'Tokyo Giants' filmak jaso du Zinebiko sari nagusia

Antolatzaileek film laburren lehiaketarako egindako hautaketaz «harmonia eta koherentzia» falta aipatu ditu epaimahaiakEpaimahaikideen iritziz, jaialdiko filmek oro har ez dute behar adinako kalitaterik

Zinebik «nortasun propioa» izan behar duela agertu zuen epaimahaiak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gazi-gozoa. Zapore hori utzi du aurtengo Bilboko Zinebi jaialdiko epaimahaiaren balorazioak. Atzo aurkeztu zuten dokumental eta film laburren jaialdiaren irabazleen zerrenda. Lehiaketan, 67 film izan dira aurten. Sari nagusia Nicolas Provost belgikarraren Tokyo Giants filmak jaso du. Oso argi izan dute epaimahaikideek lehen saria nori eman. Hala adierazi zuten atzo. Aho batez hartutako erabakia izan dela: «Genituen irizpide guztiak bete ditu». Gainontzeko generoetan saridunak izendatzeko arazo gehiago izan dituzte.

Jaialdiaren epaimahaia bost kidek osatu dute: Pernille Rose Gronkjaer dokumentalgile daniarra, Salome Lamas zinemagile portugaldarra, Oliver Laxe zinemagile galiziarra, Itziar Okariz euskal artista eta Marcela Zamora Chamorro kazetari eta zinemagile nikaraguarra.

«Programazioa ez da oso ona izan». Horixe azpimarratu zuten epaimahaiko bost kideek. Film batzuk oso onak izan badira ere, gutxi izan dira «nabarmendu» direnak. Filmen hautaketan antzeman dute arazoa. Esan zuten lehiaketan parte hartzeko aukeratu dituzten filmetan ez dela «harmoniarik eta koherentziarik» egon. «Adierazpen artistikora bideratutakoak baino, denbora-pasarako eginiko film gehiago ikusi ditugu». Zamorak adierazi zuen arrisku gutxi ikusi duela. «Horren falta sumatu dugu». Filmen arloan esperimentatu eta arriskatu beharra dagoela. Gainera, euskal zinemari eta espainiarrari dagokienez, aurkeztutako filmetan ez dute dagoen talentua ordezkatuta ikusi.

Eztabaidak balorazioarekin

Egindako balorazioarekin ez du bat egin Ernesto del Riok, jaialdiko zuzendariak, eta mahaian eserita zeuden epaimahaikideei zuzenean adierazi zien gainontzeko jaialdiek erabiltzen dituzten irizpide berak jarraitzen dituztela programazioa osatzeko. Haren ustez, dagoen talentuaren erakustokia izan da 55. Zinebi. Lamas portugaldarrak erantzun zion Del Riori Zinebik «identitate propioa» izan beharko lukeela, bere ustez garrantzitsua delako jaialdira doanak zer ikusiko duen aurrez jakitea. «Nortasun propioa garatu behar du Zinebik, gainontzeko jaialdietatik bereizi behar da», esan zuen. Eta horretarako programazioa dela «giltza».

Balorazioan, dena ez zen kritika eta eztabaida izan.Epaimahaikoek hitz politak ere izan zituzten. Oro har, saritutako filmak «oso onak» direla adierazi zuten, eta «pozik» daudela emaitzarekin. Gainera, zinemaldiaren inguruko eztabaidak «aberasgarriak» direla gaineratu zuten.

Gaur jaialdian saritutako lan guztiak proiektatuko dituzte Arriaga antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.