Goi mailako futbol jokalari ohiak elkartuko ditu Seaskak

Iparraldeko jokalariekin osatutako futbol selekzioa hegoaldekoen kontra ariko da, hilaren 31n, Donibane LohizunenFutbol partidaren ondoren, jokalariekin afaltzeko aukera eskainiko dute

Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, erdian, festaren antolatzaileekin batera. BOB EDME.
Nagore Rodriguez.
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Iparraldeko futbol selekzioa Hegoaldekoaren kontra. Horixe da Seaskak prestatu duen erronka. Futbolean maila profesionalean aritutako jokalariak eta Ipar Euskal Herrian goi mailan ibilitakoak bildu, eta Euskal Futbolaren festa antolatu dute urriaren 31rako. Donibane Lohizuneko Kexiloa zelaian lehiatuko dira bi selekzioak, arratsaldeko seietatik aurrera.

Jokalari ohiak lortzeko laguntza handia izan dute Seaskakoek. Futbolaren munduan eta hautatzaile lanetan eskarmentu handia duten Jose Angel Iribar, Xabier Exposito, Daniel Oronoz eta Christian Sarramagna aritu baitira taldeak egiten. Hegoaldeko selekzioa osatu dute Iribarrek eta Expositok, batetik; eta Oronoz eta Sarramagna ibili dira jokalari bila, iparraldeko selekziorako, bestetik.

Talde ederrak egin dituzte, gainera. Hegoaldeko selekzioa Athletic eta Realean aritutako jokalariek eratuko dute; tartean daude, besteak beste, Joseba Etxeberria, Aitor Larrazabal, Ismael Urzaiz, Bittor Alkiza, Santi Bakero eta Iñigo Idiakez.

Baionako Avironen, Donibaneko Arin Luzienen, Biarritzen, Girondisen, Hendaiako Eglantinsen eta Angeluko Gênetsen aritutakoak dira Iparraldeko selekzioan jokatuko duten jokalariak: Franc Histiolles, Mikel Loinaz, Xavier Legaz eta Nicolas Bernet, besteren artean.

Alberto Atxotegi Seaskako guraso ohiaren asmotik sortu zen futbol partida egiteko ideia. Horretarako, Euskal Federazioko arduradunekin harremanetan sartu zen, eta baita Seaskarekin ere.

Hasieratik pentsatu zuten 40 eta 60 urte arteko jokalariak biltzea, baina antolatzaileek diotenez, ez da lan erraza izan: «Batetik, bi taldeen arteko oreka bat atzeman behar izan da, adinaren aldetik. Eta bestetik, beteranoak izanik ere, maila gorena duten jokalariak bilatu nahi izan ditugu, hala ere, hainbat izen baztertu egin behar izan ditugu parte hartzeko edo osasun arazoak tarteko».

Arazoak arazo, lortu dute azkenean, gutxienez 16 jokalariko taldeak osatzea. Eta horri esker, jokalari profesional ohien jokoarekin gozatu ahal izango duteikusleek bost euroren truke Euskal Futbolaren festan.

Baina festa ez da partidarekin bukatuko. Ondoren, jokalariekin afaltzeko aukera egongo da, Donibane Lohizuneko ikastolak antolatutako afari animatuan. 20 euro balio du afarirako sarrerak, eta aurrez erreserba egiteko (0033) 684-22 60 82 telefonora deitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.