Alternatibak etzi erabakiko du Europako bozen inguruan

Zuzendaritza berria aukeratu eta 2014ko hauteskundeei begira duen jarrera zehaztuko du Nazio Batzarrean

Diana Urrea, Oskar Matute eta Josu Estarrona, atzo. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Alternatibak ez du ohiko alderdien funtzionamendu zurruna. Afiliatu guztien artean hartzen ditu erabaki nagusiak, eta sei hilean behin egiten du hartarako Nazio Batzarra. Koordinakunde Nazionala hiru urtean behin berritu behar dela jasotzen dute haren estatutuek. Eta iritsi da horretarako garaia. Hiru urte dira egungo zuzendaritza osatu zenetik, eta berritzeko garaia heldu zaio. Larunbatean egingo du hartarako Nazio Batzarra, Bilbon.

«Unean uneko erabakiak hartzen dituen organo delegatua» da Koordinakundea. Oskar Matute eta Diana Urrea alderdiko bozeramaileek azaldu dutenez, bederatzi kidek osatzen dute, eta «erakundearen norabidea egunerokoan zehazteko lana» egiten dute. Alderdiaren bozeramaileek jakinarazi dutenez, beharrezko genero eta lurralde irizpideak betetzen dituen hautagaitza bat, behintzat, izango da batzarrean. Gaur-gaurkoz aurkeztu den hautagaitza hori bost emakumek eta lau gizonezkok osatzen dute, eta pertsona bakarrak errepikatzen du hautagaitzarako. Matutek zehaztu duenez, bozeramailea ez da egungo koordinakundeko kide, eta hemendik aurrera ere ez da izango. Beste bozeramailea, berriz, Urrea, datozen hiru urteetarako hautagaitza aurkeztu duen taldearen zerrendan dago.

Baina ez da hori izango batzarrak larunbatean hartuko duen erabaki garrantzitsu bakarra. Aurrera begira nola jardungo duen ere erabakiko du. Datorren urtean egingo diren Europako hauteskundeetan parte hartuko duen edo ez zehaztuko du, eta egitekotan nola egingo duen. Matutek argitu duenez, gaur-gaurkoz inork ez du zalantzan jartzen EH Bildu koalizioaren baliagarritasuna, baina militantziak erabakiko du Europako bozei begira hala aritu nahi duen edo ez.

Europa, «estrategikoa»

Nolanahi ere, Europan jardutea «estrategikoa» iruditzen zaiela adierazi dute bi bozeramaileek; garrantzitsua dela «burujabetza aldarrikatzeko», baina baita «ezker alternatiboaren aldeko apustua egiteko» ere: «Herritar burujabeak behar ditugu, egungoarekin oso bestelakoa izango den Europa berria eraikitzeko», esan dute eztabaidaren ardatznagusien gorabeheren berri emateko.

Beste lan ildo bat indartzea ere izango du erronka Alternatibak larunbatetik aurrera. Kurtso politikoa gogorra izango dela aurreikusita mobilizatzea premiazkoa dela dio. «Erasoen aurrean ez daitezela geldi geratu» eskatu die herritarrei; «aktibatzeko». Lan erreforma zein abortuaren legea moduko neurrien aurka kalera ateratzea «ezinbestekoa» dela ohartarazi du. Eta, erabakitzeko eskubidearen alde Katalunian mobilizatu direnen ereduari jarraituta, «erasoen kontrako harresiak» aldarrikatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.