Oholtzatik liburura

Samara Veltek 2008an idatzitako 'Eta Karmele?' antzezlana liburu bilakatu du Edo argitaletxeak

Samara Velte da Eta Karmele? antzezlanaren egilea. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Antzezlan gutxi argitaratzen da idatzirik. Oso gutxi. Beraz, ez litzateke zuzena izango esatea ohikoena dela lehenengo antzezlana liburu batean argitaratzea eta ondoren taularatzea. Baina, Eta Karmele? antzezlanarekin gertatu dena ere ez da ohikoena. Lehenik, taularatu egin zuten. 2008ko azaroaren 25ean estreinatu zuten, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Zarauzko Euskalduna tabernan. Azken lauzpabost urteetan eskaini dute Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreek, Euskal Herriko hainbat aretotan. 80 bat emanaldi inguru egin dituzte, eta, orain, Edo argitaletxeak antzezlana argitaratu egin du liburuki formatuan.

Samara Velte da lanaren egilea (Zarautz, 1991). Gaur egun, BERRIAn lan egiten du kazetari. Ainhoa Alberdi aktorearen enkarguz idatzi zuen istorioa, 2008an. Alproja antzerki taldean ezagutu zuten elkar. «Eskatu zidan antzezlanak izan zezala elkarrizketa estilo nagusitzat, izan zezala umore absurdoa eta bi pertsonen arteko harremanean oinarri zedila», zehaztu du Veltek. Horrez gain, Godoten esperoan liburuaren berri eman zion. Irakurri zuen Samuel Becketten obra, eta lan berria sortu zuen. «Bi gizonen arteko elkarrizketa da obra horretan ageri dena; askotan, oso absurdoa. Falta den pertsonaian baino gehiago, beste bien arteko harremanean oinarritzen da. Gurean, pertsonaiak emakumezkoak dira, eta Karmele aitzakiatzat hartuta, bien arteko harremana kontatzen da». Bi protagonistak auto baten barruan daude, Karmeleren zain, inoiz iristen ez den Karmeleren zain.

Inguruan entzundako elkarrizketetan izan zuen lehengai oparoa. «Inguruko elkarrizketak xurgatzen nituen. Ia dena zen absurdoa, eta, horrenbestez, ia denak balio zuen antzerki bilakatzeko». Antzezlaneko elkarrizketek kutsu absurdo handia dute: «Horregatik dira hain gordinak. Ez daude lotuta atrezzo fisiko batera, ezta testuinguru batera ere. Antzerkian oinarrituta idatzi nituen hasieran, eta ondoren osatuz joan nintzen».

Gai zehatzik ez zuen antzezlanak, hasieran; pixkana moldatu zuen Veltek. Genero indarkeriaren gaia presente dago, baina modu inplizituan, erreferentzia zuzenik egin gabe. «Antzerkian, gehiago ikusten da, dantza baten bidez, esaterako; baina testuan, ez hainbeste. Iradoki egiten da. Eta bi protagonisten arteko harremanean indarkeria ikusten da, baina hitzezkoa da».

Obra idatzi zuenetik lau urte pasatxo igaro dira. Orain, bere lana argitaraturik ikustean nola sentitzen den galdetuta, zera erantzun du Veltek: «Ez dakit nor, baina biotako bat aldatu egin da. Nik Karmeleri esaten diot bera aldatu dela. Berak esaten dit ni aldatu naizela. Karmele atzetik segika dudan sentipena dut. Beharbada, neure burua gaur egun testu horretan islatuta ikusten ez dudalako egiten zait arrotza. Hala ere, antzezlana egiten ari den bidearekin gustura nago. Testuarekin dauzkat gorabeherak». Egileak berak baino harreman gehiago izan dute obrarekin Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek. Liburuan ere azala irudikatzen dute bi aktoreek.

Veltek jarraika dauka Karmele. Baina ez jarraika soilik. Orain, etxeko apalean baitauka, liburu bihurturik, Edo argitaletxearen ekimenez. Duela urtebete sortu zen argitaletxea, talde lanean oinarriturik, eta eduki eta formatu bereziko lanei plaza emateko asmoz. Oier Guillan idazle eta antzerkilariaren eta argitaletxeko kidearen egitasmoa izan zen antzezlana argitaratzea. Oholtzaren gainean ikusi zuenean, antzezlanaren indarrak harrapatu egin zuen Guillan, «gizartearen zentzugabekeria agerian uzten duen teatro mota bat bizirik ikusi nuelako».

Veltek beste antzezlan bat idatzirik dauka, mundu amaieraren aurreko azken afarian oinarritua. Ez daki harekin zer egingo duen oraindik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.