Euskarazko hitzekin jolasean

Lumak antolatuta, Hitz Gurutzatuen bosgarren txapelketa jokatuko da hilaren 26an Irunen

Nagore Rodriguez.
Irun
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Definizioak asmatu, eta laukiz lauki, hizkiz hizki, hitzak osatu. Taula osoa bete arte. Halaxe ariko dira Lumak antolatutako Hitz Gurutzatuen Txapelketako parte hartzaileak hilaren 26an Irunen (Gipuzkoa). Euskararekin jolasean.

Euskal Herri osoko parte hartzaileak bildu nahi dituzte antolatzaileek, hizkuntzarekin jolasteko, hitzak gurutzatzeko eta egun on bat igarotzeko. Izan ere, lehia ez ezik, ondo pasatzeko eguna ere izango da.

Aurtengo ekitaldiak berrikuntza ugari izango ditu, Iñaki Agirresarobe Lumako kideak aurreratu bezala. Tokia bera izango da aldaketa nagusietako bat. Berriro Irunen jokatuko bada ere, Bidasoako EKT elkartearen egoitza utzi, eta Meaka auzoan dagoen Ola sagardotegian elkartuko dira aurten.

Lehiaketaren atalak ere aldatu egin dira. Aurreko txapelketetan hiru proba gainditu behar zituzten parte hartzaileek finalera iristeko, baina aurten, lau proba bete beharko dituzte.

Kanporaketarekin abiatuko dute eguna, 10:00etan. Bi saio izango ditu: lehenengoan, 10x10 laukiko koadroa egin beharko dute lehiakideek, eta bigarrenean, 11x11ko taula.

Bi probetan egindako akatsak eta denbora kontutan hartuko ditu epaimahaiak finalaurrekora igaroko diren 16 lagunak hautatzeko. Finalaurrekoa gainditzeko 12x12 koadroko taula bete beharko dute. Emaitzak aztertu ondoren, lau onenek jokatuko dute finala, 13:15ean hasita.

Lehia eta festa giroa

Ordura arteko saioak mahaietan egingo badituzte ere, finala jendaurrean jokatuko dute, panel handietan. Ikusleek bertatik beratara ikusi ahal izango dute finalisten lana, haien inguruan ibili ahal izango dira. 15x15 lauki dituen hitz gurutzatuen panela betetzeko erronka izango dute lau finalistek. Aurreko probetan bezala, zuzentasuna eta lastertasuna izango dira lanak neurtzeko erabiliko diren irizpideak.

Aurtengo berrikuntzetan azkena, proben iraupena da. Txapelketako txanda bakoitzak 45 minutu iraungo du, ordubete beharrean. Hala ere, orain arte bezala, finalera iristen diren lehiakideek ordubete izango dute azken panela egiteko.

Lehia amaitutakoan jai girorako txanda iritsiko da, izan ere, alderdi ludikoa oso garrantzitsua da, Lumako kide Aitor Errazkinen arabera. Horretarako, kantu bazkaria egingo dute Ola sagardotegian bertan, eta bertsolariak ere izango dira. «Aurreko urteetan oso giro polita izan da, eta Ola sagardotegiak giro onerako aukera ematen du».

Bazkaltzeko elkartuko dira proba guztiak amaitutakoan. Eta ondoren, sariak banatuko dituzte. Berritasun garrantzitsuak egin dituzte atal honetan ere. Lehen postua lortzen duenak txapela, 350 euro eta oroigarria eramango ditu. Maddi Iza iazko txapeldunak jarriko dio txapela aurtengo irabazleari.

Bigarrenak 225 euro, hirugarrenak 120, eta laugarrenak 50. Guztiek oroigarri bana jasoko dute.

Finalaurrekoan parte hartzen duten lehiakideek (5.etik 16. postura), 20 euro eta oroigarria jasoko dituzte. Eta kanporaketan parte hartu duten beste lehiakide guztiek —17. postutik aurrerakoak— oroigarria eramango dute.

Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek izena emateko aukera dute jada, hilaren 23a arte baitago epea zabalik. Horretarako hainbat modu ditu: Luma aldizkariaren bitartez, [email protected] helbidean, edo (0034) 943-63 08 83 telefonoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.