Haurrak ere helduak direlako

Irrien Lagunak Oarsoaldean proiektuak haurrentzako aisia «hezitzaile, euskaldun, herritar eta parte hartzailea» eskainiko duHaurrei galdetuta osatuko dute urte osoko egitaraua; bihar Irrigintza jaia egingo dute

Lezoko Irrien Lagunak aurkezpen ekitaldian herriko hainbat familia bildu ziren, euskal giroan. IRRIEN LAGUNAK OARSOALDEAN.
Ilargi Agirre.
Errenteria
2012ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Haurrak ere herritar dira, eta euren iritzia aintzat hartu behar da. Ez da batere ohikoa umeei aisialdia nola antolatu nahi duten galdetzea, eta hori aldatu nahi du Irrien Lagunak Oarsoaldean proiektuak. Haurrak protagonista bihurtu, hitza eman eta euren nahiei erantzungo dien «aisia hezitzaile, euskaldun, herritar eta parte hartzailea» osatu nahi dute.Eskualderako urte osoko egitaraua sortzea da proiektuaren asmoa.

Egitasmoa orain bi urte hasi zen gorpuzten Oarsoaldeko Euskara Batzordearen, Irrien Lagunak klubaren eta HUHEZIko Sorguneak ikertegiaren artean. 2010ean hasi zena hilabete hauetan hasi da emaitzak erakusten. Eskualderako urte osoko aisialdi egitaraua sortzeko hainbat saio praktiko egin dituzte, jadanik, haurrekin. Herria nola ikusten duten eta aisialdian zer egingo luketen galdetu diete. «Haurren parte hartzea bultzatzeko Francesco Tonucciren Haurren hiria-n oinarritu gara», azaldu du Lorea Agirrek, Sorguneak ikertegiko kideak. Italiako Faro hirian egin zuten esperimentua izan zen Haurren hiria. Haurrei utzi zieten hiriko urbanismoa nahi zuten gisan diseinatzen, eta aldaketa nabarmenak eman ziren espazio publikoan, zirkulazioari dagokionez, adibidez. «Beti esaten da haurrak izango direla etorkizuneko herritarrak. Haurrak gaurtik dira subjektu politikoak. Haientzat ona dena gainontzekoentzat ere egokia izango da».

Jolasen bidez antolatutako saio praktikoetan Oiartzualdeko—Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaiako— 4 eta 12 urte arteko 430 haur inguruk parte hartu dute. Proposamen bitxiak bildu dituzte. «Oiartzunen, adibidez, herriko hormak margotu eta grafitiak egitea proposatu dute. Ibaiak garbitu, kutsadura murriztu, labirinto bat eraiki eta zuhaitzetan egurrezko etxeak egiteko nahia adierazi dute», azaldu du Nekane Martiarenak, Oiartzungo teknikariak.

Haurren proposamenak auzolanean eramango dituzte aurrera. Urte osoko ekinaldiak zehazten joateko asmoa dute pixkanaka. «Herri bakoitzean egitarau oso ezberdina izango da. Bakoitzak sentitzen dituen beharrei erantzungo dielako eta bakoitzaren baliabideekin osatuko dugulako», esan du Jaione Urruzola Pasaiako euskara teknikariak.

Horretarako, herriko eragileengana iritsi nahi dute. Gurasoak, aisialdi taldeak, kultura eta gizarte eragileak, zerbait emateko eta jasotzeko duen edonork du proiektuan parte hartzeko aukera. Euskara ardatz hartuta, betiere. «Herriko artzainak gonbidatzen bagaitu, urtean bitan haurrak bere etxera eramango ditugu, adibidez, gazta nola egiten duen ikustera. Herriko lorezainarekin berdin», dio Martiarenak. Familiako kideen artean fitxategi moduko bat sortzea pentsatu dute, jendeak zer egiten dakien jakiteko, guztiek baitaukagu emateko zerbait.

Balioetan oinarritutako aisia izango da. Osasunaren, elkartasunaren edota naturaren garrantzia gogoraraziko dituzte ekintzetan. Zeregin horretan, Irrien Lagunek lan asko egin dute; pertsonaien bitartez haurrengana iristen. Irrien Lagunak kluba proiektuaren sustatzailetako bat den arren, herrientzako proiektua dela gogorarazi dute. Jendeak ez dezala espero pailazoen ikuskizun batekin topo egingo duenik. «Balio berak partekatzen ditugu. Nazio mailako erreferentzia dira, eta herrietara ekarri nahi izan dugu ekimena».

Bihar, Irrigintza festa

Proiektuak herriko bizitza suspertzen eta mugimendua sortzen lagundu du. Lezon behintzat nabaritu du Jon Legorburuk. «Euskalgintzan zebilen jendea gerturatu zaigu, eta familia giroan euskaraz jardun nahi duten gurasoak. Herrian erabilerarik ez duen orube bat dago, eta gune horretan zer egin daitekeen pentsatzen ari gara haurren laguntzarekin».

«Herri parte hartzaile bat sortzeko lehen urratsak dira. Gai jakin bati lotuta egin dugu, baina honek ate ugari irekitzen ditu. Abentura bat da», esan du Urruzolak.

Irrigintza jaiarekin emango diote hasiera proiektuari ofizialki. Bihar izango da, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian (Gipuzkoa). 11:00etan botako dute jaiaren hasierako suziria, eta arratsaldeko 18:00 arte izango da festa. Lau herrietako pertsona eta musikariekin kalejira egingo dute, eta proiektuaren abestia aurkeztuko dute. Horretarako, han bildutakoek koreografia ikasi ondoren, flashmob bat grabatuko dute. Indarrak hartzeko bazkaldu, eta haurrentzako tailerrak egingo dituzte. Arratsaldean, haurrek parte hartze prozesuan landu dutena aurkeztuko dute, familientzako jolasak eta musika eta dantza ekitaldia izango dira. Eñaut Gantxegi DJa arduratuko da kiroldegiko giroa berotzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.