Urteurrenean, bertsoak opari

Arabako bertso eskolek 30 urte bete dituztela eta, «plaza berriak lortzeko» bi egitasmo aurkeztu dituzte

Karmele Madinabeitia, Andere Arriolabengoa, Iciar Lamarain eta Asier Lafuente, atzoko agerraldian. BERRIA.
Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urte bete dira Gasteiz eta Laudion bi bertso eskola sortu zituztenetik. Urte batzuk geroago heldu ziren Aramaio, Legutio, Agurain eta Amurriokoak, eta horien atzetik jaio ziren beste hainbeste Arabako lau bazterretan. Garai gozo batean da bertsolaritza, eta, urteurrenarekin batera, txoko gehiagotara zabaltzeko ahalegina egingo dute aurten. Helburu horrekin prestatu dituzte Araba Bertsozale eta 30 urte, 11 opari egitasmoak.

Hiru hamarkadaren ostean, indartsu dago bertsolaritza Araban, datuek erakusten duten moduan: Arabako hamabi herritan daude bertso eskolak; bi mila ume daude eskoletan, eta 180 saio izan ziren iaz. Hainbat txokotara, ordea, ez da heldu bertsolaritza, edo ez bertsozaleek nahi luketen beste, eta horretarako antolatu dute Araba Bertsozale egitasmoa. Arabako bertsolaritza kultur eragileen artean hedatzea du helburu, plaza berriak lortzea eta zale berriak sortzea. «Helburu horiek lortzeko, hainbat eragilerekin elkarrizketak egiten ari gara, uda partean bertso saioak emateko eta udazkenean bertsolaritzari buruzko ikastaro laburrak abiatzeko», azaldu zuen atzo Andere Arriolabengoa bertsolari eta Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak, Gasteizko Amaia zentroan egindako aurkezpenean. «Bertsolaritza zer den eta zein errealitate duen ezagutzera eman nahi dugu».

Aurkezpenean, Iciar Lamarain Kultura diputatuak nabarmendu zuen Arabako Aldundiak «babes osoa» ematen diola bertsolaritzari, haren garrantzia kultur eta gizarte eragileei helarazteko ahaleginean, eta jakinarazi zuen diruz ere laguntzen jarraituko dutela. «Harrotasun eta pozbide da niretzat jakitea, zalantza izpirik gabe, bertsolaritza Araban garai bikain batean dela, bai bertsolariei eta bai zaleei dagokienez», nabarmendu zuen.

Bertso saioak, opari

Urteurrenean, halaber, oparia egin nahi izan diete urte hauetan bertso eskolen bidelagun izan direnei eta egun bertso eskoletan parte hartzen duten guztiei: bertso-saio sorta. Hamasei antolatu dituzte, eta, antolatzaileek azaldu moduan, «arrakasta handiz» dagoeneko egin dituztenak. «Ospatu nahi dugu hasierako bertsolariek erakutsi zigutena, beste batzuek lekukoa hartu zutela eta gaur arte transmititu digutela», azaldu du Arriolabengoak. Kanpezu, Amurrio, Legutio eta Oionen izango dira hurrengo saioak.

Poztasunez jaso dute egitasmoen berri egun bertsolaritza ikasten dabiltzanek, baita garai batean eskolan aritutakoek ere. Karmele Madinabeitia izan zen, beste hainbatekin batera, Gasteizko lehendabiziko bertso eskolaren sortzaileetako bat: «Abel Enbeitaren laguntzaz eman genuen lehenengo pausoa eskola sortzeko; pozgarria da ikustea egun bertsolaritzak nolako indarra hartu duen».

Egitasmoen inguruko argibideak www.arababertsozale.org webgunean jaso dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.