bat atrezzo moduan hartuta. Vianaren esanetan, artearen ahal bezainbeste diziplina uztartu dituzte obran: «Dantza eta antzerkiarekin batera, musika eta poesia ere bildu ditugu lanean. Arte mota guztiek elkarrekin duten elementu hori bilatzea izan da proiektuaren helburua».

2. Kabia

Kabia antzerki ikerkuntzarako guneak Rojo al agua izeneko antzezlana emango du. Antzerkian, William Shakespeareren Hamlet nobelako Ofelia pertsonaia eta Virginia Woolf idazlea lotu dituzte. Kabiako aktoreak Steven Berkoffen The Secret Love Life of Ophelia lanean eta Woolfen A Room of One's Own obran oinarritu dira. Juana Lor eta Iosu Florentino antzezleek azaldu dutenez, bi emakumeek beren buruak ito zituzten ibaian, eta, antzezpenean, erreka bihurtu arte urtuz doan benetako izotza erabili dute heriotzak antzezteko: «Berdin hiltzeaz gain, bi emakumeak pasioz beteak zeuden, bata Hamletekin itsututa, eta bestea, idaztearekin».

3. Borobil Teatroa

Ali Baba eta 40 lapurrak umeentzako ipuin klasikoa ikuspegi moderno eta originalarekin landuta egingo du debuta Borobil antzerki taldeak dFerian. Krisiari aurre eginez, bost alfonbra eta derbixez jantzitako hiru aktore nahikoak izango dira haur eta helduei irribarreak pizteko. Anartz Zuazua aktore eta zuzendariak sortu du antzezlana, Asier Sota eta Julen Vega aktoreekin batera : «Kalitateri eutsiz, modu soil eta originalean sortutako lana da. Borobil duela hilabete batzuk sortu dugu, eta, etorkizunean, helduentzako obrak ere egingo ditugu».

4. Olatz de Andres

Olatz de Andres koreografo gaztea lehen aldiz izango da dFerian, eta hark zuzendutako Privola dantza ikuskizuna eskainiko du. Jean-Luc Godarden Alphaville zientzia fikziozko filmean oinarritutako obra filosofikoa da. Isaac de Erdoiza eta Pilar de Andres dantzariekin batera arituko da zuzendaria, linboa irudikatzen duen agertoki zuri batean, musikarekin eta zenbait testurekin lagunduta.

5. Tanttaka Teatroa

Tanttaka antzerki taldeak Daniel Glattauer idazlearen Contra el viento del norte antzezlan garaikidea taularatuko du. Fernando Bernuesek zuzendurik, Itziar Atienza eta Joseba Apaolaza aktoreek Interneten jaiotako amodiozko istorio moderno eta gertuko bat landuko dute, elkar ikusi gabe, baina batak bestearen hitzak entzunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.