Masak dio berak ez zuela agindu Brouard hiltzea

Morcillok epaileari esandakoaren aurkakoa adierazita auzia berriz trabatu daitekeela uste du Montero abokatuak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Berak ez zuela Santi Brouard hiltzeko agindu esan dio Rafael Masa Guardia Zibileko teniente koronel ohiak Ana Isabel Gasca Bilboko Instrukzioko 1. Epaitegiko epaileari. Beraz, Luis Morcillok aurreko astean adierazitakoa «erabat» ukatu du. Horiek horrela, duela hamar urte Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Masa bera, Jose Amedo polizia ohia eta Luis Morcillo Pinillos mertzenarioa absolbitzeko emandako argudioa errepikatu da, beste behin: akusatuek elkarren aurkako deklarazio kontraesanezkoak eginda auzia argitzeko asmorik ez dutela. Beraz,epaitegiak bestelako ikerketa batzuei heltzeko erabakia hartu ezean, berpiztu berri den auziak ez aurrera ez atzera geratzeko arriskua izan dezakeela ohartarazi du Txema Monterok, Brouard familiaren abokatuak.

GALek HBko buruzagi historikoa tiroz hil eta ia hogeita hamar urte igaro direnean, hirugarrenez zabaldu du auzia Gasca epaileak. Oraingoan, Amedok epaitegian jarritako salaketa baten ondotik. Polizia ohiak urte hasieran aurkeztutako salaketan, ustez Morcillorekin izandako elkarrizketa baten transkripzioak aurkeztu zituen.

Elkarrizketa horien grabazioetan, 1984ko azaroaren 20an Brouard Morcillok berak tirokatu zuela aitortzen du. Agindua Masak helarazi ziola dio Morcillok elkarrizketa horietan, eta Masari Julian Sancristobal Espainiako Estatu Segurtasunerako zuzendari nagusi zenak eman ziola enkargua.

Sancristobal, epai daitekeena

Salaketa horri heldu, eta auzia berriz ireki du Bilboko epaitegiak. Apirilaren 16an Morcillori hartu zion deklarazioa, bideokonferentziaz, eta Morcillok baieztatu egin zuen Amedok salaketan esandakoa: Brouardi tiroak berak bota zizkiola azaldu zuen, eta agindua Masak eman ziola, baina hilketa Sancristobalek prestatu zuela. Bai Morcillo eta bai Masa 2003an epaitu eta froga nahikorik ez zegoela argudiatuta absolbitu egin zituztenez, ezin dituzte berriz akusazio beragatik epaitu.

Estatu Segurtasunerako zuzendari nagusi zen Sancristobalek HBko buruzagiaren aurkako atentatuan zerikusirik izan zuela esateko zantzurik izatekotan, berriz, epaitu ahalko litzateke Sancristobal. Auzipetuta egon zen PSOEren gobernuko kide zena, baina hilketan nahastuta egon ziren gainontzekoek emandako bertsioak erabat kontrajarriak izan zirela-eta, epaitu gabe atera zuten auzitik. Hortaz, ez legoke orain epaitzeko lege eragozpenik.

«Harreman pertsonala»

Masak, ordea, ukatu egin ditu Morcilloren adierazpenak. Berak Brouard hiltzeko agindurik ez zuela eman adierazi dio epaileari, eta, beraz, Sancristobalek ere ez ziola berari halako eskaerarik egin. Morcillo aspalditik ezagutzen duela onartu du Cadiztik bideokonferentziaz egindako deklarazioan, baina harekin zuen harremana «erabat pertsonala» zela.

Entzundakoak entzunda, auzia berriz ere artxibatzeko arriskua sumatzen du Txema Montero abokatuak. «Morcilloren adierazpen irmo bat dago, eta beste bat Masarena, kontrako zentzuan. Epaileak deklarazioei soilik jarraitzen badie, ezingo da askoz aurrerago joan. Epaileak beste diligentzia batzuk egitea erabakitzen badu, agian, aurreratuko dugu zerbait gehiago», adierazi die Monterok berri agentziei. «Baina, momentu honetan, auzia irteerarik gabeko kale itsu batean dago».

Abokatuak azaldu duenez, zenbait froga egiteko eskaerak atzera bota dizkio epaileak. Horien artean, «erreferentziazko lekukoak», zein «dagoeneko auzipetuta egon zen beste lekuko zuenen bat». Monteroren hitzetan, «lekuko horiek zeharkako arlo batzuk argitu ahalko lituzkete: nola prestatu zen Brouarden hilketa eta horretan nahastuta zeuden zenbaitek nola hartu zuten elkar Justiziaren lana oztopatu eta lekuko batzuen deklarazioak aldatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.