Ekologikora bidean

Produktu ekologikoen Bioterra azokan 117 erakusmahai daude; gaur iluntzera arte egongo da zabalik

Bioterrako Eko plaza gunean landareak saltzen dituzte. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
Irun
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Poliki-poliki bada ere, urratsez urrats, bidea egiten ari da nekazaritza ekologikoa. Krisi ekonomikoak alor asko jo dituen arren, gora egin du azken urteetan nekazaritza ekologikora bildu den ekoizle kopuruak, eta, haiekin batera, baita erosle kopuruak ere. Alain Sabalza ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko teknikaria pozik ageri da nekazaritza ekologikoak daraman bidearekin: «Duela urte batzuk kaletarrak zirenak hasi ziren elikagai ekologikoak ekoizten, baina gaur egun, betiko baserritarrak ere gehitu zaizkio nekazaritza mota horri. Krisiagatik izan ez balitz, ziur nago gehiago haziko ginela».

Euskal Herriko beste ekoizle batzuekin batera, Eko plaza gunea osatu dute ENEEKekoek Bioterra azokan; han topatuko ditu bisitariak Euskal Herrian ekoitzitako produktuak. Ostiralean zabaldu zituen ateak Bioterrak Irungo Ficoba erakustazokan, eta gaur iluntzean itxiko ditu.

Bien bitartean, izango da zer ikusi, zer dastatu eta zer erosi, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien, kontsumo arduratsuaren, osasunaren eta ongizatearen topaketan. Azokaren osagarri gisa, gainera, hainbat hitzaldi prestatu dituzte, bisitariak mundu berdera gehiago gerturatzeko asmoz. Ehko: Bertako Agro-ekologikoaren nortasuna hitzaldia eskaini zuten atzo Thomas Erguy BLE Biharko Lurraren Elkarteko teknikariak eta Xabier Lejarzegi ENEEKeko zuzendari koordinatzaileak. Euskal Herriko produktuak marka edo bereizgarri berberaren barruan bildu beharraz aritu ziren.

Azoka hiru pabiloitan

Nekazaritza ekologikoaren hazkundearen adibide garbia da Bioterra azoka bera. Urtez urte handitzen ari da, eta Ficobak dituen hiru pabiloiak bete dituzte aurten 125 erakusketariek, 117 mahairekin. Hiru gunetan banatuta dago: Geobat lehen pabiloian, Naturall bigarrenean, eta Bioterra hirugarrenean.

Bigarren pabiloian dagoen Maripuri Tijeritas postuaren inguruan gazte lagun taldea bildu da, tartean, haurdun dagoen emakume bat. Oihalezko pardelei begira daude, arretaz, eta haien onuren berri ematen ari zaie Garbiñe Tolosa saltzailea. Haien ondoan oihalezko konpresei begira ari dira bi emakume; zaharrenak gazteenari azaldu dio ez dela gauza berria, garai batean halakoak erabiltzen zirela.

Toledoren arabera, gero eta jende gehiago interesatzen da berrerabil daitezkeen produktuez, «batez ere gazteak». Botatzen diren gauzei alternatiba bat bilatzeko asmoarekin hasi zen emakume eta haurrentzako osagarriak egiten: «Gaur egun gehiegi ohitu gara kontsumismora, baina badirudi gauzak aldatzen ari direla».

Naturall gunean —bigarren pabiloian—, kosmetika eta higiene naturaleko produktuak, ehungintzakoak, osagarri naturalak, terapia naturaletarako osagarriak, erremedio naturalak eta beste topatu daitezke.

Bioeraikuntzarekin zerikusia duten mahaiak daude lehen pabiloian. Han daude, besteak beste, Energiaren Euskal Erakundeak jarritako bi auto elektrikoak. Eta handik gertu daude ere EHUko arkitektura ikasleak Ekihouse etxearen proiektua bisitariei erakusten.

Terrazetan eta balkoietan baratzeak egiteko mahai laboreak dituzte Naturkaiekoek, eta baita lorezaintza eta baratzerako produktu ekologikoak ere.

Guztiek gaur prest izango dituzte erakusmahaiak, bisitariei euren mundua gerturatzeko. Arratsaldeko zortziak arte izango da zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.