«Inportanteena anbizioa da; ezin da edozer gauza idatzi»

Pello Lizarraldek susmoen eta zalantzen gaineko istorioa harilkatu du 'Orbanak' bere azkeneko eleberrianAurreneko aldiz, bi ahotsen bidez kontatu du istorioa, ihesaldi baten kontakizuna

Pello Lizarraldek dioenez, aurretik idatzi dituen liburuei jarraitzen die lan berriak ere. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Zalantzatik abiatuta eta zalantza helburu. Horrela idazten du Pello Lizarraldek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1956). Literaturaren bidez erantzunak bilatu edo emateko tentazioan erori gabe. Arazoei edota gaitzei irtenbidea emateke. Galderak egiten. Eta zalantza horien gainean eraiki du Orbanak bere azken nobela ere (Erein). Susmoaren inguruan. Larrepetit (2003) idatzi zuenean agerian gelditutako hari batzuei tiraka, kezka bat sortu zitzaion Lizarralderi, eta horrek eraman du liburu berrira: «Kezka hura bi norabidekoa zen; lehenengoa nire baitara zihoan zuzenean, eta bigarrenak kanpora jotzen zuen, besteengana. Niregana heldu zenak aspaldian daukadan joera gaizto bat erakusten eta azpimarratzen zidan: lagun hurkoa azkarregi epaitzekoa; besteak, inguruan ikusten ditudan askoren artean ikaragarri zabaltzen ari den justizia egiteko eta zigortzeko egarri hori».

Orbanak-ek ihes bat du abiapuntu. Hilketa bat gertatu da. Herriko fabrikan lan egiten duen ingeniari aleman baten emaztea hilik azaldu da pagadi batean. Irakurleak ez daki iheslariaren izena, ezta hura hiltzailea den ala ez. «Horrek zailagoa egiten du irakurketa», Lizarralderen iritziz, «susmagarria izateko arrazoiak ere badaudelako. Baina, hala ere... Hala ere horretan hasten da liburua». Istorioaren hariak eman dezakeenaren kontrara, Lizarraldek ez dio utzi bere liburuari genero nobelaren kanonetan jausten. «Jarriko banintz nobela beltz bat idazten, huts egingo nuke», aitortu du. «Badaude konbentzio batzuk, eta niri ez didate balio idatzi nahi dudana idazteko. Eta hau ez da nobela beltza edota thrillerra, inondik ere».

Iragaitzaz (2008) aurreko nobelan bezala, tentsioa da liburu berriko elementuetako bat. «Baten batek esango luke liburu hartan ez zegoela ezer. Ze gorabehera, ze etorri, ze ibili... deus ez dago. Baina, era berean, tentsio handia dagoela iruditzen zait niri. Honetan ere badago tentsioa, konbentzionalagoa agian, baina ez diot horri lehentasuna ematen».

Iraganeko mundua eta iraganeko munduaren ikuskera presente dira nobelan. «Askoren ustez mundu hori desagertua dagoen arren», mundu horrek, aldatuta bada ere, «gero eta indar handiagoa» duela uste du idazleak: «Inguratzen gaituena epaitzeko orduan, esaterako. Gauza oso larriak gertatzen ari dira. Auzitegi Nazionaleko epaileak gutxi izan, eta ostatuetan ateratzen dira egunero dozenaka». Lizarralde bera «barrunbe katodiko-katoliko» definitzen duen horren eraginak «izutu» egiten du. «Ez da batere arraroa entzutea 'halakok bizi arteko espetxea merezi du' edo 'hiltzea' edo 'eragindako kalte berbera jasotzea'. Eta lekurik gorenena hartuta, letagina zorrotz, distiratsu, ahotik ttu printzak botaz: 'nik horri zer egingo nioke...'». Horri aurre egiteko, sentimenduen ikuskizunak berdintzen ditu pertsonak: «Inor ez da libre piztiaz, eta hortxe dago beti, zelatan».

Narrazioa, bi planotan

Orbanak-ek aurretik idatzi dituen liburuei jarraitzen diela uste du egileak, aurretik idatzitakoari «kapitulu bat» gaineratu diola. Baina, hala ere, badu berritasunik, eta horietako bat da lehenengo pertsonan mintzo den narratzaile bat ere ageri dela eleberrian. Bi ahots edo planotan eraiki baitu nobela. Iheslariaren begi eta zentzumenetatik jasotakoa ahots objektiboz kontatu du idazleak, eta iheslariaren arrastoaren atzetikdabilenaren boza, aldiz, lehen pertsonan: «Nik neure burua sartu behar nuen hor, bestela ez baitzegoen obra salbatzerik. Esaten da aukera moralak egiten direla».

Izan ere, idazten duenari garrantzi handia ematen dio Lizarraldek. Ez horrenbeste formari: «Inportanteena anbizioa da, alde guztietatik. Idazten denean, ezin da edozer gauza idatzi, nahiz eta gero edozein gauza idatzi. Niri lan handia ematen dit erabakitzea zer idatzi behar dudan, eta oraingoan hala idatzi behar nuela ikusten nuen. Beharrezkoa zen». Lehen pertsonan idaztea lan handia dela deritzo, «edozeinentzat», eta berari ere zaila egin zaio, «tonua bilatu behar delako». Orbanak-en gainera, lehen pertsonaren eta hirugarrenaren artean trantsizio moduko batzuk ere badaude, «ez batean ez bestean idatziak».

Lizarralderen aurreko liburuak bezala, Orbanak ez dago geografia eta garai jakin batean girotua. Baina irakurleak aurkituko ditu «bizpahiru arrasto garbi samarrak» kontakizuna non eta noiz garatzen den asmatzeko. «Ez zait erosoa egiten herriak eta hiriak aipatzea, eta, oharrak emanda, izan daiteke kanta bat, film bat, auto marka bat, nahikoa izaten da egituratzeko pertsonaiak nondik nora dabiltzan».

Memoriarekin lotzen du hori Iñaki Aldekoa Ereineko editoreak, iraganetik jasotako memoriarekin: «Denok ezagutu ditugun paisaia eta herri horiek hor daude. Unibertso literario eta moral bat dago, garai batekoa dena baina gureganaino iritsi dena. Guk geuk bizi izan duguna. Eta narratzaile horiekbizi eta ikusten duten kontuetan koherentzia izugarria dago».

Lizarraldek sentsazio fisikoei ere ematen die garrantzia, eta fisikotasun hori transmititu nahi izaten du bere lanetan. Zentzumenen bidez. «Askotan ez zaie garrantzirik ematen, eta haiek dira eramaten eta ekartzen gaituztenak»

Idazten ez dena

Irakurleari azkartasuna aitortzen dio Lizarraldek, lerroartean irakurtzeko gaitasuna. Eta datuak, informazioa, dosifikatuta eman nahi izaten ditu. «Idazten ez dena ere liburuan dago, eta horrek lan handia ematen du. Noraino eman informazioa, zer ezkutatu, horrek ere eragin bat izan dezan... Hobe da laburtzera edo ezkutatzera jotzea. Horrek arriskua du, nahasmendua eragin dezakeelako, baina uste dut merezi duela».Irakurketa saiatua eskertzen du idazleak, eta bere liburuetara jotzen duten irakurleek «saiatu» egin behar dutela uste du: «Liburua erosi aurretik badaki, eta, bestela,0 liburua hartu orduko ohartuko da. Saiatzea eskatuko diola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.